Neo

Aznar-neocon

Zenbakiek xarma berezia dute, neurri finkoen lilura, gauza objektibo aldagaitzen distira. Normalean, halere, izen magiko baten laguntza behar izaten dute bilaturiko eragina erdiesteko: ez dakit zenbat milioi euroko inbertsioa, hainbat milioi euroko gastua. Numeroek euskarri irmoa ematen diete erabaki guztiz subjektiboei: jendeari kopuruak abiapuntuan zirela kontatuko zaio (zifretan oinarrituta murriztu dugu lanpostua, ez da gure errua, erranen dute), baina maiz a posteriori etortzen dira a priori hartutako deliberoak justifikatzera.

Neoliberalismoak zenbakien inozentzia hotza aipatzen die etengabe bere bezeroei, etekinen ederra –guti batzuei–, arrisku sariaren mehatxua eta aurreztu beharra –gehienei–: azken hauendako (numeroek, errana dugu, laguntza pixka bat behar izaten baitute nahi den efektua lortzeko), fabula moralak ere hedatu ditu neoliberalismoak: gure baliabideen gainetik bizi izan gara, zenbaitek estatuaren bizkar bizi nahi dute, nork bere biziaren ardura hartu behar du… Baina ustelkeriaren urrin txarra zabaldu ahala (kiratsa zifretan adierazgaitza den arren, eragin errealekoa da, franko nabaria baita herritarren sudurretan), neokontserbadurismoak bere poesia ekarri behar izan du, hizkuntza bakar batean ikasten duen eta abortatzen ez duen nazio sendo eta kristauaren poesia hain zuzen.

Espainian, esposatu egin dira bi neo horiek, neoliberalak eta neokonak, eta dagoeneko familia izan dute, bertze neo bat: neofrankismoa, eusko labeleko esne beltzarekin eta pa amb tomàquet ustelduarekin elikatua. Eta horrela, zenbakiek, pertsona gramatikalen laguntzarekin, beren magia egiten segitzen ahal dute: sei milioi langabetik goiti badira, baina zenbat futbol txapelketa irabazi ditugu? Inbidia digute, zenbakitan neurtzen ahal ez den inbidia.

Iruñea (1972). Historia ikasi nuen, euskara irakasten dut.