Esan gabe geratu direnak
http://alteretaego.wordpress.com
- Argazkia: Dena dioten begiradak
Egilea: Mr. Chopski
Artxibo mota: JPEG
Neurria: 4288×2848 px (3:2)
Sortze data: 2012/07/14
Latitudea: 42º 51,046´ N
Longitudea: 2º 40,333´ W
Kamera: Nikon D90
Objektiboa: AF Nikkor 50mm f/1.8D
Distantzia fokala: 50mm
Irekidura: f2,8
Esposizio denbora: 1/160?
Sentikortasun eskala: 800 ISO
Flasha: –
Alter dixit.
Nahi baino gehiago luzatu zaizkio atzeratutako zenbait lan, eta ohi baino beranduago iritsi da ostiral arratsaldeko hitzordura gaur Jon. Leirek, dagoeneko, bakarrik hasita edukiko du ostiral arratsaldero elkarrekin egiten duten lo-kuluxka.
Etxera sartu eta Leireren telefonoa dago sukaldeko mahaiaren gainean. Aspaldi hartu zuten bertan uzteko ohitura, ordu bi horietan inoren deirik jaso behar ez izateko. Egoera aprobetxatuz, Jonek ezin izan du WhatsApp-ean saltseatzeko aukera galdu, aspaldi honetan, bizitako zenbait egoera bitarte, artega baitabil.
Azkenengo solasaldia bere lagunik onenarekin izan du. “Dena prest gaur gauerako: afaritarako lekua erreserbatu dut eta gero kontzertua” zioen Leirek. “Ea gaur eskatzen dizun… Zorte on!! ” erantzuten zion lagunak. Leire zen, koadrilan, ezkondu gabe geratzen zen bakarra.
Gaur betetzen dute urte bete elkarrekin, eta bost hilabete elkarrekin bizi direnetik, baina dena azkarregi igaro denaren ustea du Jonek: hasierako beroaldiak, sabeleko tximeletak baina, batez ere, elkarrengana ohitzeko prozesua. Arropak erantzi eta ohera iritsi denerako, lo aurkitu du Leire. Azken aldian ohi duten bezala, ohearen alde banatan igaroko dute hurrengo ordua, elkarri ipurdia emanez. Zazpiak arte, lasai.
Baina Jon ez dago hain lasai. Sei eta erdiak jo berri daudela, Leire bila hasi da. “Berandu da honetan hasteko” izan dira goizean etxetik atera zenetik zuzendu dizkion lehenengo hitzak. “Gero ere badago honetarako astia” esan dio, kuleroak jaisten hasi zaionean. “Asko falta al zaigu?” bota dio handik minutu batzuetara. Dutxa bana eta Gasteizerako bidea hartu dituzte.
Ederra da, benetan, Leirek afaritarako aukeratu duen lekua. Afaria ere ederra dago, eta baita Leire bera ere. “Sorpresatxo bat dut zuretzat” esan dio Joni, postrea iristearekin batera. “Napoka Iria ikusteko sarrerak erosi ditut, badakit gustuko duzula eta”. Hitzok bukatzearekin batera, aspaldi ez bezalako musu bat jarri dio ezpainen erdi-erdian.
Egia esan, bikain doa kontzertua. Eguraldiak eta lekuak ere, Gasteizko Andre Mariaren katedraleko atariak, asko laguntzen dute. Baina beste nonbait dabiltza Jonen burutazioak. Leire, aldiz, inoiz baino maitekorrago dabil, momentu oro bere mutilaren sorbaldan burua jarriz.
Etxerako bidean doazela, “agian orain eskatuko dit” pentsatuz dator Leire. “Agian orain bota beharko nioke” pentsatuz dator Jon baina, konturatzerako, garajeko ateko mandoa du eskuetan.
Igogailua hartu eta etxera igo dira. Balkoirako bidea hartu du Jonek, “azkenekoa erreko dut, ongi?” esanez. “Bai, ohean nago” esan dio Leirek. “Oso ondo dena baina, antza, ez da ausartu” idatzi dio erdi ezkutuan lagunari, “kontatuko dizut bihar”.
Bitartean, Jonek, zigarroaren keak marrazten dituen formei begira, hitzik egokienak aurkitu ezinean darrai: nola esan, hainbeste maite duzunari, beste neska bat ezagutu duzula duela bi hilabete?
Ego dixi.