EITBrako Maite Iturbe proposatu du orain EAJk, PSEri Otamendi gustatzen ez zaiolako

hautagaiakEAJk Maite Iturbe (Arrasate, 1960) EITBko ekoizpen zuzendaria proposatu du komunikabide publikoaren buruzagi berri gisa. PSEk Jaime Otamendiren aukera baztertu ostean egin dute jeltzaleek saiakera berria. Biharko legebiltzar saioan nahi dute Iturberen izendapena behin betiko onartu.

Alberto Surioren, hots, PSE-PPren aginduetara jarritako pertsonaren 2009ko izendapena lau urtean biziki kritikatu ostean, EAJ Lopezi erreguka ari zaio. Publikoki lehenbiziko ezezkoa jaso dute jeltzaleek: Jaime Otamendi. PSEri kazetariaren profila ez zaio gustatu, eta besterik gabe albo batera utzi dute jeltzaleek. Diotenez, Lopezek Otamendiri ez dio barkatu lehendakari bihurtu zenean egin zion “elkarrizketa gogorra”. Ondorioz, negoziaketan dabilen Jose Antonio Pastorrek beste buru bat eskatu dio Joseba Egibarri. Baita honek eman ere. Oraingoan EAJk Maite Iturbe eskaini die sozialistei. Zuzendaria Iturbe edo beste bat izan, argi dagoena da Lopezen alderdiak gustuko duen pertsonak beharko duela izan zuzendari nagusi berria.

PNV-Joseba_Egibar-PSE-EE-Jose_Antonio_Pastor-Pais_Vasco-partidos_politicos_MDSIMA20130223_0058_9

Pertsonen truke gordin honetatik haratago, EAJk eta PSEk ez dute argitu zein izango den EITBk hartuko duen bidea. Hedabidearen etorkizunak kezkatuta pertsonen aurretik eredua zehaztea eskatu duten eragileei entzungor egin die negoziatzaileek. Orain arte zabaldutako informazioak erakutsi du kromo aldaketara mugatzen dela negoziazioa, EITBz gain Arartekoan eta Kontu Auzitegian ere izendapenak egin behar baitira. Ez PSEk ez EAJk ez dute ezer aipatu zuzendarien proiektuei buruz. Aldiz, jakina da alderdi eta hautagai bakoitzaren filiak eta fobiak izaten ari direla negoziazioaren muina. Hau guztia hala izanik ere, EAJk eta PSEk EITB “kalitatezkoa eta profesionala” dutela helburu aldarrikatzen dute.

1984 urtetik dabil Iturbe EITBn lanean. Ekoizpen zuzendaria izateaz gain, Miramongo egoitzako buru ere bada, eta hedabideek zabaldutakoaren arabera “zintzoa eta zenbakiekin zorrotza” da. Bihar bertan nahi du EAJk legebiltzarrean onartu Iturberen izendapena, eta horretarako PSEren baietzaren zain dago. EAJk soilik PSErekin erakutsi du adostasunerako jarrera. Hala, Eusko Legebiltzarreko bigarren indarra, EH Bildu, kanpotik ikusten ari da Egibar eta Pastorren artean gertatzen ari den negoziazioa.

Maite Iturbe EITBko buruzagiekin, Ortuzarren garaian
Maite Iturbe EITBko buruzagiekin, Ortuzarren garaian

EITBko langileentzako eta gizartearentzako oro har ikuskizun erakargarria bezain tristea da hedabide publikoaren zuzendari nagusi berriaren izendapenaren afera. Hori baino larriagorik bada ordea: EITBren aurrekontua %20 murriztuko duela jakinarazi du Iñigo Urkullu lehendakariak eta hedabide batzuek zabaldu dutenez, EITBn 300 pertsonarentzako erregulazio espedientea gauzatu daiteke datotzen hilabeteetan. Dirudienez, hasieran EAJk eta PSEk hitzartu zuten Mikel Agirreren ukoaren arrazoi pertsonalen atzean  aurrekontuaren mehartzeak dakarren ‘marroia’ dago.

 

 

eitb

Ez naiz bakarra, asko naiz ni. Batean. Hori bai, begi-belarrietatik elikatzen naiz.

4 pentsamendu “EITBrako Maite Iturbe proposatu du orain EAJk, PSEri Otamendi gustatzen ez zaiolako”-ri buruz

  • Donostiarra 2013-03-04 19:39

    Berriro ere, PNV makurtuta, espainolen agindutara, hauek bizkarrean maite maite egiteko desiatzen.

  • Eta ze postu trukatu ditu PPrekin Uriarte Andereak errateko LOMCE legea kentzea ez dutela eskatuko? Alde biko elkarrizketa izatea nahi dutela.Ze demontre erran nahi du horrekin?

  • zorrozkiloa 2013-03-05 02:21

    “300 pertsonentzako” gaizki dago, “300 pertsonArentzako” behar du (ETBn 300 baino ez baleude bai, baina langile guztietatik 300 aipatzen ditu, zati bat alegia)

  • Alpargatero 2013-03-05 15:39

    Gaur goizean EAEn gehiengo abetzalea dagoela entzun dut irratian. Gehiengo abertzalea? Non ikusten da hori? PNV, quo vadis?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude