Non dago azukrezko gizona?

“Orduan konturatu nintzen hau ez zela sekula gertatu, eta ez dela berriz sekula gertatuko”, dio Sugar man musikari “ezezagunaren” kide batek Searching for sugar man Malik Bendjelloulek zuzendu filmeko une batean. Egia osoa. Oscarrak ikusteko zain ginela gomendatu zigun filma Ricardo Aldarondok, Juan G. Andres eta bioi. Baina ez genuela jakin behar zeren inguruan den. Dokumentala izateaz gain thrilerra ere badela eta abar. Zenbat misterio ezta? Bada, ikusteko intentzioa baduzu ez segi irakurtzen, spoilerra dator eta.

Detroit inguruetako kitarra jole ezezagun baten diskoa Hego Afrikara iritsi zen behinola. Estatu batuar baten maletan. Eta baita ahoz aho, eskuz esku, irrati uhinetan barrena fenomeno bat bihurtu ere. Rodriguezen musika iraultzailea zen Apartheidaren lurretan. Zentsuratzeko saiakerak egin baziren ere, etxe guztietan entzuten zen Rodriguezen ahotsa. Bere ‘Cold fact’ diskoaren milaka ale saldu ziren. Detroiteko tabernetan jendeari bizkarra emanez jo eta abesten zuen musikari ezezagun hura, jainkoaren pare zen Hego Afrikan. Berak deus ez zekien ordea, hor dago koxka.

Mito bihurtutako abeslari hura, ustez hilda zegoena, kazetari baten ikerketa lanari esker nola berpiztu zen kontatzen du Searching for sugar man-ek. Nola ustez bere buruaz beste eszenatokiaren gainean tiro batez egin zuen artistak, hegazkina hartu, eta herri oso baten harridurarako berriz kitarra hartu zuen 20.000 lagunen aurrean. Lau katuri bizkarra emanaz jotzetik, estadio batean jotzera. Anonimo izatetik, “Elvis baino” ezagunago izatera. Istorio ezin sinestezinago honek ematen dio duen balioa dokumentalari. Bendjelloul zuzendariaren gabeziak ez nabaritzeraino eman ere. Izan ere, dokumentalak gehiegi du protagonistaren gorespen interesatutik, eta gutxi ikerketatik. Planteatzen duen eztabaidagai garrantzitsuenaren inguruko, egile eskubideen inguruko, hausnarketa gutxi dakar filmak. Ez du argitzen nor aberastu zen Rodriguez gaixoaren kontura. Ez du esaten nork ez zuen nahi Rodriguez arrakastaz jabetzea. Nork asmatu zuen heriotza mitiko hura, nork hil zuen Hego Afrikan Sixto. Ez du deus argitzen. Soilik istorio harrigarria dakar pantaila handira.

Hori bai, ez dauka preziorik Rodriguezek 20.000 pertsonaren aurrera oholtzara irtetzean jartzen duen aurpegiak. Ezta ere pelikularen soinu bandak, artista beraren abestiek. Edonori gallina de piel jartzeko moduko uneak ditu. Zalantzarik gabe, ikusteko dokumentala.

 

dokumentala, musika
Oier Aranzabal

ZuZeuko erredakzioko koordinatzailea. Ekaitza bainuontzi batean.