Ez zaizkit ipuinak gustatzen

http://alteretaego.wordpress.com

 

Argazkia: Babesa
Egilea: Mr. Chopski
Artxibo mota: JPEG
Neurria: 4288×2848 px (3:2)
Sortze data: 2010/07/26
Latitudea: 43º 25,279´ N
Longitudea: 2º 43,508´ W
Kamera: Nikon D90
Objektiboa: AF Nikkor 50mm f/1.8D
Distantzia fokala: 50mm
Irekidura: f1,8
Esposizio denbora: 1/125?
Sentikortasun eskala: 400 ISO
Flasha:

Alter dixit.

Bazen behin, orain denbora asko, erresuma txiki baina aberats bat. Bertako lurrak bikainak ziren uztarako, eta bertako jendea pozik bizi zen euretatik bizimodua atereaz. Ez ziren berehalakoan aberastuko, behar bada, baina bizitzeko lain eskaintzen zien bizitzak.

Baina aurreko erregea zendu zenetik, gauzak asko aldatu ziren erresuman. Eta ez, inondik inora, errege zaharra ikaragarri gobernatzaile zuhurra zelako, egiten uzten zuelako baizik. Argi zuen bere erregealdiko goiburuak zein behar zuen izan: “zuek egin ezazue ahal duzuena nik, bitartean, nahi dudana egingo dut eta”.

Errege berriak, bizar ile urdindun errege maltzurrak, ez zuen inoiz bere herriaren estimu handirik ezagutu. Egia da ez zuela eginahal berezirik egin hala izan zedin. Baina aspaldi honetan, gainera, ematen zuen bere xede bakarra jauregiko balkoira irten eta han behean ikusten zituen jopuak zapaltzea zela.

Gortea bera bezalako dozena bat zaldun ankerrek osatzen zuten, herritarren artean gorrotoa eta ezinegona zabaltzeaz arduratzen zirenak.

Noizean behin, inguruko erresuma guztietako agintariek bilerak egiten zituzten, elkarren arteko liskarrak konpondu eta bakoitzaren botere kuotak birfinkatzeko asmoz. Bere herritarrek ez eze, inguruko erresumetako agintariek ere mesfidati begiratzen zioten errege bizar ile urdindunari. Eta bera ere ohartu zen hortaz: bilera bakoitzetik amore emate txikiren bat eginda ateratzen zen azkenaldian.

Bere haserrea baretzeko edo, jauregira iritsi bezain laster, lege berriak onartzen zituen, beti ere, herri xehearen kaltetan. Azkenengo bileratik itzultzerakoan, adibidez, meneko bakoitzak lursailen hamarrenak koroari ordaindu behar zizkiola agintzen zuen legea onartu zuen.

Baina bere maltzurkerian, ez zen ergela erregea. Beste agintariekin zituen bileretan erabakiak aurretiaz hartuta zeudela nabaritu zuen. Hori frogatzeko, urteetan horrelako lanetarako hezita zuen txori mezularia erabiliko zuen.

Hurrengo bilera iritsi baino egun bi lehenago, txori mezularia askatu eta zain geratu zen. Bilera ofizialerako ordu gutxiren faltan txoria bueltatu zen, eta erregearen susmoak baieztatu zituen: erabiltzear zeuden mahai biribilaren antzerako batean hiru solaskide entzun zituen hurrengo bilerako gai-zerrendako erabakiak banan-banan adosten.

Susmoak susmo, eta baieztapenak baieztapen, erregeak argi zuen urteetan zehar antolatu zuen gobernatzeko sistema mantentzeko bere jendea zapaltzen jarraitzea zela biderik egokiena. Horrexegatik, bileratik itzultzen zenerako, bazekien bere gorteko zaldunekin adostu beharko zuela beste…

Ohartu orduko, mutikoa aitaren besoetan lokartu da. Izugarri maite ditu ipuinetan agertu ohi diren antzinako erresumak, errege zahar eta bizardunak, nobleen mahai biribilak, txori mezulariak eta lursailen lapurretak.

Eta hobe horrela. Koskortuko baita, tamalez, eta ezagutuko baititu ipuinetatik ateratakoak diruditen benetako Espainia, Zapatero eta Rajoy, auskalo non biltzen den troika, bankari ahaltsuenak eta aparteko ordainsarien galerak.

Eta orduan, kontatzen dizkioten ipuinak ez zaizkio horrenbeste gustatuko.

Ego dixi.