Hurrengo greba, igandez

http://alteretaego.wordpress.com

 

Argazkia: Bakea guztiontzat!
Egilea: Mr. Chopski
Artxibo mota: 35 mm-ko filma
Neurria: 4288×2848 px (3:2)
Sortze data: 2005/04/14
Latitudea: 43º 11,057´ N
Longitudea: 2º 28,372´ W
Kamera: King Regula IIIa
Objektiboa: Steinheil Cassar 45mm f/2.8
Distantzia fokala: 45mm
Irekidura: f5,6
Esposizio denbora: 1/125?
Sentikortasun eskala: 400 ASA
Flasha:

Alter dixit.

Pozik behar dute egon nirekin Giza Baliabideetakoek, hirugarrenez urte batean. Lehendik ere nahiko merke aterako ez banintzaie bezala, oparitzen diedan hirugarren jornala izan da, urte batean, joan den astekoa.

Hori bai: ez pentsa ni lanera ez joateak enpresari inolako kalterik eragin dionik. Are gehiago, dirua irabazi du: joan banintza beste produzitu du eta, gainera, niri lanegun horrengatik ordaindu beharreko lau sosak aurreztu ditu. Negozio biribila patronalarentzat!. Beste kontu bat izango zen denok hautu bera egin izan bagenu baina, tamalez, garai horiek joan ziren eta, antza denez, betirako.

Dena den, greba orokor atipikoa izan da azkenengoa. Europa mailako lehenengo greba bateratua izateko, inoiz baino denda, enpresa eta administrazio gehiagok egin dute lan normaltasun osoz.

Hain urruti ere ez dauden garaietan grebak, nola bestela, langileen eskubideen defentsa aldarrikatzeko eta borrokarako tresnak ziren. Sindikatuek, langileon bozek, lan eskerga egin dute orain egun batzuetara arteko eskubideak lortzeko bidean. Baina bukaerarik antzematen ez zaion krisi sistemiko honek, nik uste, sindikatuak ere lardastu egin dituela, zertarako sortu ziren eta zer bilatzeko dauden ere ahazteraino.

Euskal Herrian, nire esparruan, lau sindikatu nagusietatik bi (UGT eta CCOO) izan dira greba deitu dutenak. Deitu ez duten beste bietako (ELA eta LAB) bateko afiliatua naiz ni, zeinetakoa aitortuko ez badut ere, bokalez hasten ez denekoa.

Goikoek xedatzen dutena betetzera ohitu garen garaiotan, noski, grebarik ez egiteko asmoa nuen. Baina ez nintzen neure buruarekin gustura aurkitzen. Onak omen dira barne-gudak, eta hasi berri nuen nik neurea gai honen inguruan.

Ahoa betean esan ohi dugu, maiz, gure herriak duen arazo nagusia dela guztia politizatzen digutela: euskara, kultura, abertzaletasuna… Eta hara, gu ere, antzera: aldarrikapen sozial bat beharko lukeena politizatzen, gu Espainia ez garelako. Baina Europa bai, edo ez?

Izan ere, funtsean, aurreko grebako arrazoi berdinak ziren oraingoa legitimatzen zutenak, hots, langileok eta langabetuok bizi dugun egoera kaskarra. Orduan, duela bi hilabeteko arrazoiak balekoak baziren, zer aldatu da oraingoak balekoak ez izateko? Gure eskubideen zapalketa bada guztiaren gakoa, ezer gutxi.

Horregatik hain zuzen ere, nik, greba egin dut. Greba aktiboa, gainera. Ganbaratik gotzain jantzia, mitra eta makulua jaitsi ditut eta kalera atera naiz predikuan. Langileok erakutsi beharreko batasunaz, gure bizitzako esparru desberdinen despolitizazioaz, sindikatuetako goi-karguen erabakien aurka altxatu beharreko ahotsaz…

Asteazkena zen, baina, eta ez gaude ohituta igandeak ez diren egunetan elizgizonen sermoiak entzutera. Jende-multzoak inguratu egin nau eta zenbait argazki ere atera dizkit.

Hortaz, hurrengo greba, igandez. Horrela, agian, nire mezua norbaitek kontuan hartuko du.

Ego dixi.