ABC, La Razon eta El Mundo nor baino nor zezenak eta Bildu portada berean nola lotu

Oraindik ez badakizu, azken egunetan Espainiako ABC, La Razon eta El Mundo egunkariek dogma berri bat ezarri dute: Abertzaleak zezenketen aurka daude festa espainiar bat delako. Eta, horri buelta emanda: zezenzaleak espainiarzale amorratuak dira. Hori horrela da. Bildukoa zarela eta zezenzalea? Espezie bakana zara, agian aurpegia estalita elkarrizketa egingo dizute hiru hauetakoren batean.

Hortik aurrera irudimena hegan jartzea da Bildu eta zezenak esaldi berean jartzeko behar bakarra. Pitokeria galanta dirudi, baina ez pentsa: Espainia mailan egunkari horiek erosten dituztenek gai hori dute azalean. Bai, bai, ekonomikoki hondoa jotzen ari den estatu horretako azalak Euskal Herriko zezenketen gainean dira. Tematzen ari dira gaiari itzulinguruak ematen. “Abertzales radicales” betetako herri honetan gehiago omen dira zezenzaleak abertzaleak baino. Datu estatistiko fidagarria honakoa: 300.000 euskal herritar izan dira zezenetan eta Bilduk ez du hainbeste boto lortu (EAE kontatzen dute). Txundigarria benetan. Oraindik konturatu gabe ginen gurean zezenketak azken moda direla, Trending Topic dira zezenak! Plazak gainezka, ezin kabitu jendea, toreatzaileak ikusteko sarrerak agortuta denean, “reventa” nonahi. Bitartean, Bilduko hautesle guztiak (Zestoan %60arekin zezenen alde egin zutenak ere bai) zezenketen aurkako eraso etengabean, debekua debekuaren gainean. Hain da horrela Barne Ministroak erbesteratu gisa kontsideratuko dituela zezenzaleak.

Mesedez, ABC, La Razon eta El Mundo. Ez etsi. Zuen surrealismo dosia behar dugu bizitzeko. Kazetaritza omen. Serio Demonio. Olé.

6 pentsamendu “ABC, La Razon eta El Mundo nor baino nor zezenak eta Bildu portada berean nola lotu”-ri buruz

  • Esamolde zuzena “nor baino nor GEHIAGO” da. Hau da, ABC, El Mundo eta La Razón norgehiagokan ibili dira, ezta?

    • Jasone, beharbada izenburuak kakotxen bat behar din argiagoa izateko, baina ez dinat uste “nor baino nor” gaizki erabilita dagoenik. Adibidez: “hor ibili dira bi txirrindulariak, nor baino nor, baina azkenean Indurainek irabazi du etapa”.

    • Hara, Euskaltzaindia eta UZEIren artean egindako euskaracorpusa.net webgunean topatutako adibideak:

      ” 1. 1969-1990 Gipuzkera Saio-liburuak J.L. Iriarte 0157
      Apustua sustraitzat dualarik, euskal laisterkari bi nor-baiño-nor ariñeketan abiatzen diranean, ba-dakite garaille ez iristekoz, galtzaille elduko dirala izendatutako jomugara.

      2. 1991-1999 Sailkatu gabeak Egunkariak Egunk 1997 0019
      09:30etan irtengo dira Elite eta Sub-23 mailako txirrindulariak, eta 122 kilometroko ibilbidea izango dute nor baino nor aritzeko.”

      • Milaka adibide aipa ditzakezu, baina horrek ez du esan nahi zuzenak direnik. Gaur egun, komunikabideek barra-barra erabiltzen dute horrela, batez ere kirolen arloan (norgehiagokak dauden arloan). Belarriko mina ematen dit, benetan.
        Hara, Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuak zer dioen, “zein” bilatuz gero:
        “zein baino zein… -ago”
        Izan ere, zertarako behar duzu “baino” partikula? Bada, A eta B konparatzeko. Baina, konparazioaren mamia behar dugu: zein da azkarragoa, guapoagoa, listoagoa…?
        Beste adibide bat (Hiztegi Batua):
        “bat etorri ziren, nor baino nor amorratuago, Larramendiren kontra”

        • Baina hizkuntzaren gramatikarekiko zuzentasun zorrotzaz gain, bazauden hizkuntzan bestelako baliabideak: adibidez, elipsia. Eta izenburuaren kasuan, ez din konparazioaren mamirik behar, erabat ulergarria dun. Beharbada nor-baino-nor esamoldea berria izango dun, baina arina dun, ez din erderen usainik eta erabilerak zilegi egiten din. Hizkuntzak bizirik zauden, zorionez, eta ez ditun hiztegi eta gramatika liburuetan hiltzeko jaioak.

          • Noski, eta esamolde horren azpian elipsia dago: nor baino gehiago (izan nahian) aritu dira Olaizola eta Irujo.