Wikileaks; Julian Assange: Ekuadorrera ihesa edo Scotland Yardek ehiza

Ekuadorreko enbaxadaren atetzarrak irekiko dira laster. AEBtako gobernuaren ankerkeriak mundu osoaren aurrean biluztu zituen hackerra doa auto ofizial tindatuan. Unearen zain dauden Scotland Yard-eko agenteek agindua jaso dute. Erresuma Batuko, Suediako, Estatu Batuetako eta Ekuadorreko diplomazia etxeetan telefonoak eskegita daude, Londresetik txirrinak noiz joko zain.

2010 urteko azaroan eta abenduan ez zegoen beste hitzik telebista, egunkari eta irratietan: Wikileaks. Julian Assange buru zuen elkarteak milaka dokumentu sekretu zabaldu zizkion munduari, nazioarteko mailako prentsa indartsuenaren konplizitatearekin: The New York Times, The Guardian, Le Monde, Der Spiegel eta El Pais. AEBtako gobernuren gezurrak, trikimailuak eta torturak utzi zituen argitan filtrazioak; Iraketik Afganistanera. Adibide bat: Iraken AEBtako armadaren helikoptero batek hamaika zibil hil zituen, tartean Reuters-eko kazetari bat. AEBk ukatu egin zuen sarraskia eta eraso bati erantzun egin ziotela esan zuen. Wikileaksek gezurtatu zuen hori: odol hotzean hil zituzten (bideoa behean). Bigarren adibidea: Guantanamoko infernuaren informazioak baieztatu egin zuen Kubako irlako ziegetatik zetorren kiratsa oso erreala zela.

Filtrazioaren egunetik, 2010eko azaroaren 28tik, bi urte pasatu ez direnean, era guztietako presioak eta itotze ekonomikoa jasan ostean, Julian Assange Ekuadorrek Londresen duen enbaxadan dago babestuta. Izan ere, Erresuma Batuak Suediako justiziaren esku utzi nahi zuen Assange, ustezko bortxaketa bat dela medio galdekatu nahi dute eta. Inork ez du sinesten aitzakia hori: Assange lurpean ezkutaturik nahi dute, isilpean. Orain arte mugitu beharreko hauts guztia harrotu dute hari ikusezinek, Assange paretaren kontra jarriaz.

Suediara bidaliz gero, nahas mahas diplomatikoa gorabehera, AEBtako gobernuaren hatzaparretan amaituko luke Assangek. Estatu Batuetan ez dira bigunkerietan ibiltzen, Wikileaks berak erakutsi zuenez, eta “nazioari traizioa” eta espioitza egotzi nahi diote. Heriotza zigorra eredugarria litzateke zalantzarik gabe AEBtako zutoin politiko eta diplomatikoak dardarka jartzeko atrebentzia izan zuen gaztearentzat. Legalitatez ezkutatutako “giza ehiza” ekin dute 2010 urtetik Assangeren aurka. Gudu gehienak galdu dituen Assange harrapakin preziatua bihurtu da. CIAri adarra jo zion Assangek, magialaria bailitzan, azken karta du orain jokoan: Ekuadorrera ihes egitea erbesteratu politiko gisa.

Igandean amaituko zaio Julian Assangeri Ekuadorreko enbaxadan babesa izateko bi hilabeteko epea. Enbaxadatik irten egin beharko du, baina nora? Aukeretako bat da Scotland Yardek berehala atxilotzea, bestea, Ekuadorrerako hegazkina hartzea. The Guardian egunkariaren arabera, Rafael Correa Ekuardoko presidenteak babes politikoa emango dio Assangeri “pertsekuzio politikoa” pairatzen ari dela eta heriotz zigorrari aurre egin behar izan diezaiokeela argudiatuz . Baina, zer gertatuko da enbaxadatik aireportura bidean? Frederyc Forsyth idazlearen eleberri bateko istorio baten osagai guztiak ditu, baina oraingoan guztiz erreala da.

Hans Crescent kaletik oraindik jakin ezin den aireporturako bidea ezustez betetako bidaia izango da Julian Assangerentzat. Erresuma Batuak Ameriketako Estatu Batuetako lehengusu nagusiaren aldean ezin du porrot egin. Enbaxadatik hegazkinaren eskilaretara bidaia patxadatsuak barregarri utziko luke Londres. Bestalde, polizia britainiarrek Ekuadorrek Assangeri eskainitako babes politikoa urratzen badute Hego Amerikako estatuaren umiliazioa diplomatikoa ekarriko luke, eta, baita, oro har, ezkerreko gobernuen galera sinboliko bat. Gerra diplomatikoa eta politikoa. Ez al da Assange ajedrez mahaiko pieza kaskar bat baizik?

Irudimenari uko egiteko osagai interesgarriegiak ditu Julian Assangeren kasuak.

Kazetaria. Ezagutu, ulertu, kontatu. @inakilarra

Zer duzu buruan “Wikileaks; Julian Assange: Ekuadorrera ihesa edo Scotland Yardek ehiza”-ri buruz

  • Amonamantangorri 2012-08-20 17:05

    Kontakizunaren azpitrama bat: Hainbat hedabidetan zabaldu denez, Alexander Barankov bielorrusiar errefuxiatu politikoa Kitoko kartzela batean preso omen dago, herrialde horretako Auzitegi Gorenak haren kasua berrikusi eta Bielorrusiara estraditatu behar den erabakitzen duen bitartean. Barankov hiru urtez bizi izan da Ekuadorren, errefuxiatu estatusarekin. Hedabide horiek lotura bat ikusten dute Barankov auziaren eta, orain dela sei hilabete eskas, Lukashenko presidenteak Correarekin sinatutako itun komertzialen artean.

    Iduri duenez, joko honetan ez da ez aingeru ez deabrurik. Aingerurik ez behintzat.