Futbolak itsututa? Diagnostikoa egiteko 10 galdera
Zientzialariek ez dute baieztatu, baina test honetako 10 galderetatik 6etan baiezkoa badiozu, argi dago diagnostikoa: Futbolexia, futbolarekiko obsesioa.
Baiezko mordoxka baduzu, futbolak itsutzen zaituela esan daiteke, alegia, futboletik haratago doazen gaiez interesatzeko zailtasuna duzula. Baina, bene-benetan, ez larritu; denok ditugu geure obsesio partikularrak. Gainera, zeurea denen artean onena da. Izan ere, obsesioak partekatzeko prest milaka lagun aurkituko dituzu nonahi. Ez al da egia?
- Herriren bat bisitatzean futbol estadioa ikusi nahi duzu?
- Egunkaria zabaltzean Kirolak sailera zoaz zuzenean?
- Ingalaterrako ligako partidekin apustuak egiten dituzu?
- Marca.com da zure hasierako web orria?
- Munduko banderak futbol selekzioengatik ezagutzen dituzu?
- Aldartearen gorabeherak eragiten dizkizute futbol emaitzek?
- Real Madril eta Bartzelona taldeen hamaikakoak dakizkizu?
- Bulgaria esaten dizutenean burura lehenbizi datorkizuna Hristo Stoichkov da?
- Zure taldearen kamiseta jantzi egiten duzu irabazten duenean?
- Pmanager edo Comunio interneteko jokoetan zabiltza?
Osasuntsu zaude?
Hamarretik alerik ez.
Uste dut Eduardo Galeanok -futboltzale porrokatuak- zioela ezkerreko intelektual zerutiarrek futbola mespretxatzen duten bitartean, jende soila harekin liluratua bizi dela, intelektual zerutiarren iritziari kasurik egin gabe.
Horretan erlijioaren antza badu. Beste antzekotasun batzuk:
– Haurtzaroko bizipenekin lotua dago: txikitatik “bizitzen” ez bada, futbola ez da gauza bera.
– “Sentimendu” bat da, pultsio bat, ez du ezer arrazionaletik.
– Eguneroko penentzako kontsolagarria da.
– Boteredunek jendea tenteltzeko tresna bezala erabiltzen dute.
– etc.