“Henry Bengoa Inventarium” berriro tauletan

Aurten dira 25 urte Henry Bengoa Inventarium ikuskizun poetikoa jokatu zela. Hori dela eta Hendaiako Mugati euskaltzale taldeak bultzatuta, Maiatzaren azken egunean, berriro igoko dira Joxemari Iturralde eta Bernardo Atxaga oholtzara. Ruper Ordorikaren lekua, ostera, Xabier Strubellek beteko du.

Noiz eta non

Esan bezala, Maiatzaren 31an, 20’30tan, Hendaiako Varietés antzokian jokatu da Henry Bengoa Inventarium. Jatorrizko hartan ibili ziren Bernardo Atxaga eta Joxemari Iturralde igoko dira oholtzara 25 urteren buruan, eta Xabier Strubell-ek egingo ditu musika aldetiko laguntzak oraingoan.

25 urte
Bernardo Atxaga egilearekin batera, 1987ko maiatzean , Ruper Ordorika eta Joxemari Iturralde agertu ziren oholtza gainera Henry Bengoa Inventarium ikuskizun poetikoa jendaurrean jokatzera. De la Casa bi anaia musikariak ere laguntzaile izan zituzten. Handik hona 25 urte betetzen dira oraintxe eta urtehurren horrexen aitzakiarekin, Hendaiako MUGATI euskaltzale taldeak berpiztu egin nahi du orduko ikuskizun huraxe bera.

Zer da HBI?
Jendaurrean irakurtzeko pentsaturik sortu zen poesia ekitaldi hura, aitzindaria izan zen aurrez-aurreko emankizun literarioei dagokienean, gurean ezagutzen ez zen ohitura bati bideak zabalduz.  Baina hori ez da, hala ere, lan honek daukan baliorik handiena: nekez aurkituko da euskal letretan eta ingurukoetan, Henry Bengoa Inventarium-ek dakarren edertasun eta gozamenik. Behingoagatik,  poesiaren bidez jabetzen gara kontakizun oso batez, narratibitate aparteko baten testigu gara, aurrez-aurreko eskainaldian berebiziko indarra hartzen duten hitzen menera geratzen garelarik ikusentzuleok.

Sinopsia
Henry Bengoa laguna, Hanburgora joana da, baina ez du aspaldi gutunik bidaltzen zer moduz dagoen esateko. Eta hala, haren patuaz kezkaturik, bere bila abiatzeako deliberoa hartu dute bere lagunek. Eta han doaz, Europa zeharkatu eta Hanburgoko strasse batean lagunaren gela aurkitu arteko bidaian. Eta han, lagunak utzitako hondarren inbentarioa eginez batera, Henry Bengoaren ibileren berreraiketa harrigarri baten lekuko da ikusentzulea, literaruraren oihartzun gozoen besoetan.

1987ko emankizunaren zati bat dago ikusteko aukeran:

 

3 pentsamendu ““Henry Bengoa Inventarium” berriro tauletan”-ri buruz