Futbolak itsututa? Diagnostikoa egiteko 10 galdera

Zientzialariek ez dute baieztatu, baina test honetako 10 galderetatik 6etan baiezkoa badiozu, argi dago diagnostikoa: Futbolexia, futbolarekiko obsesioa.

Baiezko mordoxka baduzu, futbolak itsutzen zaituela esan daiteke, alegia, futboletik haratago doazen gaiez interesatzeko zailtasuna duzula. Baina, bene-benetan, ez larritu; denok ditugu geure obsesio partikularrak. Gainera, zeurea denen artean onena da. Izan ere, obsesioak partekatzeko prest milaka lagun aurkituko dituzu nonahi. Ez al da egia?

  1. Herriren bat bisitatzean futbol estadioa ikusi nahi duzu?
  2. Egunkaria zabaltzean Kirolak sailera zoaz zuzenean?
  3. Ingalaterrako ligako partidekin apustuak egiten dituzu?
  4. Marca.com da zure hasierako web orria?
  5. Munduko banderak futbol selekzioengatik ezagutzen dituzu?
  6. Aldartearen gorabeherak eragiten dizkizute futbol emaitzek?
  7. Real Madril eta Bartzelona taldeen hamaikakoak dakizkizu?
  8. Bulgaria esaten dizutenean burura lehenbizi datorkizuna Hristo Stoichkov da?
  9. Zure taldearen kamiseta jantzi egiten duzu irabazten duenean?
  10. Pmanager edo Comunio interneteko jokoetan zabiltza?

Osasuntsu zaude?

Zer duzu buruan “Futbolak itsututa? Diagnostikoa egiteko 10 galdera”-ri buruz

  • Amonamantangorri 2012-05-03 17:14

    Hamarretik alerik ez.

    Uste dut Eduardo Galeanok -futboltzale porrokatuak- zioela ezkerreko intelektual zerutiarrek futbola mespretxatzen duten bitartean, jende soila harekin liluratua bizi dela, intelektual zerutiarren iritziari kasurik egin gabe.

    Horretan erlijioaren antza badu. Beste antzekotasun batzuk:

    – Haurtzaroko bizipenekin lotua dago: txikitatik “bizitzen” ez bada, futbola ez da gauza bera.
    – “Sentimendu” bat da, pultsio bat, ez du ezer arrazionaletik.
    – Eguneroko penentzako kontsolagarria da.
    – Boteredunek jendea tenteltzeko tresna bezala erabiltzen dute.
    – etc.