Basagoitik “etxekoak lehenbizi” leloa bere egin du

Europako eskuin muturreko alderdien leloa bere egin du: “Osasuna denontzat, baina etxekoentzat lehenbizi”. Antonio Basagoitiren hitzak dira, Raxoiren neurria babestuz. Irailaren 1etik aurrera, Espainiako estatuan legezko egoera badaezpadakoan dauden pertsonek ezingo dituzte Osasun zerbitzu guztiak erabili. Espainiako abokatuek neurria konstituzioaren aurkakoa izan daitekeela ohartarazi dute. Mariano Raxoiren asmoak gauzatzekotan muturreko egoeran biziko dira hemendik aurrera osasun arazoak dituzten etorkin pobreenak.

Erruduna ahulena

Zaborretan arakatzen dabiltzan horiek, eskaleak, etxebizitza zaharrenetan bizi direnak, kotizatu gabe garbitzaile direnak, ordu txikitan larrosak saltzen dabiltzanak. Horiek guztiak eta gehiago, paperik eskuratzeko baliabide ekonomiko eta sozialik ez dutenak, hemendik aurrera ezingo dira gaixotu. Ospitaleetan gaizki jasoak izango dira aurrerantzean etorkinak. “Nora doa aprobetxategi hau?”, pentsatuko dute krisiak latz jo dituen “bertakoek”. Antonio Basagoitik ez du hori ikusiko, ospitale pribatuko goxoan izango baita bera. Herrian jaio, hezi eta lan egin ostean muturreko egoeran aurkitzen direnen haserrea nora eta oraindik eta ahulago direnenengana zuzendu nahi du PPk.

Bitxia da PPrena: Alderdi katolikoa da oinarri kristau guztiak zakarretara bota(ko) dituena; ahulenak laguntzea. Kaketara karitatea. Gizarte indibidualista eta merkantilista garaile.

Euskal gizartea zatitzeaz

“Euskadin zintzokeria izan da etorkinekin nagusi, eta, orain, herritarren gehienei kalte egiten ari zaio”, defendatu du Basagoitik. Alegia, argudioari buelta emanez, “etorkinak etorri ez balira, orain etxekook zerbitzu guztiak izango genituzke”. No Comments.

Nor eta Antonio Basagoiti “etxekoak” eta “kanpokoak” sailkatzen. Hori ez bada gizartea zatitzea, azal diezagula zer arraio den. “Guztion Euskadi” sortzeko “autonomista eta abertzaleen arteko zatiketa” apurtzeko “zubiak eraiki” nahi dituen alderdiak ez du lotsarik 17.000 pertsona bazterrean uzteko (21.500 Hego Euskal Herrian). Hori ez omen da zatitzea, horrek justizia kapitalista behar du izan.

Nekez sortuko dugu Euskal Herri duin bat milaka herritar azken tximuaren pare tratatuz gero. Nola arraio eraiki gizarte batu bat etorkin pobreak besteen lepotik bizi direnen zakuan sartuta? Bizilagunari geure komerien ardura egotzita? Etorkinek badute nahikoa arazo bestela ere: langabezia, familiaren babesik ez, hizkuntza arazoak… Azalaren koloreagatik tabernetan ere sartzen uzten ez badiegu!

Irailetik aurrera, Eusko Jaurlaritzak galarazi ezean, paperik gabeko etorkinei ez diegu utziko gure ospitaleetan sendatzen. Gero, agian, prezio bereziak jarriko dizkiegu garraio publikoan. Edo, elurteetan haiek garbitu beharko dituzte kaleak, errenta sozialen truke. Eta, hala eta guztiz ere, pentsatuko dugu fabore bat egiten diegula gure artean bizitzen uzten. Batere arduratuko ez baligu bezala haien bizimodu gogorrak. Are okerrago, sufritzea merezi egingo balute bezala etorkinak izateagatik bakarrik. Antza, ez baititugu osasuntsu ikusi nahi, ezta ongi jantzita, zarpail baizik. Kanpokoaren aurkako diskurtsoa ez da atzo goizeko kontua. Badirudi hurkoa belauniko ikusteak zoriontsu egiten gaituela, eta, aldiz, liberte, egalite, fraternite izpirituak izutu. Ala oker nabil?

Gehigarria:

PPren osasun erreformaren 6. puntua: “Ninguna persona, nacional o extranjera va a quedar desatendida”.

 

 

2 pentsamendu “Basagoitik “etxekoak lehenbizi” leloa bere egin du”-ri buruz