#ikaslealtxamendua, ikasle mugimenduak dialektika iraultzaileaz haratago

Juan Ignacio Wert

Wert ministroak eta Alderdi Popularrak hasi dituzten erreformak direla eta #ikaslealtxamendua deitu du Ikasle Abertzaleak (IA), Euskal Autonomi Erkidegoko ikasle elkarte zabalena, bai batxilergoko zein goi hezkuntzako zentruetan. Honeraino denok ados, ezta?

Eta besteok zer?

Neure buruari beti galdera berdina egin behar izaten diot Ikasle Abertzaleak mota honetako deialdiak egiten dituenean, “eta besteok zer egin behar dugu?” Azken finean medikuntza, erizaintza, odontologia, fisioterapia, ekonomia, lan-harremanak, psikologian, enpresariales, zuzenbide, ingeniaritzetan eta beste ikasketetan gauden ikasle elkarte edo hautagaitza txiki eta partikularrei hauen inguruan jarrera hartzea / posizionatzea eskatu ohi digute.

Karrera bakoitzeko barne-dinamikak tarte ikasle elkarte multzo hauen “arrakasta” politikan gehiegi ez nahastean datza, alegia, ez daude  lerro ideologiko batean adskribaturik orokorrean (salbuespen garbienak Lurgorri eta Ikasle Ekintza lirateke). Ez da harritzekoa beraz askotan IAk egindako deialdietara ez atxikitzea, are gehiago askotan ikasle-hauteskundeetan “aurkari” izaten direnean.

Ikasle Abertzaleak

Azken urteetako deriba

Zoritxarrez 2010-2011ean aipaturiko ikasle elkarteak EHUko Ikasleen Kontseilu Nagusiko buruzagitza galdu zuenetik lehen nolabaiteko naturaltasunez elkarteen artean mantentzen ziren zubiak eta komunikazio bideak desagertu egin dira. Ez dut uste ikasleen arteko batasuna apurtu dela esan daitekeenik, azken finean zail baita batasun bat egon denik argudiatzea, baina aburu bera dugun gai ugariren inguruan “ekintza batasuna” bai apurtu dela.

Ikasle elkarte “independente” multzo hori eta Lurgorri ziurrenik unibertsitatearen ordezkaritza eta gobernu organoetan murgildu dira eta IA kalera irten da ikasleon kexa eta erreklamazioak gizarteratu eta borrokatzera. Gauza bera lortzeko bi bide ezberdin bezala uler liteke agian.

Ziurrenik beste edonolako egoera batean denontzako nahiko eroso izango litzateke EHUn statu quo hau mantentzea, baina zorionez edo zoritxarrez gainera datorkigunak beste nolabaiteko erantzuna behar du. Eta ezin errepika daiteke Boloniarekin gertatutakoa.

Batasuna? koordinazioa? has gaitezen elkar arteko komunikazioarekin

Ezin uka daiteke aproposena ikasle mugimendu guztiak egun batean bildu, manifestu bat idatzi eta lan programa bat adostu beharko genukeela. Baina bost urte dira dagoeneko honetan murgildurik daramatzadanak (eta karrera bukatzear) … eta ezin mirariak eskatu bata besteari. Ezin eska dezakegu #ikaslealtxamendua gera dadila beste elkarte eta agenteekin adosteko ezta atxiki gaitezela begiak itxirik. Ez luke zentzurik.

Ez naiz ni izango zer nolako batasun/adostasun/koordinazio behar den proposatuko duena, azken finean karrera bakar batera mugatzen den ikasle elkarte txiki batetik nator baina… nolabaiteko komunikazioa behar da. Zein forotan? Ikasle Kontseilu Nagusia izan liteke, Campusetakoak, espreski egoera dela eta sor litekeen plataforma, lan talde bat, etab. baina mahai beraren inguruan bildu behar gara.

Bitartean, tasa eta titulazioak mantentzeko ikasle kopuru minimoaren igoera, ikasle-kostua kalkulatzeko sistema eta bigarren eta hirugarren matrikulazioetako penalizazioaren aurka geure kabuz eta unibertsitate barnetik borrokatu beharko dugu.

Eta gainera datorkiguna ez du Ikasle Abertzaleak bere bidetik konponduko, ezta geuk ere…

Adrian Llorente Aginagalde,

EHUko Gipuzkoako Campuseko Ikasleen Kontseilu-burua

Medikuntzako Ikasleen Batzarreko presidentea

Medikuntza eta Zientzia Historiaren Euskal Museoko ikerlaria (UPV/EHU) eta Medikuntza Prebentiboko eta Osasun Publikoko mediku egoiliarra Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean, gaur egun, Carlos III.a Osasun Institutuan.

4 pentsamendu “#ikaslealtxamendua, ikasle mugimenduak dialektika iraultzaileaz haratago”-ri buruz

  • EHUko ikaslea 2012-05-01 02:16

    IAk #ikaslealtxamenduarako deialdia luzatu du,
    ..eta zuek, bien bitartean, zer egin duzue, edo zer proposatu duzue egiteko?

  • Orain artean EHUko Ikasleen Kontseiluaren ez ohiko asanblada deitu, komunikatua adostu eta bozkatu eta prentsaurrekoa eman da besteak beste Celáa eta Errektorearekin biltzeko eskaria eginez eta kontabilitate analitikoaren erabilerak ‘ezkutuko tasa igoera’ bat izan ez dezan eskatuz (gauza ugariren artean). Era berean manifestu bat idatzi da beste agente sozialekin adostu nahi dena eta EHUko Gobernu Kontseilura hitzarmen bat eramango da. Eta 2an berriro ere ez-ohiko deialdia dago EHU Ikasleen Kontseilu Nagusiarena.

    Alderdi “instituzional/burokratikoa” hori litzateke (ziurrenik “ezezagunena” baina konponbide “praktikoak” eskain ditzakeena), ikasle elkarte eta talde hauetatik bilera informatiboak antolatu nahi dira eta bereziki, testu informatibo bat idatzi nahi da (hau da zailena, Hezkuntza Sailak ere ez dakielako erreget dekretuak zehazki nola eragingo duen tasetan adib.) ikasleen artean banatzeko.

    Batzuok arnasteko tarte gehiegirik ez dugu izan 😉

  • Galder Gonzalez 2012-05-01 11:25

    Miriku,
    Atzo Twitter bidez izandako eztabaidan argi geratu ziren hainbat gauza baina ziurrenik gehienek jarraitu ez zutenez, hemen uzten ditut detaile batzuk:

    Ikasle Abertzaleak ikasle talde maioritarioa da eta, gauza askotarako, hegemonikoa ere. UPV zein UPNAn duen indarraz gain ertainetan duena ere gehitu behar da. Gauzak horrela bere plangintza propioa aurrera eramateko gaitasun nahikoa du. Eta plangintza hori ez da mugatzen tasak edo karreren egoerari, baizik eta Euskal Eskola Nazionala lortzeko bidean egin beharreko pausuei.

    Nahi baduzu Ikasle Abertzaleakek soluzio ideologiko bat proposatzen du, zuek ideologia dominantearen barruan soluzio partzialak eskaintzen dituzuen bitartean. Egia da IAk beste talde batzuekin gauzak egiteko aukera duela, eta hala egin du askotan (Adibidez Euskal Ikasleen Batzar Nazionaletan, Bolognaren aurkako borroketan, Bizkaibusen inguruan egondako batzarretan, euskara taldeekin, bere garaian Ikasle Kontseilua eraldatzeko mugimenduekin…) baina bestetik ezin duzu esan “independiente” deritzon horrek talde homogeneoa eratzen dutenik: bakoitza mundu bat da eta bakoitzak bere interesak ditu. Batzuk independiente direla diote, nahiz eta PP eta PSEren karnetdun liderrak izan.

    Bestetik aipatzen dituzu Lurgorri eta Ikasle Ekintza. Lurgorrirekin gauza gutxi egin daitezke atal honetan: PNVren indar dependiente gisa neoliberalismoaren defentsa egiten du. Tasak humanoagoak egitea proposatu ahal du, baina ez du inoiz aldarrikatuko Unibertsitateak krisitik ateratzeko behar duena: haustura, burujabetza eta sozialismotik erakitzea. Ikasle ekintza ez dut ezagutzen, baina esango nuke ez dela talde handiegia ere eta, beraz, urgentziazko momentu honetan posible dela eurekin gauzak adostea. Nahi edo ez, IAk erabaki beharko du.

    Beraz zilegi da IA kritikatzea gauzak besteek baino azkarrago egiten dituelako, baina ez oztopatu mugitzen dena, zerbait lortzen duenean zuentzat ere izango delako.

  • Theklan, ados nago 😉

    Argibide batzuk:

    Ikasle elkarte independenteak gaur egun bai ari garela era homogeneo batean lan egiten, alegia, bai Unibertsitateko Klaustroa zein Campusetako Ikasleen Kontseiluetan aho batez hitz egin eta bozkatu ohi dugu azkenaldian (2010etik gehien bat). Heterogeneoak gara, duda barik, eta hori askotan ikusten da, baina baita ere bozka eta ikasle kontseiluetan lehen indarra.

    Bestalde, ez dago karnetdun jendea. Zorionez Ortego eta ‘La Voz’-ren garaiak atzean geratu dira. Eta zorionez diot azken finean ez EB, PP, EAJ eta PSErekin lotura zuen jendea zegoelako, garai horietan egon ziren arazoengatik baizik. Baina momentu honetan bai ‘Gazte Kanpusa’ eta lotura politikodun antzeko proiektu desagertuak daude.

    Eta horrek Ikasle Abertzaleak (Araban), Lurgorri (Bizkaian) eta Ikasle Ekintza bezalako elkarteekin adostasunak lortzea baimentzen du.

    Lurgorriz… nire iritzia eman dut, EHUko Ikasleen Kontseilu-buruak eta euren gobernu-kontseilu kideak lehenak izan dira ‘kalitatezko unibertsitate publiko euskaldun’ bat eskatzen eta unibertsitateko organoetan defendatzen.

    Edonola ere, ez naiz ni izango IA eta Lurgorri artean jarriko dena, are gutxiago biekin lan egiten dutenean talde independenteek edo nik pertsonalki bi elkarteetako Ikasle Kontseilu-buruak bozkatu ditudanean urte hauetan. Ez ditut harriak beraz nire teilatuaren aurka botako, ezta beste elkarte edo zerrendaren aurka. Denok egin ditugu geure akatsak eta azpimarratu nahi dut, denok (AEM/MIBek baita ere) eta elkarte guztien bizkarretan labankada bat baino gehiegoaren orbainak ikus daitezke, baina taldeko terapia ez da hemen proposatzen dena.

    Amaitzeko, artikuluak argi dio

    “Ezin eska dezakegu #ikaslealtxamendua gera dadila beste elkarte eta agenteekin adosteko”

    baina bai “parlamentua” eska daitekeela. Mahai beraren inguruan denok esertzea eta hitz egitea. Besterik ez 😉

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude