Maiatzaren lehenerako plater gorri bat

Maitzaren lehena egun ederra izan liteke baita kabiarra champagnearekin jateko ere, baina nago gaurko hainbeste manifestapen eta bateratzeren artean, hobe dela plater gorri eta merke bat, zaporetsu bezain herrikoi eta aukerakoa. Proposatzen dut sukaldean sartu eta prestatzea patatak txorizoarekin, alegia, patatak errioxar erara. Zer iruditzen?

Izan zitekeen beste jakiren bat Bizkaiko erara paratuta: bakailaoa, muturrak, tripakiak edo zernahi egon liteke ondo piper txorizeroen gorritasunean. Baita marmitako bat ere, bai baita aski gorri, nahiz eta ez den sasoi. Iparraldeko piperradetako bat ere bai, edota beste asko. Baina iruditu zait behetik jo behar dugula gaurko egunez (merkera, azkarrera, egokira…), eta bide horretatik ere iritsi ahal izango garela zeru erabatekora,  gaurko egun iraultzaile honetan, Maitzaren lehenean, alegia.

Zer arraio: Gora Euskal Herriko Langileria!

Patatak Errioxar eran (Sukaldean gunetik hartuta)

Osagaiak

  • 6 patata eder zuritu eta kraskatuak
  • Porru txiki bat, xehatua
  • Piper berde bat, xehatua
  • Piper gorri erdi bat, xehatua
  • Tipula erdi bat, xehatua
  • Baratxuri-buru bat, garbitua
  • Kaiena punta bat
  • Bi piper txorizero
  • Txorizo fresko bat
  • Ura eta gatza

Errezeta

 

Kazola handi bat su eztira hurbildu, bota bertara porrua, piperrak, tipula, gatz zimiko bat, kaiena eta txorizoa puska loditan zatitua. Guztia minutu batez suberatzen utzi, hestebeteetatik urtuko den koipean bertan. Gero, bota gainera patata kaskatuak, piper txorizero uretan beratua eta bi zati egina, baratxuri-burua, eta gehitu nahiko ur, pataten gainetik hiru hazbeteraino iritsi arte. 40ren bat minutuz egosten eduki, patata samurtu eta puska batzuk hautsi izanaren ondorioz salda loditu arte. Une horretan baratxuri-burua eta txorizeroak atera, eta kendu mamia. Lau baratxuri aleen mamia berreskuratu. Sardexka batez eltzekoaren salda pixka bat, baratxuria eta piperra zanpatu eta gehitu patata egosiei. Gatza zuzendu, behar izanez gero, eta mahaira.

 

Seguru, hala ere, zeuri ere otutzen zaizula beste plater gorriren bat, gaurko egunerako egokia. Zein?

Gehienetan janedan kontuez aritzen naiz, baina inor ez badago begira, lokatzatan etzaten naiz gustura