Iribar Seme Kutun
Iribar Zarauzko Seme Kutun –
Jose Angel Iribar Kortaxarena, Athletic Clubeko atezain eta entrenatzaile ohi eta talde zuri-gorriaren ordezkariak, Zarauzko Seme Kuttunaren domina jaso zuen aurreko ostiralean bere jaioterrian.
81 urte dituen Athletic taldearen historiako jokalari ospetsuenetakoa, “El Txopo” ezizenaz ezaguna, zarauztarrak aurreskua jaso zuen eta Andoni Egaña bertsolari eta lagunak osatutako bertsoa emozioz entzun, eta ondoren Xabier Txurruka alkateak eman zion Zarauzko Seme Kuttunaren aitortza eta domina. Ekitaldian, familia eta lagunak, Alex Padilla, Nerea Ortiz presidenteordea, Josetxu Urrutia, Andoni Goikoetxea, Manolo Delgado, Javier Clemente, Pablo Otaolea, Estanis Argote, Iñaki Churruca, eta Iribarrekin batera herriko hondartzako txapelketetan aritutako Jorge Izeta eta Zarauzko Kirol Elkarteko presidente Esteban Collantes ere egon ziren beste askoren artean.
Jose Angel Iribar Makatza baserrian jaio zen 1943ko martxoaren 1ean, eta hortik jaso zuen bere gazte garaiko “Makatza” ezizena. 1962an Bilboko Athletic Klubak Baskonia taldetik fitxatu zuen milioi bat pezetaren truke, eta irailaren 23an egin zuen debuta Malaga Futbol Taldearen aurka. Guztira, hamazortzi denboraldi egin zituen taldean, 1962tik 1980ra. Bi kopa irabazi zituen eta 1977an, UEFA Kopako txapeldunorde izan zen. Guztira 467 partidu jokatu zituen Espainiako ligan, Kopako 93 partidu, eta Europako txapelketetako 55 partidu. Espainiako selekzioarekin 49 bider jokatu zuen eta 1964ko Eurokopa irabazi zuen. Ondoren entrenatzaile, Euskal selekzioaren hautatzaile, eta Athleticeko Jokalari Ohien Elkarteko presidentea ere izan da. Politikoki, 1970eko hamarkadan, ezker abertzalearen alde egin zuen, eta Herri Batasunaren lehen Mahai Nazionalaren kidea ere izan zen.
Gogoangarria 1976ko abenduan Errealaren aurkako derbiaren aurretik eta Inaxio Kortabarria Errealeko kapitainarekin batera ikurrinarekin atera zenekoa, zelai erdiko biribilean utzi zutelarik erakusgai. Franco hil ondoren, Euskal Herriko bandera jendaurrean erakusten zen lehen aldia zen.
Euskalherriko seme kuttun Jose Angel, zorionak!!
[Lehen eta orain, atezain] Jose Angel Iribar eta Gorka Iraizoz