[Lehen eta orain, atezain] Jose Angel Iribar eta Gorka Iraizoz

Jose Angel Iribar eta Gorka Iraizoz

[Lehen eta orain, atezain] Jose Angel Iribar eta Gorka Iraizoz

Azken 40 urtetan aldatu ote da atezainaren ofizioa? Eta futbolariarena? Gorka Iraizozek 16 urte zituen Lezamara sarbide probak egitera joan zen egunean. Iritsi, arropa eta eskularruak jantzi eta aldageletatik atera orduko, parez pare topatu zuen Jose Anjel Iribar (Zarautz, 1943), atezain historikoa. Gipuzkoan, zein, Nafarroan biek etxean ikasi zuten zuri-gorria izatearen idiosinkrasia eta zeharo ados dira kontu batean behintzat: “Athletikekoa egin egiten zara, jaio baino gehiago”. Elkarrizketan zehar baloia alde batetik zein bestetik jaurti, nabari zaie geldiketak egiteko duten bokazioa eta gaitasuna. Ez da erraza beren atean golik sartzea. Saiatu behintzat egin gara, eta hemen duzu emaitza:



Zein zen eta zein da futbolariaren egunerokoa?

Iribar:
Alde horretatik ez dut diferentzia gehiegirik sumatzen. Agian gaur ordu gehiago sartzen direla. Lan kontuari dagokionez, entrenamendu eta abar, seguraski lehen kontaktu gehiago izaten genuela. Bidaiak ere luzeagoak baitziren, denak autobusez eta trenez. Lo ere orduko trenetako ohe-autoetan egiten genuen. Ordu asko igarotzen genuen elkarrekin. Zorionez, oraingo jokalariarentzat dena laburragoa da, bidaiak oso azkarrak dira…

“Gorka eta biok erdaraz hitz egitea pentsaezina da, beti euskaraz aritzen gara”

Iraizoz:
Orain egia da beraiek baino erraztasun gehiago ditugula. Bizitzan bezalaxe, azken batean. Bizitza bera ere erraztu egin da kalean, eta baita gure lanean ere. Gimnasio handia dugu eta dietista bat. Gauza batzuk aldatu dira, baina hala ere, esango nuke esentzia mantentzen dela.

Iribar:
Tira, partiduak prestatzeko garaian, desberdintasun izugarria dago baina baliabideak ere ezberdinak dira. Gure garaian jokalariak aztertzeko taktika eta estrategiak mugatuagoak ziren. Ez zegoen grabaketarik, ez bideorik, ia ezer. Ahoz aho egiten zen lana, beste partiduetatik gogoratutakoarekin, hartutako apunteekin. Entrenatzaileak hori erabili behar zuen. Orain sekulako medioak dituzte, esan daiteke dena dutela.

Zer hizkuntza hitz egiten da eta hitz egiten zen Athletiken aldagelan?


Zer soldata zuen eta du futbolari batek?

Iribar: Garai haietarako oso ona zen. Pribilegiatuak ginen, nahiz eta egia esan, guk diruari ez genion batere garrantziarik ematen, benetan nahi genuena jokatzea zen, kriston zaletasuna genuen. Dirua bai, bagenekien emango zigutela, baina kontratuak sinatzeko orduan edo primak itxi behar zirenean ez genuen pega handirik jartzen. Kirol zaleak ginen, futbol zaleak, eta ondo pasatu eta jokatu nahi genuen.

Ordutik asko aldatu da.

Iribar: Bai, asko aldatu da, jendeak horrela nahi izan duelako. Eta oso ondo.

Iraizoz: Bai, gauzak asko aldatu dira, telebistarekin-eta. Beraiek Athletiken jokatzearen txikitako ilusio hori mantentzen zuten. Guk ere mantentzen dugu. Lehen ilaran egoteko pribilegioa dugu, gure sentimentua defendatzekoa. Argi dago kristoren pribilegioa dugula soldatarekin-eta. Gaur egun denek dakite zelako zifretan ibiltzen garen, baina guk beti mantentzen dugu, Iribarrek esan duen bezala, Atlhetikeko sentimendu hori, maitasun hori. Eta horrek asko errazten ditu gauzak.

Iribar: Guk genuen adinarekin eta orain dutenarekin, ez da erraza, hankak lurrean izatea. Baina saiatzen ginen garai haietan. Eta nik orain somatzen dudana da orain ere gehienek hankak lurrean dituztela. Badakite non dauden eta zer egin behar duten etorkizuna prestatzeko ere. Hori jakin behar da. Orainak bezainbeste garrantzia du gerokoak, gerora begira ere ondo egin behar dira gauzak.

Zer sentitu zenuten euskal selekzioaren partiduan San Mames hutsik ikustean?


Trantsizio garaian Mahai Nazionaleko kide (zertan da militantzia politikoa).

Iribar: Ez nuen denbora asko eman Mahai Nazionalean. Kultura eta hizkuntza bultzatzea zen nire lana, nola barruan, hala kanpoan. Ikastetxeetara joan eta arazoak zituen jendeari laguntzen ibiltzen nintzen, orduan droga arazoak izugarriak baitziren. Santi Brouard eta biok joaten ginen hitzaldiak ematera. Gazteei droga txarra zela esatera, neu eredutzat jarrita. Etapa laburra izan zen hura, politika jarraitzen dudan arren ez baitut inoiz grinarik izan horretarako. Pentsatzen nuen ekarpen bat egin nezakeela, baina, beti izan dut argi kirol arloan eta futbol arloan jarraitu nahi nuela, eta suertea izan dut Athleticek entrenatzaile bezala hartu nauela. Hemen jarraitzen dut.

Nola ikusten duzu egungo egoera politikoa?

Iribar: Konparaketak eginda, askoz hobeto ikusten dut dena. Iruditzen zait oso zaila dela epe laburrera gauzak aldatzea, luzera egin behar den lan bat dela. Luzera lortu behar dira emaitzak. Euskal selekzioari buruz hitz egin dugun moduan, uste dut epe luzera lortuko dugula ofizialtasuna.

Gaur egun zailagia da futbolari bat politikan sartzea, ala?

Iraizoz: Asko aldatu da, gaur egun asko ezberdintzen dira arlo politikoa eta kirol arloa. Negozio baten barruan gaude eta iritzi ezberdinak sor ditzakeen elkartasun horretara ez gara hurbiltzen, bakoitzak bere ideiak ditu. Bere garaian oso egoera zaila zen eta kriston potroak izan zituzten. Halaxe behar zuen gauzak aurrera ateratzeko.

“Gaur egun asko bereizten dira arlo politikoa eta
kirol arloa”

Iribar: Baina hori garaiak baldintzatzen du, ez da gauza berdina orain, agian badira baldintzak beste modu batera azaltzeko, egiteko… bada alderdi politiko mordo bat, eta egin daiteke ala ez, nahi baduzu, baina gure garaian ez zegoen deus, diktaduratik atera berriak ginen eta denok nahi genuen ekarpen bat egin. Garaian garaikoak, esaten den moduan. Gero norberaren baitan dago konpromisoa hartzeko ala ez hartzeko hautua. Horrek hala behar du. Lehen busti behar zinen, beste egoera bat zen.

Iraizoz: Guztion artean aldatu zuten gizartea. Gu denok erosoago bizi gara eta kalean ere ez da ikusten beraiek gauzak aldatzeko zuten behar eta nahi hori. Gaur egun ezberdin ikusten da, ikasi behar dugu haiengandik, eta hausnarketa egin, ikusi. Beharbada helduko da garaia berriro indarra egiteko.

Iribar: Askatasun egarri hori bizi egin behar da ulertzeko. Zuek gazteak zarete, orain beste etapa batean gaude.

Argazkiak: ZuZeu (cc-by-sa)


Bizkaitik kanpoko jende askok, errealekoek, osasunakoek eta abar, ez dute Athletiken filosofia ulertzen. Ni zarauztarra naiz eta askotan ez didate ulertzen. Azalduko?

Iribar: Uste dut mundura azaldu behar dela, ez Gipuzkoa edo Nafarroara… Athleticek alde horretatik duen onena da ez duela ezer idatzita, baina filosofia bat da. Ahalik eta zuhurren eramaten dena. Gero egon daiteke tikismikisen bat hau zergatik bai ala ez, baina normalean baldintzak beti betetzen dira eta horrelaxe jarraitzen dugu. Argi eta garbi. Gauzarik onena da ez dagoela ezer idatzita, beraz Athletiken, Athleticek nahi duenak jokatzen du. Garaiko tekniko, bazkide eta abarrek nahi dutenak.

Iraizoz: Idatzita ez dagoen zeozer azaltzea zaila da. Filosofia bat da eta guztiok jarraipena ematen diogu gutxi gora behera tradizio bat bezala. Eta horrekin oso harro sentitzen gara, baina, batez ere oso garrantzitsua da sentitzea. Asko somatzen dut berriro talde barruan Athleticen jokatu nahi izatearen sentimendua zelaira daramagula. Harmailak geure sentitzen ditugula eta hori oso garrantzitsua da. Uste dut berriro ere berreskuratu dugula hori eta horrela iristen dira urte onak. Bihotzean daramazun zeozer defendatu behar baduzu, kementsu eta indarrarekin egingo duzu.

Iribar: Zein jokalarirekin duzue zalantza?

Nik ez dut batere zalantzarik! Zuek baino hobeto defenditu izan dut bizitza osoan zehar! Athletikekoa jaio ala egin egiten da?

Iribar: Uste dut egin egiten dela, jaio baino! kar, kar. Gero zerikusia du zer bizitzen duzun etxean, eta zer irakurtzen duzun eta abar… eta horretarako oso garrantzitsua da etxea, esan dudan bezala. Familia, aita, ama, osabak, nire kasuan behintzat. Athletic zale amorratuak ziren garai hartan eta mahai inguruan astelehenetan beti Athletic ateratzen zen eztabaidagai. Jokalari baten eta bestearen balentriak, Zarra, Panizo, Gainza, Oceja, Lezama, Carmelo, halakoen balentriak. Eta partiduen kronikak irakurriz, horrela egiten zara Athletikekoa. Agian gero mitifikatu egiten duzu, ikusi baino irakurriz iristen zaizunean. Gauzak askoz gehiago mitifikatzen dira. Jokalariak, kluba, zaletuak, dena. Garbi daukat hori izan zela Athletic zale bihurtzeko arrazoia.

Iraizoz: Ados nago Anjelekin. Azkenean, jaiotzetik inork ez dauka talde bat, ADNan ez dator ezer horri buruz. Nire kasuan familiako giroa oso garrantzitsua izan zen sentimendua sortzeko. Nire aitonak beti Anjelen istorioak kontatzen zizkidan, eta beti gogoratzen dut nire lehenbiziko entrenamendua hemen (Lezaman). Frogetara etorri nintzenean, artean 16-17 urterekin, eta bera topatu nuenean albotik niri begira, Jose Marirekin (Amorrortu). Pentsatzen nuen, nik honen istorioak badakizkit eta orain hor dago ni ikusten… Gauza horiek barruan gelditzen zaizkizu eta horrek egiten du handi nire kasuan Athletic zale izatea. Egunero gogoratzen naiz bere istorioez ikusten dudanean.

Gogoratzen garai hura…

Iribar:
Bai, bai.

Eta hain ona al zen?

Iribar: Momentuz oraindik memoria ona dut. Gauza onak zituen, baina… hobetu beharrak ere bai. Hori hala izaten baita beti. Nik lehen taldeko jokalari izatetik erretiratu nintzenean, pentsatzen nuen oraindik gauza asko hobetu nitzakeela. Oso garrantzitsua da hori, umila izan beharra dago, eta norberaren akatsak onartzen jakin.

[Lehen eta orain, atezain] Jose Angel Iribar eta Gorka Iraizoz

Jose Angel Iribar Gorka Iraizoz

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.