Kaskarotei buruzko gogoeta zenbait

Kaskarotei buruzko gogoeta zenbait –

Lapurdiko Ihauterian, kaskarotak ezinbesteko pertsonaiak ditugu, euskal gizarte antolatuaren irudia islatzen digutenak. Horien kontrakoak zirtzilak ditugu, gizartetik kanpo bizi diren bazterreko pertsonen irudikapena. Kaskarotak udaberriaren iragarleak dira eta zirtzilak neguaren ordezkariak. Bien arteko talkatik Lapurdiko Ihauteria sortzen da. Gainerako pertsonaiak: kotilunak, ponpierrak, banderariak, andere xuriak…, bigarren mailakoak ditugu eta kaskarotekin batera gizarte antolatuaren berri ematen digute. Hartza, berriz, udaberriaren eta ama-lurraren ikur zaharra da, ihautean barna iratzarri behar direnak.

Kaskarotei buruzko gogoeta zenbait
Beskoitzeko kaskarotak

Kaskarotak gizonak eta emazteak izan daitezke, xuriz jantziak denak, lili ederrez, koloretako xingolez eta xilintxez apaindurik.  Zirtzilak berriz, zikin, trakets eta zarpail agertzen dira beti, arropa zahar, ilun eta apurtuez jantzita, eta eskuan zuhaitz adaxkak eramanez. Lapurdiko Ihauteria lapurtar gizartearekin loturik da, hau da, lapurteraz mintzo diren herritarrekin. Baxenafarreraz mintzo diren Lapurdiko herrietan, baxenafar moldeko ihautea ospatzen dute: bolantak, santibateak, libertimendua… eta horrelakoak, eta batzuetan,lapurtar eta baxenafar ihauteen pertsonaiak eta erritoak nahasten dituzte.

Kaskarotei buruzko gogoeta zenbait
Uztaritzeko kaskarotak

Baina lapurtar ihauteko kaskarot izeneko pertsonaiez gain, erran behar dugu kaskarotak izan zirela XVII. mendean, gehienbat, Ziburun eta Donibane Lohizunen finkatu ziren biztanle berriak.  Baina nor ziren kaskarotak? Nondik etorriak ziren eta zergatik? Hori dugu koska! Jakin badakigu, gizonak, batez ere itsasgintzan aritzen zirela, baita zenbait ofiziotan ere, eta emazteak herriz herri eta karrikaz karrika ibiltzen zirela arraina saltzen. Mintzairaz euskaldunak ziren, hori bai bazituzten hitz bereziak bakarrik beraiek erabiltzen zituztenak eta aditz errazak erabiltzeko joera zuten.

Afera honetaz badira teoria franko. Batzuek diote Hegoaldetik igorri moriskoak zirela, beste batzuek, berriz, kataroen ondorengo ziren agotak zirela, badira ingelesen inbasiotik ihes egindako irlandarrak zirela diotenak, eta baita gizarteko agota, buhame, kaskoin eta  behe mailako jende pobre eta baztertuen nahas-mahas bat zirela erraiten dutenak ere.

Kaskarotei buruzko gogoeta zenbait
Urruñako kaskarotak eta zirtzilak

Izenaren etimologiaz ere badira teoria franko. Nik oraingo honetan bat gehiago aipatu nahi nuke. XVI, XVII eta XVIII. mende hasieran, Baionan eta inguruetan finkatu ziren kaskoinak (gaskoiak) Lapurdiko kostaldeko beste herrietara eta Gipuzkoako kostaldera (Zumaiaraino) zabaldu ziren. Hondarribian, Lezon, Pasaian, Herreran, Donostian.., kaskoin asko finkatu ziren, itsagintzan biziki trebeak ziren, eta baita merkatari abilak ere. Horrela, pittaka-pittaka aipatu herrietan indar handia bereganatu zuten. Hondarribian, adibidez, harresi barruko hirian kaskoinak bizi ziren, eta euskaldunak kanpoan, laborari eta arrantzale gisa. Donostian bi auzo edo parropia handi ziren: Santa Maria euskaldunena eta San Bixente kaskoiena. Aipatu herrietan paper ofizialak gaskoieraz egiten ziren. Denboraren poderioz, kaskoinak eta euskaldunak nahasi ziren, inolako arazorik gabe, kaskoinek euskaraz ikasi zuten, eta beraien hizkuntza desagertu zen. Pasai Donibanen, XIX. mendearen bukaeran oraindik baziren euskaraz gain, gaskoieraz ere mintzatzen ziren herritarrak.

Kaskarotei buruzko gogoeta zenbait
Emazte kaskarotak arraina saltzen.

Donostiaren mugakide ziren herrietan, Igeldon, Orion, Hernanin…,  donostiarrei “kaskarinak”, hau da, kaskoin arinak (buruz arinak, alai eta bestazale handiak baitziren) deitzen zieten. Ni ere kaskarina nauzue, eta nire abizenen artean badut bat edo beste, kaskoin jatorrizkoak direnak, Gipuzkoako kostaldean oso normala den bezala (Trezet, Artigas, Bandres, Puy, Pollon…, eta abar luze-luzea)  Orduan, kaskarinak kaskoin arinak badira, kaskarotak ez dira kaskoinotak izanen? Hau da, kaskoin + -ot + -ak,  kaskoin ttikiak.  Hauxe da nire gogoetako bat.

Kaskarotei buruzko gogoeta zenbait

Bestalde erran behar da, kaskarotak, Gipuzkoako kaskoinak bezala, arrunt integratu zirela euskal gizartean. Euskaraz ikasi zuten eta euskal usaietan (besta, dantza, kantu…)  aski trebeak ziren, gainerako biztanleak bezainbeste, bederen.

Kaskarotei buruzko gogoeta zenbait
Kaskarotak lanean

Kaskarotak berez Lapurdiko kostaldeko jende haiek ziren, ez dakigu zehazki nondik etorriak eta zein zen haien jatorria, baina beraiek egiten zituzten behe mailako lan guztiak, eta biziki estimatuak eta maitatuak ziren gainerako euskaldunen artean. Horregatik, beharbada, talde marginatua edo giza talde baztertua izatetik pasatu ziren Lapurdiko Ihauteriko pertsonaia nagusiak izatera. Beharbada, nork daki! Baina bitxia da gero, garai bateko gizartean baztertuak ziren pertsonaiak lapurtar ihauteko gizarte antolatuaren pertsonaia nagusiak izatera pasatu baitziren. Erran dezagun hor, noizbait, rol aldaketa bat gertatu zela.

Kaskarotak dantzatzen txistuaren eta ttunttunaren doinuaz.

Garbi ikusten dugu bi kaskarotak, bai herritar haiek eta bai ihauteko pertsonaiak loturik direla, eta jatorri berekoak direla. Ziur aski, herritar haien izena eta oroitzapena dira Lapurdiko Ihauterira pasatu direnak, baina alderantziz ere izan daiteke, hau da, kaskarot ihauteri zaharreko pertsonaien izena izan zitekeen eta XVII. mendean etorri jende berri haiei, gauza batengatik edo besteagatik, izengoiti gisa, kaskarot izena ezarri zieten. Hori ere izan liteke. Jakitera!

Kaskarotak Donibane Lohizunen. Afixa.

Gaur egun, kaskarot hitza arras loturik dago lapurtar moldeko ihauteriarekin, baina  lapurtarren memoria kolektiboan, bada garai batean batez ere, Ziburu eta Donibane Lohizunera etorri ziren jende haien oroitzapen bizia, bi-biak kaskarotak baitira.

Kaskarotei buruzko gogoeta zenbait Kaskarotei buruzko gogoeta zenbait Kaskarotei buruzko gogoeta zenbait Kaskarotei buruzko gogoeta zenbait Kaskarotei buruzko gogoeta zenbait

Euskaltzalea eta irakasle-ohia

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude