Kritika Zinematografikoa: “Poor Things”

Kritika Zinematografikoa: “Poor Things” –
Kritika Zinematografikoa: "The Zone of Interest"

Zuzendaria: Yorgos Lanthimos
Urtea: 2023
Herrialdea: Irlanda

Kritika Zinematografikoa: "Poor Things"-Emma Stone basatiarena-

Yorgos Lanthimosen zinemaren ezaugarritzat har daiteke darabilen begirada ezberdina; gehienetan urrunekoa, batzuetan hutsala, bestetan maltzurra, dibertigarria, groteskoa eta baita suntsitzailea ere. Ohikoa izanagatik, lasai asko onar dezakegu zinegileak adierazpen osoko lurralde berri bat bereganatu duela Poor things apurtzailean.

Transgresioen segida baten gisara aurkezturiko film honetan zuzendari greziarrak, arrain-begizko lenteek deformatutako irudiekin, zoom bortitzekin eta estudioan zein digitalki eraikitako agertoki koloretsu eta futuristekin bonbardatzen du ikuslearen begirada. Gerta liteke, akaso, egonarriz hartu behar izatea filmaren lehen minutuak, baina ez etsi; film deseroso adina bizarro, basati, probokatzaile eta gozagarria baita.

Munduaren iluntasuna –oro har, gizonezko nagi, amoral eta otzanek irudikatua– eta argiaren itxaropena aurrez aurre; botere harremanak -eta hauek eragindako gehiegikeriak zein desberdintasunak- bere idealismotik zalantzan jartzen dituen protagonista bat eta bidaia bat. Bidaia fisikoa batetik, baina, batez ere, esperimentazioa oinarri eta burujabetza helburu dituen abentura erraldoia, Bella Baxter lotsagabe eta menderaezinaren autoezagutza eta abentura nahiek gidaturikoa.

Lehen aipatu dut film deserosoa suerta daitekeela hainbat pasartetan, baina, era berean, kontenplazio ariketa erakargarria da, oso modu liluragarrian azaltzen baitu pertsona baten eraikuntza-prozesua. Estetika, musika, girotzea guztiak dira zoragarriak. Baina denen gainetik, Emma Stone distiratsuaren ekina eta egina.

Gorpuzten duen pertsonaiak bezala, aktoreak zerotik sortu du bere pertsonaia, filmak aurrera egin ahala hazten ikusiko duguna: begiak kliskatzeko modua, ibilkera, mugimendu ia robotikoak, hitz egiteko modua eta baita pentsatzekoa ere. Izan ere, Bellak, hankaz gora jarriko ditu garaiko uste, aurreiritzi eta diskurtso zapaltzaile guztiak, erabat ezezaguna zaion mundu hori prozesatzeko bere modu bereziari esker; gehienetan giza izaeraren aurka arituko da, baina, paradoxikoki, gero eta gizatiarragoa bilakatuz.

Kritika osorik irakurtzeko, sartu ZINEA atarian!

Kritika Zinematografikoa: "Poor Things"

Kritika Zinematografikoa: “Poor Things”

Euskal pantailaren gunea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude