Arte[faktua] 209: Zubizarretaren ‘Sakonean, itsasoa ikusten da’, euskal memoriaren atal bat Miangolarra familiaren lorratzean
Arte[faktua] 209: Zubizarretaren ‘Sakonean, itsasoa ikusten da’ –
Larunbat honetako Artefaktuak Ilaski Serrano eta Patxi Zubizarreta elkartuko ditu Donostiako hotel batean, Zubizarretaren ‘Sakonean, itsasoa ikusten da Miangolarratarren uberan’ (Txalaparta) liburuaz solastatzeko.
Joserra Senperena pianistaren bitartez jakin zuen Zubizarretak Miangolarratarren historiaren berri, Donostian diskoetxe klandestino bat aurkitu zuela esan zionean. Han, ‘Herri gogoa’ diskoetxean, Xabier Lete, Lourdes Iriondo edo Antton Valverderen disko asko ekoitzi ziren. Pako Miangolarra izan zen guztiaren arima, eta haren familiaren historia hori osatzeko, 14 lekukoren oroitzapenak bildu ditu Zubizarretak ‘Sakonean, itsasoa ikusten da Miangolarratarren uberan’ (Txalaparta).
Eta hain zuzen ere, Antton Valverde musikari eta abeslaria batuko zaie elkarrizketaren hondarrera, Zubizarretaren lagun handia izateaz gain, liburuan aipatzen den historiaren atal baten lekuko eta partaide izan baita. Gainera, opari berezia eskainiko dio Valverdek saioari Lauaxetaren hitzekin sortutako ‘Itauna’ abestia zuzenean kantatu eta pianoarekin interpretatzean.
Arantxa Arza Euskadi Irratiko esataria izango da larunbat honetako Apalategia ataleko protagonista. Arza ‘Landaberri’ irratsaioaren gidaria da, nekazaritza, ingurugiroa edota etxeko eta baratzeko landare eta zuhaitzak zaintzeko informazioa eta aholkuak ematen ditu, Jakoba Errekondok lagunduta. Zer liburu oparituko liokeen Errekondori galdetuko dio saioak, besteak beste.
Oñatitik dator aste honetako irakurlea; Ekhiñe Zumeta Beñat eta Unai Gaztelumendiren ‘Bidea da borroka’ komikiaz arituko da; Bertsozaleak Kultur Elkartearen argitalpena da.
Galtzagorri elkarteak antolatzen duen ‘Liburu gaztea’ lehiaketatik dator larunbat honetako booktrailerra. UGANDARRAK taldeko kideak dira Aimar, Iker, Markel, Martin eta Xabier, eta ‘Ikusezin’ izeneko liburua aukeratu dute horretarako; Eloy Moreno Olaria da testuaren egilea, Pablo Zerda marrazkigilea eta Denonartean-Cenlit argitaletxea.
Guztia, saioa osatzen duten beste atalekin batera, larunbatean, arratsaldeko 12:45ean, ETB1en
aurreko saioan…
Arte[faktua] 208: ‘Fast Fatum’, Libe Goitia Artetxe idazlearen lehen poesia bilduma