Amamaren ahotsa
Amamaren ahotsa –
Gizarte zahartu honetan zaharrenak ia ikusezinak dira, are gehiago, bere oroimena eta jakinduria galdu egin dira tsunami teknologikoarekin, eta belaunaldi berriak, nolabait, beste mundu paralelo batean bizi dira.
Aleako kazetari lagun min batek mezu bat bidali zidan orain dela hilabete bat. Mezu horretan, eta jakinda nire jubilazioaren atean nagoela, jakin nahi zuen zertan eta nola inbertituko nuen nire denbora bizitzaren fase berri honetan. Egia esateko, lanbide bukaera honetan nire buruari ere galdera berbera egin diot askotan. Aukera ezberdinen artean beti egon da idaztea, ez dakit helburu edo desio bezala; baina gero eta gehiago sentitzen dut herri nahasi eta konplexu honetan, oraindik oso beharrezkoa dela iritzi, hausnarketa edo oroimen ezberdinak plazaratzea esparru guztietan.
Konturatzen naizĀ abuela cebolleta-ren konplexua erraz topatzen dudala nire irudimenean, eta agian gehiegi begiratzen dudala iraganera, baina segur aski adinaren kontua da. Zaila egiten zait, adibidez, Arabako errealitateari begiratzea aurreko ibilbideari erreparatu gabe. Gaur egun, herrialde honetan, inoizko biztanleriarik zaharrena dugu, 65 urtetik gora dugunok asko gara, eta aldiz, 35 urte baino gutxiago dutenak gero eta gutxiago dira. Halere, zaharrenak ia ikusezinak dira, are gehiago, bere oroimena eta jakinduria galdu egin dira tsunami teknologikoarekin, eta belaunaldi berriak, nolabait, beste mundu paralelo batean bizi dira.
“Agian gehiegi begiratzen dut iraganera, baina segur aski adinaren kontua da”
Hortaz, zalantzak ditut ea nire idazkiak norbaiti interesatuko zaizkion, eta ez dakit zer punturaino betaurreko zaharren begiradak zerbait argitzeko balioko duen. Baina tira, oroimena, oroimenez; gaur nire herriko emakume nagusi baten hitzak gogoratu ditut, justu hiltzear zegoenean esan zidan bere gauzak ordenaturik uzten zituela, sukaldeko mahaia jasota, landa garbia eta loreak ureztatuak. Ez zion beldurra heriotzari, eta bakarrik espero zuen berak landatutako maitasuna bere etxekoek jasotzea bere bizitzan, ortuko loreak, fruituak eta landareak bezalaxe.
Nire lanbidean izan ditudan pribilegioen artean halako bizipenak daude. Asko ikasi dut pertsona zaharrengandik eta ahaleginak egiten ditut nire oroimenean gordetzeko, altxorrak bezala. Lagun batek kontatu zidan bere amamaren ahotsa grabatu zuela, antzinako pasadizoak kontatzen. Nahi zuen amamaren oroimena gordetzea, eta aldi berean, bere alaba-semeei nondik zetozen erakustea, munduan gal ez zitezen. Ideia polita eta sakona iruditu zitzaidan: amamaren ahotsa bizitza ulertzeko iparrorratza.