Hitz jario hutsala eta… faltsua

Hitz jario hutsala eta… faltsua –

Lengoaiak gizajendeak elkar ulertzeko balio omen du, baina gehiagotan izan ohi da nahasmena sortzeko. Azken egunotan, Hezkuntza Lege berria delaeta, sarri etorri zait burura hori, alderdi politikoek sortu dituzten istiluen aurrean: garai bateko A-B-D ereduek lekurik izango duten ala berrogei urteotan eman duten fruitua ikusita zakarrontzira joango diren. Badirudi batzuek eta besteek ez dakitela zertan dauden ados eta zertan ez.

Hitz jario hutsala eta... faltsua

Ez naiz arazo horretan sartuko, nahikoa hitz egin baita. Baina horrelako uneak aproposak izaten dira zenbait jenderentzat ekarpen oso pertsonalak egiteko, hau da, barruan daramaten filosofoa ateratzeko. Horren harira zetorren urriaren 20an, gure elkarte eutonomoan pisu handiena duen egunkarian, Iritzia sailean, idatzitako lan bat. Ciudadanía, multiculturalidad y plurilingüismo. Sinatzailea, Gasteizko Legebiltzarreko diputatu progresista eta Eusko Jaurlaritzan goi kargu baten jabe.

Goian aipatu dugun gaiari honela heltzen dio sarrera sarreratik: «Hizkuntza oro maite duena baino ez da gai hizkuntza bat egiatan maitatzeko», nonbait irakurria zuena bere eginez. Nire baitan pentsatu nuen: oso euskarazaletzat ez daukadan alderdi horretako kideak bultzada txiki bat emango ote digu? Laster esnatu nintzen amets horretatik; luze gabe, hara zer zetorren: «Nahi dut nire herrian denek eskubidea eta askatasuna izan dezaten nahieran eta noiznahi hautatzeko zer hizkuntzatan hitz egin».

Aspaldi irakurri genuen aipatu egunkarian Aurelio Artetak idatzita gisa bereko zerbait: «Hemen bi hizkuntza daude eta gobernuak ez dauka sartu beharrik baten alde edo bestearen aurka. Hori bere kasa konponduko den arazo bat da». Hau da, Darwinek espezieen hautaketa deitu zuena, hizkuntzari aplikatuta.

Ez zuen esan euskaldunok gaztelera jakin eta erabiltzera derrigortuta daudela Espainiako Konstituzioan, argi dagoen bezala. Gaur gure artean inposatu nahi den hizkuntza bakarra euskara da: «Ez dut ulertzen nola den posible diktadura frankistako urte latzetan herri honetan elebakartasuna inposatu zelako urteak kexaka daramatzaten horiek berek batzuetan esajerazioaren mugara ailegatuta, gainera orain elebakartasuna erreibindikatzea berriro».

Oraingoan, gure diputatu jaunak gehiegi pentsatu gabe idatzi zuen idatzi zuena. Gure kexak Francoren garaian euskaldunok jasan genuenari buruz, neurriz kanpokoak iruditzen zaizkio. Berak zer ote daki horretaz!

Baina gurean jarraituz, uste dut kontraesanez beteta dagoela bere artikulua. Bakoitzak nahi duen hizkuntza erabil dezala dio. Uste du gaurko baldintzetan bere tesi liberal horrek guztion eskubideak errespetatzera eramango gaituela? Milaka gara hori ez dela posible egunero egiaztatzen dugun euskaldunak.

Historia gogor bat daukagu iraganean. Bere hizkera propioa zuen herri honi ez zaio errespetatu hizkera horretan bizitzeko duen eskubidea: duela 500 urte Nebrijak gaztelerazko lehen gramatika erreginaren eskuetan jarri zuen esanez: «Majestad, esta tierra que se ha ganado con la espada, con esta gramática aprenderá la lengua de Castilla».

Geroztik ez gaituzte bakean utzi. Bi mende geroago, eskola eta maisu arrotzak ezarri zizkiguten euskaldunoi irakurtzen eta idazten hasteko. Eta XX. mendean azken ahalegina egin zuten: Francoren diktaduran zeharo debekatu zen herrietan euskara, eta eskolara joaten ginenok han geneukan eraztun salataria hitzen bat euskaraz esaten bagenuen eta berarekin zekarren tortura. Bai, tortura.

«Multikulturalitatea», dio gure diputatuak. Gure lehen unibertsitate euskalduna atzo arte ukatu zitzaigun. Ez zitzaigun horretarako eskubidea onartzen. Demokrazia berriaren eskuzabaltasun bat bezala hartu zen. Eta oraindik ez da nahiko genukeen bezain euskalduna. Gaur egun, erasoa ez dugu sentitzen hain gordina. Gainera Herri bakoitzak bere hizkuntza erabili, landu eta edertzeko duen eskubidea Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalean jasota dago, eta zapaltzaileak beste bide batzuk hartzen ditu zapaltzen jarraitzeko.

Gure diputatua ez da ohartu euskaldunok gure hizkera propioa erabiltzeko aurkitzen ditugun oztopoek hor jarraitzen dutela, erabiltzen diren manerak amultsuagoak badira ere: «Hizkuntza guztiak maite ditut, zaindu beharreko aberastasun bat dira». Nork ez du behin baino gehiagotan entzun? Honela dio aurrerago: «Deigarria iruditzen zait Aizpurua anderea entzutea Diputatuen Kongresuan erreibindikatzen Euskal Herrian euskaraz bizi nahi dugula… Eleaniztasuna defendatzea gauza bat da, eta beste bat, oso bestelakoa, ordezkapenezko elebakartasuna defendatzea».

Gu, euskaldunok gara «ordezkapenezko elebakartasun» hori inposatu nahi dugunak! Itxura batean zerbait esaten duela badirudi ere, gizon honek ez daki zertaz ari den. Euskaldunok gure herrian euskaraz hitz egin nahi izatea «deigarria» da gure diputatuarentzat, baina seguru nago Espainian gazteleraz hitz egitea gauzarik logikoena irudituko zaiola. Ez dakit Aizpurua andrearen hitzetan non dagoen «ordezkapenezko elebakartasun» hori. Gu herri txiki bat gara eta beti jakin dugu ez garela bizitza osoan gure 20.000 kilometro karratuetatik atera gabe biziko. Horregatik, diputatu jauna, nola gara euskaldunok monolingue patolojikoak eta Espainian ia denak dira plurilingueak?

Gazteleraz hitz egiten duen jendeak jakin beharko luke euskaldunok dioten guztia ulertzen dugula; haiek dira guk euskaraz dioguna ulertzen ez dutenak. Bitxia, eta une berean kezkagarria, urriaren 23an Bilbon gertatu zena: familiako enpresei omenaldi egiteko asmoz han bildu ziren hainbat enpresa, politiko, bertako alkatea, denak erregea buru zutela. Ekitaldiari hasiera emateko lehendakariak hartu zuen hitza, eta gero ia dena, ohi duen bezala, gazteleraz egingo bazuen ere, euskaraz hasi zen. Berehala sortu zen protestaren murmurioa eta Urkuilu jaunak isildu egin behar izan zuen une batez. Zer dio orain gure diputatuak?

Amaitzeko hauxe esan nahi dut: espainiarrek ez lukete onartuko beren herrian gu gure herrian bizi garen bezala bizitzerik hizkuntzaren kontuan. Eta Justiziak ez dezala erabakirik hartu euskararen erabilera mugatzeko Konstituzioak hau edo hura dioela argudiatuta. Gure eskubidea euskaraz bizitzeko Konstituzioa baino lehenagokoa da, eta oinarrizko eskubidea.

Hitz jario hutsala eta… faltsua Hitz jario hutsala eta… faltsua Hitz jario hutsala eta… faltsua Hitz jario hutsala eta… faltsua Hitz jario hutsala eta… faltsua Hitz jario hutsala eta… faltsua

Irakaskuntzako langile ohia. Pentsionistak Martxan

Zer duzu buruan “Hitz jario hutsala eta… faltsua”-ri buruz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude