Herri industrial eta iraunkor baten alde

Herri industrial eta iraunkor baten alde –

Aritz Otxandiano, FAGOR Taldeko Iraunkortasun arduraduna, bere blogean.


Ebidentzia zientifikoak adierazten du mundua ataka larrian dagoela. Natur ekosistemen erresilientzia gaitasuna muturreraino higatu dugu, eta hasiak gara gure ekintzen ondorioak jasaten. Klima larrialdia da krisi ekologikoaren adierazpiderik ezagun, eta, seguraski, larriena. Baina ez da bakarra. Aldi berean, biodibertsitatearen galera azeleratu bat ere gertatzen ari da. Eta badaude gehiago ere. Zientzialariek ohartarazi digutenez, neurri azkar eta eraginkorrak hartu ezean, krisi ekologikoaren hari-mutur ezberdinen arteko elkar ekintzak okertu egingo du egoera etorkizunean, gure espeziaren biziraupena kolokan jartzeraino. Eta horrek guztiak erantzule bakarra dauka: gizakia. Edo, zehatzago esanda: gizakiak eraiki duen eredu ekonomikoa. Aberastasuna pilatu eta pilatu aritzeko etengabe haztea behar duen eredua, hain zuzen ere.

Herri industrial eta iraunkor baten alde

Ezingo dugu esan horrek guztiak ustekabean harrapatu gaituenik. 70. hamarkadatik dakigu hori gertatuko zela. Horrela dago jasota, Hazkundearen mugak izenarekin, Erromako Klubak argitaratutako txostenean. Bertan ohartarazi zuten finitua zen planeta batean ezin zitekeela etengabe hazten jarraitu, lehenago edo beranduago, planetaren muga fisikoekin talka egingo genuelako. Eta orduko erritmoan jarraituta, talka hori XXI. mendean gertatuko zela aurreikusi zuten. Ordutik hona ez dugu erritmoa mantsotu, alderantziz, abiadura azkartu besterik ez dugu egin. Barne produktu gordinaren hazkundea, hori izan da gure obsesio nagusia, gure garapena gidatu duen adierazle ia mitifikatua.

Diagnostikoa gordina da oso, baina ezin gaitezke paralisian erori, soluzioak behar ditugu, eta, horretarako, ezinbestekoak zaizkigu ortzi-muga egingarri bat irudikatzea eta bidea egiteko adostasunak eraikitzea. Etorkizuneko belaunaldien ongizatea (edo biziraupena) da jokoan dagoena.

Aldiro publiko egiten dituen txostenetan, IPCC Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldeak argi adierazi izan du gaur-gaurkoz daukagun mehatxurik larriena den aldaketa klimatikoaren erantzule nagusia azken bi mendeetan egindako erregai fosilen ustiaketa masiboa dela, eta, beraz, aldaketa klimatikoaren ondorio larrienak ekidin nahi baditugu, berriztagarria izango den energia sistema bateranzko trantsizioa gauzatu behar dugula, eta azkar gainera. Horraino, nahiko zabala da adostasuna. Trantsizio energetiko horren nolakotasunean sortzen dira, ordea, desadostasun nagusiak.

Eztabaida horri ekarpena egitea da nire asmoa, nire ibilbide profesional eta pertsonalak gaiaren inguruan eman dizkidan ezagutza eta begiradatik, eta jakitun izanda, adostasunak eraikitzeko, ezinbesteko izango dela beste ikuspegi batzuk entzun eta horiekin elkarrizketan jardutea.

Energiaren gaian sartu aurretik, garapen iraunkorraren eta hazkundearen inguruan daukadan ikuspegia azalduko dut.

Izan al daiteke iraunkorra BPG-ren hazkundea helburu duen garapena eredua?

Garapen iraunkorra 1987. urtetik datorren kontzeptua da. Hazkunde ekonomikoaren bitartez ongizatea gizateria osora zabaltzeko promesa bete ez zen testuinguru historiko batean, eta hazkunde global handiaren fasea planetaren muga biofisikoak gainditzen ari zenaren lehen zantzuak antzematen hasi zirenean, garapenaren definizio berri bat egiteko beharra ikusi zuen Nazio Batuen Erakundeak, ekonomia, gizarte eta ingurumenaren dimentsioak barne hartuko zituen definizio bat, zehatz esanda. Brundtland txostenean jasotako gogoeta horretatik sortu zen “garapen iraunkorra” kontzeptua, duela 30 urte baino gehiago. Garapena iraunkorra dela esaten da, hain zuzen, etorkizuneko belaunaldiek beren beharrak asetzeko duten gaitasuna arriskuan jarri gabe egungo belaunaldien beharrak asetzeko gai denean. Ondoriozta daiteke definizio horrek garapen ekonomikoaren helburuak finkatzen dituela, eta, era berean, haren mugak ezartzen dituela. Hau da, giza beharrak asetzea izan behar da helburua, eta inoiz ezingo dira planetaren muga biofisikoak gainditu.

Bere aplikazioan, ordea, ingurumena BPG-ren hazkundearen menpe egon da beti, eta bizi dugun krisi ekologikoa ikusita, bistan da ez duela balio izan bere garaian antzeman ziren arazoak zuzentzeko. BPG-ren hazkundeak baliabide naturalen -erregai fosilak, mineralak, ura, …- kontsumoaren hazkundea ekarri du harekin, eta ahots batzuek BPG-ren eta baliabide naturalen kontsumoaren arteko desakoplamendua posible dela esaten duten arren, ez da hori azken 30 urteetan gertatu dena. Are gehiago, hazkunde ekonomikoa infiniturako joera duen kurba esponentzial batean dela ikusirik, etorkizunean ere, ez dirudi hori posible izango denik. Ostera, grafiko honetan antzeman daitekeenez, azken bi mendeetan eman den hazkunde ekonomikoa erregai fosilen ustiapen masiboak ahalbideturiko salbuespenezko gertaera besterik ez da, eta, fisikaren legeak tarteko, egoera hori ezin daiteke denboran era mugagabean mantendu.

Herri industrial eta iraunkor baten alde

Jakina zen, lehenago edo beranduago, eredu horrek planetaren muga biofisikoekin talka egin eta arazo larriak sortaraziko zituela, eta, zoritxarrez, egoera horretan gaude gaur egun.

Beraz, benetan iraunkorra izango den garapen eredu baterantz joan nahi badugu, iruditzen zait ezinbestekoa dela barne produktu gordinaren hazkundea garapenaren gidari nagusi bezala zalantzan jartzea.

Ez da eztabaida erraza, hazkundearen menpeko den eredu ekonomiko bat daukagulako. Bizi izan ditugun krisi ezberdinetan ikusi ahal izan dugun bezala, BPG atzeraldian sartzeak krisi soziala dakar berarekin, eta, horrek, ezegonkortasun politikoa. Horiek gainditzeko, hazkundera bueltatzeko politikak eskatzen dituzte eragile ekonomiko, sindikal nahiz sozialek. Eta halakoak sustatzen dituzte kolore guztietako gobernuek, salbuespenik gabe.

Nola gelditu abiadura bizian amildegirantz doan tren hau? Ez dakit inork badakien, baina, edozein kasutan, ekonomia fakultate guztien lehentasuna izan beharko litzateke gure eredu sozio-ekonomikoa hazkunde osteko aro batera egokitzeko egin beharreko aldaketen inguruan ikertu eta erantzunak bilatzea. Zentzu horretan, berri pozgarria da Europar Batzordeak desazkundearen bideragarritasunaren inguruko ikerketak finantzatu izana, beharrezko pauso bat norabide egokian.

Planetaren muga biofisikoen barruan kokatzeko hazkunde osteko aro batera eramango gaituen desazkunde prozesu bat abiatu behar dugula onartuta, ondorengoa da hurrengo galdera: zenbatekoa izan behar da desazkunde hori?

Hazkunde osteko aroa edo desazkunde prozesu bat imajinatzerakoan, eszenatoki ezberdinak irudikatu daitezke, ondorengo grafiko honetan ikusi daitekeen bezala.

Herri industrial eta iraunkor baten alde

Aukera guztiek marrazten dute hazkunde osteko aro bat, baina desazkunde maila oso ezberdinekin. Eta horrek berebiziko garrantzia dauka, besteak beste, desazkundearen intentsitateak zeharo baldintzatzen duelako etorkizuneko egitura sozio-ekonomikoa.

Batzuek muturreko desazkunde bat abiatzea beste erremediorik ez daukagula argudiatzen dute. Iritzi korronte horren arabera, energia berriztagarriak ez dira gai izango erregai fosilek ematen diguten energia kopurua emateko, eta, gainera, hauen hedapenak ekarriko lukeen materialen ustiapenak gehiago larriagotuko luke ekosistema naturalek egun jasaten duten presioa, bereziki kaltegarriak izanez biodibertsitatearentzat. Egitura sozio-ekonomikoaren errotiko eraldaketa baten beharra aldarrikatzen dute, ezinbestean desindustrializazio prozesu baten eskutik etorri beharko litzatekeena. Luis Gonzalez Reyesek eta Adrian Almazan Gomezek idatzitako Decrecimiento: del qué al cómo liburuan jasotzen dira iritzi korronte horren tesi, argudio eta proposamen nagusiak.

Beste batzuek, berriz, energia berriztagarriek fosilak ordezkatzeko daukaten gaitasuna eztabaidagai dagoela aintzat hartuta, desazkunde apalago batek lagunduta etorri beharko lukeen energia berriztagarrien hedapen azkar baten aldeko hautua egiten dugu. Zenbateko desazkundea? Planetaren muga biofisikoen barruan sartzeko beharrezkoa den gutxienekoa. Edo beste modu batera esanda: ingurune naturalarekiko oreka berreskuratuz, industrializazioari esker lortu dugun ongizate ereduaren oinarriak mantentzea helburu izango duena.

Gizarte industrializatu eta iraunkorra helburu

Azken mendeetan bizi izan dugun industrializazio prozesua dago egun dugun ongizate materialaren oinarrian. Ez soilik industrializazioari esker gure bizimodua erosoagoa egiten duten gailuak eskuratu ahal izan ditugulako -gaur egun gure etxeetan hain arruntak zaizkigun garbigailu edo hozkailuak, adibide hurbil bat jartzearren, ez genituzke eskuragarri izango industrializazioak posible egin duen eskalara ekoitziko ez balira-, baita ere Estatuen esku-hartzeari eta borroka sindikalari nahiz komunitatearen autoeratze esperientziei esker industria horrek sortutako aberastasunaren birbanatzea posible egin duen eredu sozio-politiko bat eraiki dugulako, ongizatea herrialde industrializatuetan bizi garen (ia) guztiongana hedatzea posible egin duena. Horregatik, beldurra ematen didate desindustrializazioaz oso modu arinean diharduten diskurtsoek, iruditzen zaidalako ez direla oso kontziente horrek izango lituzkeen ondorioez. Jendartearen lan baldintzetan emango zen prekarizazioaz gain, ez da ahaztu behar ekonomiak sortzen duen aberastasunaren zati bat zerga bitartez eskuratuz finantzatzen dituela estatuak ongizaterako oinarrizkoak diren zerbitzu eta prestazio publikoak: osasuna, hezkuntza, gizarte segurantza, gizarte zerbitzuak, … Desindustrializazio prozesu batek modu oso nabarmenean murriztuko luke ekonomia horrek aberastasuna sortzeko daukan gaitasuna, eta baldintza horietan oso zaila (ezinezkoa ez esatearren) izango litzateke ongizate estatuaren oinarriei eustea.

Emilio Santiago Muñok Contra el mito del colapso ecológico liburuan azaltzen duenaren ildotik, egun eskuragarri dauden ikerketak ondorio kontrajarrietara iritsi dira energia berriztagarriek erregai fosilak ordezkatzeko daukaten potentzialari dagokionean. Batzuk ezkorragoak diren bitartean, berriztagarriek egungo energia kontsumoaren zati esanguratsu bat asetzeko potentziala dutela ondorioztatu dute beste batzuek. Eta gero eta gehiago dira bigarren ondorio horretara iristen ari diren ikerketak. Hori horrela izanik, ez zait iruditzen industriari uko egitea hautu estrategiko egokiena denik gure herriarentzat, besteak beste, azken mendeetako aurrerapen sozial esanguratsuenei bide eman dien ongizate estatuari uko egitea suposatuko lukeelako.

Hau esanda, azpimarratu beharra dago, baita ere, horrek ez duela esan nahi gaur egungo industriak birmoldaketa sakon bat behar ez duenik, besteak beste, gizarte iraunkor batek behar ez dituen produktu eta zerbitzuak ordezkatzeko edota ekoizpen gaitasuna kontsumo maila askoz apalago batera egokitzeko. Horrez gain, beharrezkoa izango da gure eredu ekonomiko eta sozialean ere aldaketa sakonak egitea. Industria birmoldatu eta erregai fosilak berriztagarriengatik ordezkatzea ez da inolaz ere nahikoa bizi dugun krisi ekologikoari aurre egin eta planetaren muga biofisikoen barruan kokatzeko. Are gutxiago, trantsizio sozio-ekologikoa iparraldeko eta hegoaldeko herrialdeen artean dagoen arrakala murrizteko baliatu nahi badugu. Eta baliatu beharko genuke, herrialde garatuetan bizi garenon ongizatea, neurri handi batean, hegoaldeko herrialdeetatik prezio merkeegian eskuratu izan ditugun baliabide naturalen ustiapenean oinarrituta eraiki baita. Lau dira, nire iritziz, aipatutakoez gain egin beharreko eraldaketa handiak.

Herri industrial eta iraunkor baten alde

Lehenengo eta behin, ekonomiaren eta naturaren arteko harremana eraldatu beharra daukagu. Iritzi korronte batek defenditzen du kapitalismoa gainditzen ez den bitartean planetaren muga biofisikoen barruan jardungo duen ekonomia bat ez dela posible izango. Ni ez naiz horrelako baieztapen borobilik egitera ausartzen. Aitzitik, ortzi-mugan kapitalismoa ordezkatuko duen sistemarik ageri ez denez, trantsizioari kapitalismoaren barruan ekitea beste erremediorik ez daukagula uste dut. Trantsizio ekologikoak gizarte post kapitalista batera eramango gaituen edo ez, denborak esango du. Edozein kasutan, egungo ekoizpen eredua baliabide naturalak (erregai fosilak, mineralak, ura, …) ugariak ziren testuinguru batean garatu zen, eta, gainera, garai hartan ekosistema naturalek ez zuten gaur egun daukaten higadura mailarik. Ondorioz, ekoizpen ereduak biziraungo badu, ingurugiroan sortzen duen inpaktua ahalik eta gehien murriztea eta eskuragarri dauden baliabide naturalen erabilera efizienteagoa egitea eragingo duen mutazio sakon baten eskutik etorri beharko da. Ekonomia zirkularraren kontzeptuak gorpuzten du, nolabait esateko, mutazio hori. Erregai fosilak albo batera uzteaz gain, produktu eta zerbitzuak diseinatu, ekoitzi eta kontsumitzeko moduak errotik aldatu beharko ditugu. Produktuak, denboran gehiago irauteko, ingurugiroan sortzen duten inpaktua ahalik eta gehien murrizteko eta beraien bizitza zikloa bukatutakoan materialak berreskuratzeko diseinatuak izan behar dira. Era berean, ekoizpen prozesuak eraginkorragoak egin behar ditugu, energia kontsumoa murriztu eta material birziklatu eta organikoak lehenetsiz. Hornidura kateak ere arrazionalizatu behar dira, produktu, osagai eta materialen mugikortasuna gutxiagotzeko. Eta azkenik, jabegoan oinarritutako ereduetatik erabileragatiko ordainpeko ereduetara jauzi egin behar dugu.

Eraldaketa hori gauzatzeko berrikuntza teknologikoa gakoa izango da. Teknologiak bakarrik ez gaitu salbatuko, baina lagundu dezake, eta asko gainera. Ezin gaitezke tekno baikortasunean erori, baina ezta tekno ezkortasunean ere. Teknologiak trantsizio sozio-ekologikoari egin diezaiokeen ekarpenaren inguruko hurbilpen errealista bat behar dugu. Eta, ildo beretik, Europako Itun Berdearen testuinguruan sustatzen ari diren politika publiko eta erregulazio berrien potentzial eraldatzailea egoki baloratu beharko genuke. Europako Itun Berdea ez dago kapitalismoa gainditzeko pentsatua, baina egungo eredu ekonomikoan aldaketa sakonak eragiteko eta beharrezkoak zaizkigun eztabaidei atea irekitzeko potentziala dauka, adibidez, desazkundearen ingurukoari. Edozein kasutan, eraldaketa sakonagotarako baldintza sozio-politikoak sortu bitartean, nahiago dut Europako Itun Berdeak irudikatzen duen kapitalismo berde eta gizatiarragoa azken hamarraldietako neoliberalismo grisa baino.

Bigarrenik, nabarmen murriztu behar dugu mugikortasuna. Garraioa da erregai fosil gehien kontsumitzen dituen sektorea, eta kotxea eta hegazkina dira pertsonen mugikortasunari lotutako CO2 isurketen erantzule nagusiak. Soluzioa ez da solik elektrifikazioa, errotik eraldatu behar dugu mugikortasun eredua, auto partikularraren nahiz hegazkinaren erabilera ahalik eta gehien murriztuz, eta mikromugikortasun aukerek osagarritutako kalitatezko garraio publiko baten aldeko apustu sendoa eginez. Era berean, zalantzan jarri behar genuke mugikortasun behar handiak dituen aisialdi eredua, besteak beste, turismo eredua larrialdi klimatikoak ezaugarritutako arora egokituz.

Hirugarrenik, behartuta gaude gure elikadura ohiturak aldatzera. Science aldizkarian argitaratutako ikerketa honek ondorioztatzen duenez, animalien hazkundera zein haientzako elikagaiak ekoiztera bideratutako lurren areagotzea izan da biodibertsitatearen galeraren eragile nagusia. Edo beste modu batera esanda: herrialde garatuetan bizi garenok nahi adina okela jateko daukagun pribilegioa da biodibertsitatearen galeran gehien eragiten duen faktorea. Asko gara munduan, eta inork goserik pasatu gabe ekosistema naturaletan eragiten dugun presioa murriztu nahi badugu, behartuta gaude izan beharko genukeen elikadura motaren inguruan hausnartzera.

Azkenik, gure kontsumoa doitu behar dugu, horrek berarekin dakarren baliabide naturalen kontsumoa murrizteko. Kapitalismoak kontsumismora bultzatu gaitu, zoriontasuna haren bidez aurkituko dugulakoan. Baina behin ongizate maila bat bermatuta daukagunean, zoriontasuna gehiago dago harreman sozial osasuntsuak eraikitzean eta naturarekiko konexioa berreskuratzean, gehiago kontsumitzean baino. Gainera, hegoaldeko herrialdeei zor diegu: beraiek gehiago kontsumitu dezaten (gutxieneko ongizate maila bat lortu arte), guk gutxiago kontsumitu behar dugu.

Energia berriztagarrien hedapenaren nolakotasuna

Artikulu honetan zehar behin eta berriro adierazi izan den bezala, soilik energia berriztagarrien hedapenarekin ez da krisi ekologikoa konpontzen, baina, elektrifikazioarekin batera, ezinbesteko baldintza da daukagun ataka larriari soluzioa bilatzeko. Ahots batzuk dioten bezala, egia da, bai, material kopuru esanguratsuak naturatik erauztea dakarrenez, ekosistema naturalengan eragindako presioa areagotuko duela epe laburrera. Baina gure CO2 emisioak ez baditugu Parisko akordioan zehaztutako epe eta kopuruetan murrizten, aldaketa klimatikoak eragingo dituen inpaktuak askoz larriagoak izango dira, baita biodibertsitatean ere. Zientziak ohartarazia du.

Energia berriztagarriak ezinbestekoak zaizkigula onartuta, gakoa horien hedapenaren nolakotasunean dagoela uste dut. Lehenik eta behin, lurralde antolaketa egoki bat behar da, energiaren ekoizpena lurraldeak bete behar dituen gainontzeko funtzioekin egoki uztartuko duena, hala nola, elikagaien ekoizpena, ur baliabideen kudeaketa, biodibertsitatearen zaintza, eta abar. Ukaezina da energia berriztagarrien hedapenak inpaktu negatiboa izango duela ingurugiroan, baina ondo egiten baldin bada, inpaktu hori mugatua izan daiteke.

Bigarrenik, ereduak inporta du. Ahal den guztia eredu banatuan egitea da niretzat desiragarriena, autokontsumo fotovoltaikoaren, bero bonbaren, eguzkia energia termikoaren, biomasaren eta komunitate energetikoen bitartez. Gure teilatu eta basoek energia ekoizteko daukaten potentziala esanguratsua da, eta ahalik eta gehien aprobetxatu beharra daukagu, baina hori posible egingo duen estrategia bat behar da horretarako. Esatearekin soilik ez da gertatuko, hainbaten artean, plaka fotovoltaikoak edo biomasa galdarak jartzea, adibide bat ematearren, milaka jabe indibidualen esku baitago.

Hala eta guztiz ere, horrekin bakarrik ez da nahikoa, energia kontsumoa nabarmen murriztuta ere, teilatuek eta basoek ezin dezaketelako eman gurea bezalako gizarte industrializatu batek behar duen energia guztia. Gainera, soilik teknologia fotovoltaikoarekin, ezin daiteke berriztagarrien parte hartze handia izango duen sistema elektriko bat lortu, are gutxiago Euskal Herrian, eguzkirik gabeko egun asko ditugulako. Sistema elektriko berriztagarri batek oinarrizko hiru osagai behar ditu bideragarria izateko: energia fotovoltaikoa, energia eolikoa eta biltegiratzea. Hiru teknologia horien osagarritasunik gabe ezin daiteke sistema elektriko berriztagarri bat eraiki. Beraz, teilatuetan egiten den autokontsumo fotovoltaikoa ez da nahikoa, energia eolikoa ere behar dugu, energia biltegiratzeko sistema ezberdinekin batera. Eta zoritxarrez, ezin ditzakegu zonalde antropizatuak erabili energia eolikoa ekoizteko, zonalde horietan ez dagoelako nahikoa haize horretarako, eta, beraz, ez delako bideragarria, ez ikuspegi ekonomiko batetik, ezta energetiko batetik ere. Hori horrela dela onartuta, eta aintzat hartuta berriztagarriek Hego Euskal Herriko mix energetikoan daukaten parte hartzea %14 eskasekoa dela, azpiegitura horiek multinazionalen diru gosea asetzeko eraikitzen direla esateak askoz konplexuagoa den errealitate bat gehiegi sinplifikatzen duela uste dut. Bestelako kontsiderazio guztien gainetik, azpiegitura horiek erregai fosilak ordezkatu eta egungo nahiz etorkizuneko energia eskariaren zati esanguratsu bat asetzeko behar ditugu. Besterik da behar hori daukagula aprobetxatuz multinazionalek negozioa egin nahi izatea. Hori mugatu nahi badugu, azpiegitura horien kontrola energia hori behar duen lurraldeko instituzio, enpresa eta herritarren eskuetan egongo dela bermatzea da gakoa. Zentzu horretan, iruditzen zait Statkraft eta Krean-ek berriki proposatutako ereduan sakondu beharko genukeela.

Eztabaida hau ez badugu heldutasun eta arduratik egiten, gizarte moduan hipokresia ariketa handi batean erortzeko arriskua daukagu. Hau oso ondo islatzen da berriki Sidenorrek eta Euskadiko Energiaren Erakundeak (EEE) bultzatu duten ekimenean. Elkarrekin sozietate bat sortu dute Katalunian kokatuta dauden zortzi parke fotovoltaikoetan inbertitzeko, horrela, Sidenorrek dituen energia beharrak planta horiek ekoitziko duten argindarrarekin asetzeko. Nire kritika ez da horrenbeste Sidenor edo EEEri egindakoa, zenbait diskurtsotan antzematen dudan inkoherentziari baizik. Gure lurraldean ez dugu gure industriak kontsumitzen duen energia ekoizteko azpiegiturarik nahi, baina ez gaude industria horrek sortzen duen enplegu eta aberastasunari uko egiteko prest. Ondorioz, gure industriak sortzen dituen inpaktu positiboekin gelditzen gara, eta beste lurralde batzuetara lekualdatzen ditugu inpaktu negatiboak, kasu horretan, Kataluniara. Hau ez da justua, ezta koherentea ere.

Azkenik, ezinbestekoa iruditzen zait azpiegitura berriztagarrien hedapena horiek jasoko dituzten lurraldeen garapena eta ongizatea bultzatzeko bestelako politika batzuekin lagunduta egitea. Esaterako, landa-guneak berezkoak dituen jarduera ekonomikoen sustapenarekin, elikagaien ekoizpena kasu. Edo, biodibertsitatearen zaintzara bideratutako neurriekin, bestelako basogintza eredu baten alde eginez, adibidez. Zenbait diskurtsok diote azpiegitura horien hedapena ez dela bateragarria landa-guneen errealitate eta beharrekin. Nik ez dut iritzi hori partekatzen, eta horrelako azpiegitura bat aurreikusita dagoen landa-gune batean bizi naiz. Bateragarriak izan daitezke, neurrian eta ondo egiten baldin bada.

Deliberazioaren beharra

Orain arte idatzitakoak gaiaren inguruan dudan posizioa azaltzen du. Baina honetan guztian inporta duena ez da talde batek edo besteak duen iritzia, are gutxiago norbanako batek izan dezakeena. Garrantzitsuena gizarte bezala egiten dugun hautua da. Eztabaida honetan parte hartzen dugun gehienok onartzen dugu bidegurutze batean aurkitzen garela, eta orain arte bezala jarraitzea ez dela aukera bat. Bidegurutzean bide ezberdinak azaltzen zaizkigu, eta zein hartzen dugun erabaki behar dugu, modu kolektibo eta demokratikoan, eta azkar, aldaketa klimatikoa aurrera doa eta. Horretarako, garrantzitsua da gaiaren inguruan eztabaidatzea, datuak bilduz, adituak entzunez eta ikuspegi ezberdinak elkarrizketan jarriz, finean, deliberazio ariketa sakon eta arduratsu bat eginez.

Deliberazio ariketa horrek lurralde bakoitzeko instituzio, eragile eta herritarrak izan behar ditu protagonista, eta nola egingo den zehazteaz gainera, erabaki beharko da nola mugatzen den lurraldea. Zentzu horretan, iruditzen zait lurralde plan partzialek zehazten dituzten eremu funtzionalak eskala egokiak izan daitezkeela deliberazio prozesu horiek egiteko. Edozein kasutan, orain izan behar da, ezin dezakegu denbora gehiago pasatzen utzi.

Herri industrial eta iraunkor baten alde Herri industrial eta iraunkor baten alde Herri industrial eta iraunkor baten alde Herri industrial eta iraunkor baten alde Herri industrial eta iraunkor baten alde Herri industrial eta iraunkor baten alde Herri industrial eta iraunkor baten alde Herri industrial eta iraunkor baten alde Herri industrial eta iraunkor baten alde Herri industrial eta iraunkor baten alde Herri industrial eta iraunkor baten alde Herri industrial eta iraunkor baten alde Herri industrial eta iraunkor baten alde Herri industrial eta iraunkor baten alde Herri industrial eta iraunkor baten alde Herri industrial eta iraunkor baten alde Herri industrial eta iraunkor baten alde Herri industrial eta iraunkor baten alde Herri industrial eta iraunkor baten alde Herri industrial eta iraunkor baten alde Herri industrial eta iraunkor baten alde Herri industrial eta iraunkor baten alde Herri industrial eta iraunkor baten alde

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude