Xaia ostatua, pausuarrak lekuko
Xaia ostatua, pausuarrak lekuko –
Urruñako Pausu auzoan, Bidasoaren ibaiaren aitzinean eta gaurko zubitik gertu, bada Xaia izeneko ostatua inguruetako herrietan ospe handia duena eta euskal ekitaldiak maiz antolatzen dituena. 1920an hasi zen ostatu gisa, lehenago arrain salmentarako biltokia eta zaldi posta izana baitzen, eta belaunaldiz belaunaldi nagusiz aldatu badu ere, gaurko egunetaraino bizi-bizirik iritsi zaigu. Lapurditik Gipuzkoara, edo alderantziz, pasatzean ezinbesteko geltoki eta topalekua dugu. 2020an, beraz, ehun urte bete zituen eta horren karira, bertako arduradunek urte osorako egitarau zabal eta aberatsa prestatu zuten: kontzertuak, bertso saioak, mintzaldiak, karrikaldia, kantu afariak… eta hamaika kultur ekitaldi gehiago.
Artikulu honetara, Xaiaz eta Pausu auzoaz mintzo zaizkigun adineko bi pausuarren testigantzak edo lekukotasun baliosak ekarri ditut, iraganaren oihartzunak gogora ekartzen dizkigutenak. Bi dira lekukoak: Elisabeth Larraza eta Mixel Berra. Biak jadanik zenduak. Goian beude!
.
Elisabeth Larrazaren testigantza
2019ko urriaren erdialdeko arratsalde batez, Pausuko Bergara izeneko etxera hurbildu nintzen. Hantxe ziren nire zain Elisabeth Larraza, 86 urtekoa, eta Maite Sala erraina. Elisabeth sortzez Zuelgarai da, urruñarra, Pausura duela 60 urte ezkondua eta orduz geroztik Bergara etxean bizi dena. Maite, berriz, hamabi urterekin aldatu zen Pausura bizitzera.
Elisabeth Larrazak honela oroitzen ditu Pausuko bestak: “Pausuko bestak izaten zirelarik, bezperan, musikariak eta buruhaundiak etortzen ziren beste aldetik.” Eta zubiko mugaz honela dio: “Zubia pasatzeko beti paperak behar ziren. Muga zaindua izaten zen eta jendarmak autobusetara igotzen ziren”, eta Xaia ostatuaz: “Xaian auzoko gizonak sartzen ziren arnoa edatera, eta baita zubia alde batetik bestera pasatzen zirenak ere”.
Maite Salak zehazten duenez, auzoko gizonak sartzen ziren Xaiara, baita bere aita ere, eta hantxe egoten ziren hizketan eta txoperak (baso arnoak) edaten. Ostatukoek odolkiak eta xerrikiak zerbitzatzen zizkieten. Kanpokoak ere sartzen ziren, eta baita aduanako goardiak ere. Garai hartan auzoko gehien-gehienek euskaraz bazekiten baina karrikan frantsesez egiteko usaia zuten.
.
Mixel Berraren testigantza
2020ko otsailaren 12an, gaur Hendaia den Olaso etxera hurbildu nintzen eta bertan ziren nire zain Mixel Berra, 92 urtekoa, eta Hélène Olaizola, 86 urtekoa, senar-emazteak, Bernadette alaba eta Xumai Murua semetto edo biloba. Bai senarra eta bai emaztea kontalari handiak dira, pixkor-pixkorrak eta buruargiak. Mixel gaztetan Pausuko Ximun-enea baserrian bizi izan zen bere guraso eta gainerako senideekin batera, Bidasoa ibaiaren aitzinean, Xaia ostatutik gertu. Gaur baserria desagertua da, eta haren tokian, Pausutik Hendaiara doan errepidean, ezker aldean, gasolindegi edo ezantza-tokia dago.
Xaia eta Ximun-enearen artean bazen beste baserri bat, ez du izena ongi gogoratzen, Mattin-baita izan daiteke, baina denek Mahasti deitzen zioten, bertako nagusiak arnoa izugarri maite zuelako. Xaiaz ainitz oroitzen da auzoko gizon guztiak bertara sartzen baitziren. Gogoan du barra ondoan egoten zen gizona, beti arno bat ondoan zuena. Norbaitek ordaindu behar zuenean, lasterka husten zuen basoa, ordain ziezaioten. Denak horren jakitun izanki, behin, arnoa eman beharrean ozpina atera omen zioten. Xaian baziren sei barrika eta era guztietako arnoa saltzen zuten, ona eta txarra, garestia eta merkea. Bazen merke-merke bat, graduazio ttikikoa zena eta pikaputz deitzen zutena.
Pausu lehen handiagoa omen zen, eta Hendaiak pittaka-pittaka lurralde handiak kendu dizkio. Orain Hendaian bizitoki duten Olaso etxea, lehen baserria zen, eta Urruñakoa. Muga aldaketa kontu honekin loturik, Mixelek ezagutzen du etxe bat, non hiru anaia sortu ziren; lehen biak urruñarrak dira eta azkena hendaiarra. Beste etxe batean badira bi auzapez (edo alkate) izan direnak, baina Urruñakoa lehena eta Hendaiakoa bigarrena.
Aduanetako goardia ainitz euskaldunak ziren; baziren Maulekoak, Atarratzekoak… eta horiek ere Xaiara sartzen ziren edatera, musean egitera eta baita tratuak egitera ere. Bidasoaren alde bateko zein besteko etxeak aurrez aurre zeuden, eta kontrabandoa egiteko seinaleak elkarri egiten zizkioten, egun argitan itzalkariak edo kontraleihoak itxita utziz, arropa jakin batzuk zintzilikatuz, atea zabalik ipiniz… eta abar. Horiek pasatzeko edo ez pasatzeko seinaleak ziren.
Zubi zaharra Xaia aldera ateratzen zen, eta gaur egun okindegia eta egunkari-denda dauden toki horretan aduanetako txabolak zeuden. Eta gaur Muga ostatua dagoen tokian hor La Frontière ostatua zegoen, Hiribarren jaunak gobernatzen zuena. Gerla Handian zango bat galdu zuen. Kontrabandoa ohiko gauza zen eta jan-edatekoak, erremintak edota arropak ziren pasatzen zituztenak. Mixel Berrak oroitzen duenez, zahagiak ekartzen zituzten Gipuzkoatik, eta zubitik behera botatzen zituzten, gero goardien aitzinetik pasa, Xaiara joan txopera bat edatera, eta ondoren ibai bazterrera itzultzen ziren, hondarretan ziren zahagien bila.
Mixel Berrak argi utzi digu Pausu ez dela Lapurdiko aldea bakarrik, Gipuzkoakoa ere hala dela, eta Behobia, entzun duenez, izen zaharra dela. Pausuko erretore bati entzuna omen dio garai zahar-zaharretan Behobide deitzen zela. Gogoan du beste aldeko pausuarrak, hau da, Gipuzkoakoak, igandero auzoko elizara pasatzen zirela, eta apezak predikua hasieran euskaraz egiten zuela eta gero frantsesez, eta horrela izan zen, beste aldean kapera egin zuten arte.
Bertako gehien-gehienek euskaraz egiten bazuten ere, haren belaunaldian gazteak euskara galtzen hasi ziren, hori gogoratzen du pena handiz Olasoko jaunak.
Biriatura doan bidean, ezker eskuin baziren etxeak eta baita orain horma handi hori den tokian ere. Harrobian beti lanean ari ziren, eta horrekin loturik badu pasadizo edo gertakizun bat kontatzeko. Harrobi horretan aritu omen zen hargin Txirrita bertsolaria. Behin harrobi aitzinetik pasatu ziren ezkonberriak eta bazihoazen Biriatu aldera bazkaria egitera. Txirritak haiek ikusi, harrobiko lana utzi, eta haiekin ospatzera joan zen. Han zirenek erraiten zioten, harrobira itzultzean nagusiak lanetik botako zuela eta Txirritak, berriz, ezetz. Sosak atera eta apustua egin omen zuten. Hurrengo egunean, Txirrita lanera joan zen eta lana uzten zuela erran zien. Horrela ez zuten harrobitik bota eta apustua irabazi zuen.
.
————————————-
Biziki interesgarria da lekuko hauen testigantza. Haiengan bada altxor etnografiko, linguistiko eta historiko preziatua, gehiago ikertzea mereziko lukeena. Zoritxarrez, jadanik biak zenduak dira. Gaur egun, badirudi gure nortasunari buruzko ikerketak egiteko nahia dagoela eta belaunaldi berriak horretarako prest direla. Pausuko adineko pertsona hauek informazio iturri emankorra zirelakoan nago. Mila esker Larraza andereari eta Berra jaunari eman testigantza hauengatik. Hauxe da utzi diguzuen lekukotasuna.
Xaia ostatua, pausuarrak lekuko Xaia ostatua, pausuarrak lekuko
Oso interesgarria Xaiari buruzkoa.
Nik entzunda neukan Hondar-ibia (ibia=vado,paso) eta Behobia (Beheko-ibia). Iparraldean Behobi edo Pausu. Mixel Berrak dioen bezala, nire Aita zenak zioen bere adinekoek eta zaharragoek euskaraz egiten zutela, baina zoritxarrez, gazteagoak frantzesez.
Eskerrik asko Joseba zure kontakizunengatik.
Ederra bilketa-lan hau, Joseba, eskerrik asko! Xaiako eta Pausuko ingurune horren printza grafiko batzuk hementxe: * https://commons.wikimedia.org/wiki/Category:Behobia_International_Bridge
*
Iñaki, hire argazki bildumak biziki ederrak, zinez.