Ez gara bikiak

Ez gara bikiak –

Denbora gutxi barru –Gasteizko Legebiltzarrean lehendakari berria hautatzeko egingo den inbestidura saioa dela eta– Euskal Telebistari begira igaroko ditut bizpahiru ordu. Agian zerbait berria entzungo dugu, baina ez dugu zorterik izango. Beharbada, hizlariak ni baino askoz adimentsuagoak direlako, edo nire garuna zahartzen doalako, ez ditut nahi bezain ongi ulertuko. Asko kostata baina, mezu ezberdinei kasu eginez, ez da aldaketa handirik izango; beraz, ondorioa betikoa; denek nahi dutela gauza bera, baina hori gezurra da.

Ez gara bikiak
Arg: jaime.silva

Nire ustez, agintean hamarkadak daramatzatenek ez dute sobera argi agertzen non eta nola gauden, ondoren, nora eta nola heltzeko. Betiko ur gurpilari lotuta jarraitzen dute, jira eta buelta, baina beti toki berean daude. Hortik eta horrela, inor ez doa urrutira, agian bertan gelditzeko asmoa dutelako. Hortik datoz azken emaitzak.

Ez nuke nahi inor haserretzea, baina Legebiltzarrean egingo duten saioari sekulako garrantzia ematen diogu, baina egun gutxi barru, gertatutakoa aztertzeko garaian, zer esan dezakegu, zertarako balio izan digu? Beharbada, ez du erantzun samurra.

Europara begira, euskaldunak, gauden tokian gaudela, nora begira gaude, zer eta nondik lortu nahi dugu. Iparretik hegoaldera, Europako sistema ekonomiko eta politiko batetik bestera, nazio eta etnia gutxienen arazoek modu desberdinak hartzen dituzte. Hainbeste badakigu, baita nazio arazoa bera ez dela berdina Italian, Frantzian edo Espainian ere. Baina horrek ez ditu gauzak eta arazoak samurtzen.

Telebistarekin jarraituz, egia esatekotan –ez dut gordeko– lotsa pixka bat ere sumatu dut, norbaitzuk entzutean. Lau urtez behin agertu behar eta betiko jarrera. Ile gutxiago, sabel lodiagoa eta betiko harrokeria. Ezer berririk ez.

Betiko alderdia eta betiko buruzagiak. EAJ –batez ere, hauteskunde garaian– zenbat aldiz agertu zaigu esanez: “Gu gara Jaungoikoa eta Lege-Zaharraren Alderdia». Bai, hori da beraiek esaten dutena, baina gaur bertan entzun dugunarekin, eta bere ibilbide politikoa serio aztertzen bada, azterketak beste zerbait esaten du; «Lege Zahar zale Alderdia» dela, alegia, eta hori, ez da gauza bera.

Garai bateko klandestinitatea ia-ia ahaztu dugunean, ez dakit, ba, egun ez ote den EAJ Euskal Herriko alderdi klandestinoena. Ez harritu esandakoekin, ez baitago garbi jakiterik EAJ zer den, ezta zein ideologia duen. Alderdi zaharra dela, hori denok dakigu; ez dakiguna da zertan berritu den, ezertan berritu bada, edo bakar-bakarrik zahartu egin da.

Aspaldidanik, zer ari den eta zer jokabide daraman ez da gehiegi ikusten. EAJk, Lakuako gobernuari dagokionez beste, ez daki ezer egiten? EAJ –alderdi gisa–, Gobernuan esertzen den horretatik kanpora, ez da deus?

Gobernuari dagokion arduratik at inork ez du ikusten, ezingo du esan ere EAJ zertan dabilen. Gobernutik at, zer da eta zertan ari da EAJ, alderdi bezala?

Lau hamarkadaz, eginkizun politikoen agintea «kasta zahar» baten pribilegio izan da. Gizarteari sinetsarazi zaio kudeaketa publikoa ez dagoela edonoren esku. Esperientzia handia ezinbestekoa dela, alegia, eta egia da, baina ez dira beraiek bakarrak.

Garai berriak sortu nahi ditugu eta sortzen ari gara; horretarako, bide berriak erabili beharrean gaude. Horregatik, helburu zehatzak argi jakinarazi eta horiek denei ezagutaraztea derrigorrezkoa da. Nazioen autodeterminazioa elkarte nazional arrotzetatik estatu gisa askatzeko eskubidea baita. Estatu nazional burujabeen sortzea. Eta, jakinik, Estatu espainolean «oso» argala den demokraziaren baitan bizi garela, egin beharreko urratsak ongi neurtu beharrean gaude, aurre eginez jarraitu nahi badugu.

Bide berriak jorratzekotan, orain arte ibilitakoari ongi, oso ongi, begiratu behar diogu. Horretarako adibide polita, azken hauteskundeak. Emaitzak zintzo aztertzen baditugu, bai Nafarroan bai Euskadin, eta kalkulagailuari kasu eginez gero, «matematikaren perbertsioak» dioena da euskaldun askok eta askok –ehunka milak– bizkarra eman digula, batzuoi eta besteei. Beraz, herriari zuzentzen gatzaizkionean «denak» dira kontuan hartzekoak, abstentzioak gorde eta ahaztu gabe.

Ez nuke amaitu nahi EAJk asko estimatu zuen gizon bati nire agurra eman gabe. Allon (Lizarraldea) jaioa, eta 1981. urtean zendutakoa, Manuel de Irujo jauna. Irujok, duela urte asko, elkarrizketa batean –etorkizunari buruz ari zirela– mezu sendoa oparitu zion EAJ, bere alderdiari. Horra mezua: «a) La reorganización integral del PNV, de abajo arriba, preparándolo para cumplir su cometido histórico de conducir a la libertad nacional al pueblo vasco. b) Estimular y producir la unión vasca con la suma de cuantos acepten la democracia humana y la libertad nacional de Euskadi».

Egia, asmo politak, ederrak, baina gaur egun ezinezkoak. Eta lankidetzarako aukerak ez ditut «neurtzen» hauteskunde kanpainan entzundako astakeriekin.

Ez dut ikusten EAJk eta EH Bilduk, baita gainontzeko ezkerrak ere, bat egiteko aukerarik dagoenik. Baina era askotako batasunak daude, eta, beharbada, izaten ahal da, baina oso zaila dirudi. Ez baitut –gaurdaino– bi buru babestuko lituzkeen txapelik ikusten. Zuek bai?

Ez gara bikiak Ez gara bikiak Ez gara bikiak

Etxalartutako donostiarra. Idazlea.