Sorginak, Inkisizioa eta Lope Martinez Isastiren txostena
Sorginak, Inkisizioa eta Lope Martinez Isastiren txostena –
“Aski erraiten jakin izan
zuten sorgin eta azti guztiei”
Herri bakoitzak, gizarte bakoitzak, bere nortasun berezia edukitzeaz gain, bere baliabideak ere baditu nortasun berezi hori gauzatu ahal izateko. Euskal Herriak, oso herri zaharra denez, hagitz sustrai zahar bezain sakonak ditu bere kultura berezia eta berezko sinesmenak garatzeko. Eta aipaturiko sustraiak historiaurrean finkatzen direnez gero, orduko garai urrunetara jo beharra daukagu euskaldunon nortasun eta mundu-ikuskera bereziak ulertu ahal izateko.
1.- Hastapenetako aztien kasta
Kristoren aurreko 20.000 urte inguruan, Paleolito Aroaren hastapenetan, gaurkoak baino aunitzez zabalagoak ziren euskal lurraldeetan, gaur egungo Euskal Herriaren aitzindaria zen kromainoide gizakia kokatu zen. Hauxe da, bederen, Joxemiel Barandiaranen teoriak dioena eta gaurko azterketa genetikoek baieztatu digutena. Eta azken izoztaro edo glaziazioaren hondarrean zeudenez gero, leizeetako zuloetan bilatu behar izan zuten babesa. Denboraldi luze batez, leize-zuloak izan ziren gizatalde haien bizilekua. Eta bertan, ehizaren eta emankortasunaren inguruko erritoen egile gisa azti kasta bat sortu zen; leize-zuloetako hormetan egindako margoketak garai ilun haien lekukorik onenak ditugu.
Hor, leize-zuloetako iluntasun trinkoa argitzen zuen su magikoaren inguruan, eta bere babesleak ziren aztiekin, hasiera eman zitzaion, nolabait, gure kosmogonia zaharrari. Kosmogonia honek izadia edo naturaren indarretan sinisten zuen, eta izate osoa ezaugarri jainkotu batez ulertzen zuen. Izoztaroa amaitzean, zulo iluneko gizon-emakume haiek lur azalera irten ziren, eguraldi berriaren epeltasunak lagundurik. Eta horrela, K.a.5000. urte aldean, Neolito Aroa hasi zen, eta berarekin batera, nekazaritza, artzaintza eta laborantza. Garai berriak ziren denentzat, eta baita gizatalde haien mundu magikoa zuzentzen zuten aztientzat ere.
Eta bizimodu berri hartan, aztiek Paleolitoan gidaturiko sinismena egokitu eta bideratu egin behar izan zuten. Bizimodu neolitiko berria ez zen leize-zuloetako babesean antolatzen, erreka eta aintziren inguruetan kokaturiko herrixketan baizik, eta horrela aztiek errito eta kultu magikoak errealitate berrira berregokitu behar izan zituzten. Horretarako eraikin megalitikoak (zutarriak, harrespilak, trikuharriak…) altxatu zituzten, eta haien babesean bideratu zituzten erritual zahar berrituak.
Naturaren indarrak ziren kultu horren inguruko elementurik garrantzitsuenak, Paleolitikoan izan zen bezalaxe. Baina orain, indar magiko horiek zenbait izaki magikotan pertsonifikatu egiten dituzte: Mari (ama-lurra), Ortzi (osotasuna, zerua…), Eki (eguzkia), Ilazki (ilargia), Eate (haizea), Ostots (trumoia), Sugaar (tximista)… Hau da, naturalismotik animismora iragan ziren. K.a.II. mendean gure lurraldeetara etorritako erromatarrekin lehen harremanak izan genituen, eta haien eskribauek gutaz idaztean, protohistorian sartu gintuzten bete-betean. Ordurako bazen azti kasta bat ongi antolatua eta gure sinismenak arrunt finkaturik zeuden.
2.- Kristau erlijioaren eragina
Pixkanaka-pixkanaka, kristau erlijioa zabaltzen hasi zen eta erromatar enperadoreek ofizialtzat hartzean, behin betiko bultzada eman zioten, inperioko lurralde guztietara hedatuz. Euskaldunoi dagokigunez, biziki berandu kristautu ginela (edo gintuztela) esan beharra daukagu. Badirudi, mendebaldeko Europan azkenetakoak izan ginela guztiz kristautzen, gure geografiaren zenbait eskualdetan, gure mundu-ikuskera zaharrari atxikirik jarraitu baitzuten VIII. edo IX. mendera arte. Orduz geroztik, bi sinesmenen arteko nahasketa gertatu zen eta nahasketa edo sinbiosi horrek gure gaurko egunetaraino iraun du bizi-bizirik.
Sinesmen berriaren mesedetan, errito eta sinismen zaharrak itzaltzen, desagertzen edota esanahiaz aldatzen joan ziren. Lehen euskaldun jentilekin Ortzi zena kristauekin Jaungoikoa izanen da, Mari Ama Birjina, eta abar. Jainko-jainkosen edota pertsonaia jainkotuen aldaketarekin batera, naturako indarren desakralizazioa bultzatuko dute. Horrela Ostots jainkoa zena trumoia izanen da, Ortzadar Erromako Zubia, Sugaar tximista…. eta abar.
3.- Sorginen garaiak
Jesukristoren jatorrizko erlijioak maitasuna, begirunea eta bakea aldarrikatzen bazituen ere, Euskal Herrira iritsi zenerako bere mezu osoa ia guztiz galdurik eta geruza gizatiar batez ezkutaturik zeukan. Erdi Aroko garai goibel eta ilunak ziren, indarkeria eta inkultura fanatikoaren garai ankerra. Horixe izan zen guregana ekarri zutena. Dena zen iluna, dena bekatua, dena zapalketa ordurako gizakiak usteldua zuen kristau erlijio hartan. Eta azkenean, Europako egoera jasangaitza bilakatu zen beheko giza mailakoentzat, hau da, herri xehearentzat. Eta hortxe kokatu beharko genituzke Euskal Herriko populazioaren sektore handienak: artzainak, nekazariak, laborariak… Askok eta askok apaizen dotrinari uko eginez, aurreko sinismen naturalistetara jo zuten, irtenbideak bilatzeko asmotan. Hori dela eta, XVI. eta XVIII. mendeen artean, sorgin edo aztien inguruko mugimendu antolatua Europa osoan zehar zabaldu zen.
Baina, nor ziren sorginak? Orduko nekazal inguruko jendeek kristau erlijioak ezarritako soka motzeko zapalketatik ihes egin nahi zuten. Garai ilun haietan dena zen bekatua, den zen debekua. Botere ekonomikoa, politikoa eta erlijiosoa arrunt uztarturik zeuden eta herri xeheak botere horrek inposaturiko sarean biziraun beharra zeukan. Aurreko errito naturalistetaranzko itzultzeak boterearen arbuiatzea zekarren. Apaizen predikuez asperturik, aurreko aztien kasta berpizteari ekin zioten, eta horrela sinismen zahar animista-naturalista haiek zuzentzen zituzten gizon-emakumeak ugaritu egin ziren. Gizonezkoei azti deitu zitzaien eta emakumezkoei sorgin, hauek baitziren haurrak mundura ekartzen laguntzen zutenak, hau da, emaginak ziren, eta baita belarrekin sendagaiak egiten zekizkitenak. Horretaz gain, garai bateko sinesmen eta lekukotasunen jabe ziren.
Euskal Herrian nonahi eta noiznahi sortu ziren, eta beraiekin batera akelarreak, hau da, naturaren indarrak gurtzen zituzten erritualak. Izen hori De Lancrek asmatua dela uste dut, jentil jendeen bilkurak besta modukoak baitziren, erromerien itxurakoak. Testu zaharretan lekuko ugari azaltzen zaigu. 1507-1525 urteen artean, Ituren, Luzaide, Orreaga eta Auritzeko sorginen berri ematen diguten idatziak azaltzen dira. 1539koa da Zaraitzuko sorginen berri ematen digun aipamena. 1540an dataturiko agirian Amezkoako sorginei buruz hitz egiten digute. 1575 eta 1576ko dokumentuetan Ziordiako sorginen berri ematen zaigu. 1576. urtean Larraungo sorginez mintzatzen zaizkigu. 1595eko agiri batean Araitzeko sorginen aipamena egiten digute. Aipamenak ugariak dira eta sorginez gain zenbait toki berezitan egiten zituzten akelarrez hitz egiten digute. Oso ezaguna da, Jaizkibelen egiten zituzten akelarreetan parte hartutako hamahiru urteko Ixabel Gartzia neskatilaren ahoan 1611. urteko testu batean esaten zaiguna:
“…el diablo en gascón llamaba, veni
aca los de San Sebastián, los del Pasage,
y luego en vascuence los de Irún, los de Hendaya,
y les habló en algunas palabras…”
Esan behar dugu emakume haiek ez zirela sorginak, Elizak eta botereek erabiltzen zuten zentzuan, ez zuten deabrua gurtzen, ez zituzten haurrak jaten eta ez zuten apo zikinekin ukenduak eta edariak egiten. Herriko emakumeak ziren, landareak ezagutzen eta sendagai gisa erabiltzen zituztenak, haurrak sortzen laguntzen zutenak eta garai bateko ohitura zahar eta sinesmen naturalista-animisten oihartzunak atxikitzen zituztenak. Hitz batez, emakume euskaldunak ziren, besterik ez. Hura zen emakume haien bekatu bakarra.
Garai haietako botereak (erregeak, nobleak, elizgizonak…) ezin izan zuen sorgin mugimendua jasan, bere gizarte piramidalaren oinarria zulatzen baitzuen, eta mugimenduarekin amaitu nahian, Inkisizioa edo Ofizio Santua deiturikoa sortu zuen. Eta berriro borreroak, odola eta zapalketa betikoen interesen mesedetan. Badirudi sorginen lehen erreketa publikoak 1520. urtean gauzatu zituztela Nafarroan, Luzaide aldean. Baina sorgin mugimenduaren aurka gauzatu zuten kolperik handiena 1610ean izan zen. Urte hartan espainiar agintariek hogeita hamalau lagun eraman zituzten Zugarramurdi aldetik Logroñora eta bertan hiri horren izena daraman auzia egin zuten. Preso eramandako lagun horietako sei bizirik erre zituzten: Graxiana Barrenetxea, Migel Goiburu, Joanes Goiburu, Maria Iriarte, Maria Txipia Barrenetxea eta Maria Zozaia, eta beste hamahiru tortura ikaragarrien eraginez hil.
Hurrengo urtean, 1611n, De Lancre inkisidore frantsesak gauza bera egin zuen Lapurdin. Baionako Auzira hirurehun bat emakume eraman zituen eta horietako berrehunen bat erre. Haien bekatua euskaldunak eta emakumeak izatea zen. De Lancre euskaldunen ondorengoa zen (Rostegui abizenekoa. Bere aitatxi Bordelera bizitzera joan eta bertan abizena frantsestu zuen), eta horrek sekulako gorrotoa eragiten zion frantsesa eta kristaua ez ziren beste guztienganako. Ezin zuen eraman bere arbasoen euskalduntasuna eta horrek bultzatu zuen Lapurdiko kostaldea su garbitzaileaz zigortzera. Bere ustez, euskaldunok ez ginen ez frantses eta ez espainol –oso azkarra mutila– eta horrez gain deabruaren hizkuntzaz, hau da, euskaraz mintzo garenez gero, bekatu ororen jabe gara, hau da, su garbitzailearen garretan hiltzeko hautagai aproposak. Bere misoginiak eta bere paranoia erlijioso-arrazistak ehunka euskal emakume eraman zituzten surtara.
Zenbait urte beranduago, eta herri xehekoen artean zabalduriko ikara eta izua baretu nahian, Espainiako Koroak inkisidore berria izendatu zuen, Campofrío izenekoa, eta hau ahalegindu zen sorgin eta akelarreen kontuei garrantzia kentzen eta apaiz integristak isilarazten, horrelako gehiegikeriak berriro errepika ez zitezen. Amaitu dezagun gogoeta historiko hau Serafin Barojak (Pio Barojaren aita izan zena) bildutako bertso zaharrak gogora ekarriz:
“Larumbata aquelarren”
I
(Coroac)
Laruumbata aquelarren! Sorguin abec
larunbateroco batzarra dute.
Larunbata! Aquer aundi bat
oi dan becela daucate aguintari.
II
(Batec)
Bazter gucietatik aquelarrerá
sorguiñac, lambroan, igotzen dirá!
Anchume gañean batzuec zaldiz,
ta erratza-malillan besteac berriz,
algara ta irrintzi ta quinquirrinean
elchuak becela jiraka dabiltz.
Cherri gremiyo bat quirten catean
tricu cirri-zorrotz, zutic bi oñean,
zacurrak chinguka, catu buztan motz
ta ollar luma gabe, alaran gogoz,
buruz bera asto bi, atzeac goiti
saltoca, irrintzica, eroac dabiltz.
III
(Beste batec)
Illarguitan dago icusgarria
sorguiñen batzarra ta cofradia,
guizon gallurdunak lumaz jantziric,
atso zar bizartsuak tresnac zintzilic.
Gaberdico egazti, zomorro ta pizti
sorguiñen ondoren jiraca dabiltz.
Loroac marrascan, topaca idiac,
bi putre besotic, mozcorrac biak,
taruntac, atabel, chistu, charrabet,
chimu talde batec jotzen dituzte,
ta denean erdian, Aquer aundia
guziyen nagusi pamparroi dabill.
4.- Lope Martinez Isastiren txostena
Sarritan aipatua izan da XVII. mendeko lezoar hau Euskal Herriko historiaren alorrean, berari zor baitiogu “Compendio de la muy noble y muy leal provincia de Guipuzcoa” izeneko liburu mardula bezain aberatsa. Eta aipaturiko liburu horretan egindako lana goratzeko modukoa den arren, ez da horrelakoa izan 1618. urtean dataturik dagoen “Relación que hizo el doctor don Lope de Ysasti presbítero y beneficiado de Lezo, que es en Guipuzcoa, acerca de las maléficas de Cantabria por mandato del señor inquisidor Campofrío de Madrid! izeneko txosten memeloan burututakoa.
Bertan, inolako kutsu historikorik gabe eta errealitateari muzin eginez, bere belarrietara iritsitako esames eta kontuen erlazioa egiten du. Ez du ematen garaiko aginte erlijiosoek jaramon handirik egin ziotenik. Eskerrak! Txostena guztiz txepel eta funsgabea da, eta egilearen integrismo erlijiosoaren berri garbia ematen digu. Bai, txosten honetan, gure Lope Isastik, behin eta berriro, eskatzen baitu Inkisizioaren etorrera Bidasoa aldera, garai bateko zigorrak eman ditzan. Haren ustez, sorgin sinesmenak zirela eta, Gipuzkoa galzorian zegoen fede kristauarentzat, eta hori ekiditeko inkisidoreen lana guztiz beharrezkotzat jotzen zuen gipuzkoarren arimak ez zitezen gal.
Sorginei leporatzen die Kalagorriko inkisidore eta Hadriano VI. Aita Santuaren kapilau zen German Ugarteren heriotza (gaur, Lezoko parrokian ehortzia dena) eta baita Okendo almirantearen itsas-armadaren hondamendia ere, beraren ustez, sorginek ontzidia txikitu zuen ekaitza sorrarazi eta igorri baitzuten. Ikus dezagun zer esaten digun Isastik bere txostenean sorginkerietan omen zebilen Lezoko mutil bati buruz:
“… El un muchacho que era muy agudo hijo bastardo de un hombre noble y rico que se crió en una casería de Lezo entre caseros navarros y le tarían a escuela del lugar del Pasage, digo que la dicha Marichuloco lo llevó un día al campo del cabrón de la sierra que está cerca del dicho lugar, diciéndole con halagos que fuese con ella que tomarían muchos placeres, y dándole nueces le llevó de la mano, y lo presentó al diablo que estaba en figura de un cabrón grande, al cual besó debajo de la cola y ella habló alguna cosa con el dicho cabrón en secreto, y luego le volvió al camino. Después venía la dicha Marichuloco por ester muchacho cada noche y lo llevaban consigo desde la cama en camisa y le ponía entre otros muchachos con una vara blanca en la mano como los otros guardando los sapos que andaban delante y los tenía así hasta cerca del alba, y a él volvía a su casa a cuestas sin sentirlo nadie. Dijo que una noche estando él presente llegó de repente poco antes del alba una mujer hermosa y bien ataviada que venía poco a poco adonde estaban los niños y viéndola las otras comenzaron a maldecir de ella, Nora mala venga la pechilinguesa y preguntado por él quién era aquélla, respondieron que Nuestra Señora, y ella llegando a los niños dijo cöm o os traen a este lugar engañador. Veníos conmigo que os volveré a vuestras casas y los llevó sobre los hombros…”
“… decía este muchacho que había grande multitud de hombres y mujeres que todos andaban enmascarados, y no los podían conocer sino a la que los llevó, y veían cómo andaban bailando y holgando y se alumbraban con velas de pez. Sabido por su padre le azotó bravamente y le dio reliquias y remedios por medio de los frailes, y como murió presto la dicha Mariculoco quedó libre de aquel mal y decía que el diablo andaba siempre acechando lo que él contaba y así lo decía con gran miedo porque no le castigase; y andaban las brujas en aquel aquelarre vestidas al uso de las gitanas, los mantos debajo del sobaco, y bailaban al son de un pandero de mal son…”
Bigarren mutil baten ahoan beste honako testigantza ipintzen du:
“En cierto lugar de Guipuzcoa parecieron ahora doce años dos sortijas de plata la una blanca y la otra dorada llanas, la una con el nombre de Belcebú escrito por la parte de dentro entre cruces y había fama que quitaba las calenturas y se dio noticia al comisario de aquel lugar y se hizo cargo a la persona que lo traía y respondió que lo compró de un mercero por dos ducados y lo abrasó el dicho comisario en un horno ardiente: y aún es viva aquella persona que anda hecha una sanctimonia. El otro trajo otra mujer a bendecirlo en el altar del santo crucifijo de Lezo y el sacerdote que estaba escarmentado con el otro, lo vio primero y halló que tenía escrito por la parte de dentro entre curces, Satanás, y se la devolvió sin bendecir reprendiéndola de su atrevimiento. Diose parte al comisario de su lugar y respondió que haría su oficio alabando al sacerdote de su buena diligencia…”
Eta beste testigantza baten barruan honako aipamena dakarkigu:
“Está denunciada esta moza al comisario y dado parte a los inquisidores de Logroño y en casa de este muchacho todas sus hermanas están enfermadas y tullidas, con propósito de ir al santo crucifijo de Lezo por remedio porque los médicos juzgan que están malos de maleficio. Al muchacho se han dado Agnus Dei y reliquias y está bien confesado y hay esperanzas que quedará remediado…”
Ikusten dugunez, Lezoko gurutzeak sendatzen omen zituen horrelako aztikeriatan ibiltzen zirenen arima galduak, edo behintzat, horrela kontatzen digu Isasti doktoreak. Dena den, barkamena ez zitzaion nahikoa iruditzen, bere txostenean, behin eta berriro, su garbitzailearen aldekoa agertzen baitzaigu, eta De Lancre hiltzaile misoginoak Lapurdin egindakoa eredu gisa harturik, Gipuzkoan antzeko zigor handia egin zedin eskatzen baitzuen. Isasti historia kontuetan jakintsu eta jantzia zen, baina justizian eta giza zuzenbidean itsu samarra. Alajainkoa!
Zuzenketa bat. De Lancre ez zen inkisidorea, epaile laikoa baizik.
Ez da testuak beharko lukeen “zuzenketa” bakarra. Anakronismo, faltsukeria eta manipulazioz jositako panfletoa.
Ba neuretzat, amonaman, zeu zara hemen aspaldion panfleto bakarra…