Iraultza sozialistari buruzko zenbait burutazio (I)

Iraultza sozialistari buruzko zenbait burutazio (I) –

Kontuan izanik kapitalismoa kapitalozenoa [antropozenoa deitua ere[1]] bihurtu dela,  gizateriarentzat suposatzen duen arriskuarekin (zeinak miseria eta hondamendia gehienentzat sortzeaz gain lurra eta gizakiaren arteko metabolismo oreka galtzen ari den), gure burua iraultzailetzat dugunok ez dugu lan makala konprenitzeko zergatik gizarteak ez duen ikusten  egoerari buelta emateko beharrik; edo, beste modura esanda, horren soluziobidea izan daiteken iraultza eko-sozialista gauzatzeko konbentzimendurik. Inoiz ez dugu ezagutu, mundu gerra garaietan ere, egoerak eskatzen duenarekin eta gertatzen denarekin halako kontraesan historikoa. Alegia, premien eta soluzioen arteko aldea hain ikaragarria izatea. Are, amildegira garamatzan bidean tematzea.

Bestaldetik, oraindik eztabaidagai dugu, XX. mendean burututako iraultzen garaipen eta porrotaren zergatiak (Sobiet Batasunean esate baterako); edo haiengan jarritako esperantzen zapuzketaz (Txina edo Nikaragua adibidez); eta horrek guztiak egungo egoeran duen eragina. Hau da, iragan hurbilean gertatutako frakasoak (zama moduan ditugu sozialdemokraziak ezkerrari egindako kaltea eta estalinismoak komunismoari) eta egungoarekin loturik daudela kontuan izanda (eta horrek suposatzen duen autokritikaren beharra) zer irakaspenak atera, egoera berriei erantzun ahal izateko.

Kontuan izan behar dugu Iraultza guztien oinarrian eta atzean badaudela arazo edo arrazoi estrukturalak: ekonomiko, politiko eta historiko, une jakin batean, arazo asko dela medio, lehertu edo eztanda egiten duela, eta hori dena hausnartu daitezkeela, metodo materialistaren bitartez. Hortaz txukun saiatu ziren Marx eta bere sokako iraultzaile handiek. Frogatu izan da ere historikoki iraultzak posible direla (Frantziarra, Errusiarra, eta abar) eta baita jakin badakigu nola gauzatu eta eboluzionatu ziren. Hau da, izan zituzten zailtasun objektibo eta subjektiboen aurrean iraultzailek nola eta zergatik erantzun zuten onerako eta txarrerako.

Auzi orrek eztabaida sakon eta sutsuak eta buruko min handiak eman ditu gure artean zisma eta korronte desberdinak sortuz. Eztabaida horietatik, batzuk garrantzia galdu dute gaur egun, adibidez, zergatik inoiz ez zen gertatu uste zen bezala iraultza proletario peto-peto moduan eta uste zen tokietan (Marxek Alemania bezalako herri industrializatuetan non langileria kopuruz eta kualitatez indartsu zena uste zuen gertatuko zela  lehen iraultza proletarioa). Aldiz,  lehen Iraultza handiak izan Inperio edo herri kolonizatu (Txina) eta nekazariek gehiengoa ziren tokian gertatu baitziren.

Horren arrazoia bi faktoreei lepora dakizkieke. Bata, gerraren eraginei, zeinak Tsarismoa  kapitalismoaren katebegi ahulena bihurtu zuelako pronostiko guztien aurka. Bigarren arrazoia, oso eztabaidatua, lurralde horretan iraultzaren alde fermuki ari zen alderdi iraultzaileak (Alderdi Boltxebikea) jakin egin zuelako egoera ondo irakurtzen eta kontzienteki (arlo politiko militarrean ere) antolatu botereari jauzi egiteko. Neguko Jauregiari asaltoa deitu izan zaio estrategia hori. Beraz, egoera berri batean (gerra) borondate estrategikoaren garrantzi azaldu zen panorama berrian.

Txinan, Alderdi Komunistak estrategia desberdina garatu zuen, gerra herrikoi iraunkorra deitutakoa, lurralde liberatuetan botere propioa gauzatuz, eta aldian aldiro ofentsibak garatuz garaipena lortu zuten arte. Baino, hori posible izan zen japoniarren aurkako askapen gerraren baitan, zeinean kanpotar indar inbaditzaile ez ezik, bertako txinatar nazionalistei ere garai zitzaion.

Eta guzti horrek eztabaida berria ekarri zuen marxismoa goitik bera astindu zuena.

Alegia, grabitatearen eraginez sagar ondua arbolatik erortzen den bezala, baldintza objektiboetan eraginez eroriko zen kapitalismoa eta eraikisozialismoa, sozialdemokraziak (Kautskik batez ere) predikatzen zuen bezala; ala alderdi baten trebetasun estrategikoan eta borondatearen indarrean, Leninek antolaturiko alderdi boltxebikeak predikatzen eta praktikatzen zuen bezala? Eboluzioa ala haustura? Alegia Errusiar iraultza marxismoak esandakoaren kontranaturan gauzatu zen sozialdemokraziak zioen bezala? Ala inspirazio berri baten logika estrategikoan zetzan? Izan ere, Marxek esana zuen, iraultzaren aukera langileriaren (gizakiaren) borondatean zetzala, baldintza jakin batean jakina. Beraz, bi gauza horien dialektikan zetzan kontua. Eta Boltxebikeek oso ondo lotu zuten bi alde horiek.

Baldintzak nolakoak diren irakurtzen jakin behar da derrigorrez, baina borondate iraultzaile gabe, aukerak (hobenean ere) ihes egiten dute edo galtzen dira.  Ahaztu gabe, baldintza honetan eta jakinduria hobena praktikan jarri arren, garaipena inoiz ez dagoela ziurtatuta eta askotan galtzen dela.  Hori ikasi dugu Espainiar eta Alemania iraultza galdutik eta faxismoaren garaipenetik.

Beraz, eztabaida horretan marxismoak barne haustura izan zuen bi korronteen artean. Erreformazailea bata eta iraultzailea bestea, determinista mekanizista lehena, bata; borondateak bultzaturiko dialektikaren aldekoa bestea. Hau da, naiz eta Marx ondorengo estreinako marxismoak uste zuen proletarioen etengabeko hazkundea, eta kontzentrazio sozialak; talka egingo zuela kapitalismoak gizarte (desberdinetan) hauspotzen duen gerrate, krisi ekonomiko eta hondamendi sozialen ondoren. Eta horrek kapitalismoaren desagerpena bultzatuko zuela, sozialismoarekiko erreleboa gauzatuz. Usteak erdi ustel. Marxismo arrunt eta deterministak oso modu dogmatikoan egindako irakurketan sozialismoa historikoki beharrezkoa delako harreman ekonomikoek ezinbestekotasuna kapitalismoaren bukaera inposatzen dutelarik; aldiz, errealitatea oso bestelako zen. Kapitalismoak politikoki maniobratzen daki eta errepresioaren bitartez basakeria kapitalista inposatu daiteke, gehienetan gertatu den bezala. Gaur egun, hori guztiari (non errepresioa izan den eragile nagusia), erantsi behar, langile kontzentrazioaren ezabaketa, zaio kontsumo materialen eragina eta neoliberalismoaren garaipen kulturala eta horrek duen garrantzia demokrazia liberala egonkortuta dagoen tokietan, zeinen eraginez norbaitek esan duen bezala, ematen du sinesgarriago dela munduaren akabera kapitalismoarena baino.

Iraultza sozialistari buruzko zenbait burutazio (I)

Iraultza ala (eta) erreformak.

Erreformazaleentzat haustura iraultzailea akats ikaragarria da. Hondamendia dakar. Nik uste, erreforma eta iraultzaren arteko auzia ezin da azaldu modu kontraesankor bezala,  erreforma versus Iraultza, dena zuri edo beltz[2]: dagoena hobetzen saiatu ala dagoen guztia errotik aldatzen saiatuz, modu kontrajarrian eta ez dialektikoan, Rosa Luxemburg-ek[3]  eta Leninek[4]  adierazi zuten bezala. Gransik dialektika hori estrategia bihurtu zuen,  lubakiak eta noiz ofentsiba faseak tartekatzen zituen, erreformak bultzatuz eta lubakiak eraikiz, bide batez sisteman arrakalak sortuz, eta botere bikoitzeko faseak eta talka globalak diseinatuz, zeienetan hegemonia ideologiko kulturalari buelta eman behar zitzaion indar politiko militarraz gehituz.

Gaur egunean dialektika hori, zoritxarrez, ezabatua dago bi muturretik, alegia iraultzaren desagerpenarekin gure ideario eta imajinariotik, erreformak atzera egin dute, are kontrarreformak ari dizkizute inposatzen. Atzera egun dugu ezbairik gabe. Egoera hau gainditzeko, dialektika eskuratzeko aukera bakarra, ditugun arazo estrukturalen aurkako herri, klase eta generoa ikuspegitik mobilizatzen hastean dagoela, horren baitan txertatuz iraultzarekiko grina. Hau da eraldaketa globala. Berstheinek bideari eman zion garrantzia helmuga bost axola zitzaiolarik. Rosak, berriz, bidea lotua ikusten zuen helmugarekin.[5]

Horren zailtasunak badu zer ikusterik egungo arazoei irtenbidea emateko korapiloekin eta, halaber, etorkizuneko aldaketa osoarekin lotzeko zailtasunekin. Hau da, kapitalismoaren barruko erreforma sakonak eta iraultza sozialista uztartzeko zailtasunekin. Izan ere, erreformatzaile eta iraultzaileen arteko aspaldiko eztabaida: erreforma ala iraultza ondo konprenitzen historikoki  zaila izan bada, egun  oso modu desitxuratuan [6]azaltzen baita .

Esan nahi baita, kapitalismoaren irabazi tasari langileen aldetik kosk egin gabe eta estatuaren zein ekonomiaren antolamenduz erreformen gabe (nazionalizazioak ekonomia kudeaketaren alorrean edo lan baldintzak hobetzeak) ezin herriak eta langileriak bere bizitza hobetu (eta horrek etsipena sor dezake eskuin muturrari bidea irekiz), baina askotan zeregin horietan murgilduta ezkerrak bestelako afana (benetako eraldaketa soziala) ahaztu izan du. Eta kapitalismoan modu horretan egonkortuz.

Eta orduan?

Iraultza galduak, iraultza asmatuak eta desiratuak; Iraultza, oro har, enigma bat izan da beti: ekonomikoki ustiatutako eta politikoki menderatutako klaseek burgesia nola eraitsi lezakete Estatu propio asmatzeko, ez da ahuntzaren gauerdiko eztula.

Gaur egungo testuinguruan, iraultzaren inguruan dagoen enigma hori indartu egiten da ezker iraultzailearen eta langile mugimenduaren ahultasunak kontuan izanik, nahiz eta azken urteetan  mugimendu erradikalak sortu diren -baita altxamenduak ere-, ezarritako botereak ezegonkortzea lortu dutenak; eta, batzuetan, erregimen diktatorialak eroaraztea lortu ere, baina ezarritako ordenarekin benetako haustura baten zentzuan urrunegi joatea lortu gabe. Alegia, ez da izan erreboltarik kapitalismoarekin haustura lortu dutenak. Ez 68ko maiatzean, ezta Sobiet Batasunaren gainbeheraren ondoren edo arabiar iraultzetan ere. Are, gehienetan iraultza horietan porrotak atzerapauso nabarmenak ekarri ditu. Zergatik galdetzea ez da alferrikako ahalegina.[7]

Hala ere, gertatuak gertatu, Iraultzaren beharra aldarrikatzeaz gain (horretan  zintzo demonio sinesten baitut, eta ez dut uste fede kontua denik, posibilitatea baizik), serio hartu behar da gizarte kapitalistaren eraldaketak (neoliberalismoaren eragin kaltegarria langileriaren arima ahultzeraino) gurea bezalako herrialde batean  zenbateraino ahuldu duen iraultzarekiko grina, ondo aztertzea

Esate baterako; nola lortuko dugu inoiz baino nazioarteko erakundeekin hornituta, estatu-aparatu boteretsu baten babesaz, burgesia indartsu eta egituratu batekin eta ondo finkatutako erakunde burgesekin eratutako sistema kapitalistari aurre egitea?


[1] Seigarren hondamendia edo desagerketa deitua ere. Fenomeno naturalek eragindako aurreko desagertze-gertaeretan ez bezala, seigarren desagertze masiboa giza jarduerak bultzatzen du, batez ere (baina ez soilik) lurraren erabilera jasanezinak, uraren eta energiaren erabilerak eta klima-aldaketak eraginda.

[2] Erria aldizkarian “Aporia erresolbitu ezin daitezkeen korapiloa” bezala azaltzen da

[3] “erreforma sozialen aldeko borroka erdibidea da eta iraultza helburua” R.L

[4] “zer motatako egoeretan eta zer espazioetan jokatu behar den iraultzaile gisa eta noiz, zer motatako egoeretan jakin  behar den ekintza erreformistara pasatzen”. Lenin

[5] XX. mendeko hasieran Alemaniako sozialdemokrazian izandako eztabaida.

[6] IV. Internazionaleko zuzendaritzako kide zen Ernest Mandel ekonomilari marxista ospetsuari entzun nion , paradoxa betean bizi ginela, zeinean garai bateko erreformazaleek jada ez dutela erreforma sakonak bultzatzen hoberenean egoeraren kudeaketara mugatzen direlarik, eta askotan, kapitalismoaren austeritatea inposatuz, ta aldiz, iraultzaiale sutsuenak erreformen alde su eta gar.

[7] Jakina, gai horiei erantzun egokia emateko gai izango banintz txiki utziko nituzkeen, Marx, Lenin, Trostki , Mao, Txe Gebara eta enparauek, eta ez da hori nire kasua, bistan denez. Alderantziz, zalantzaz zalantza jarduten ikasi behar dugu, eta  (osasuna lagun) nirean bizitzaren arnasa izan den iraultzarekiko grinaz eta borondatez aurrera jarraituz. Eta argitasun estrategiko eskasa izan arren, toki desberdinetan sortzen ari diren eztabaidei arreta emanez zerbait ikasteko esperantza mantenduz. Horregatik ere hausnarketa xume hau, atal batzuetan nahasi samarra suertatu bazait ere…

Iraultza sozialistari buruzko zenbait burutazio (II)

Iraultza sozialistari buruzko zenbait burutazio (I)  Iraultza sozialistari buruzko zenbait burutazio (I)  Iraultza sozialistari buruzko zenbait burutazio (I)

Oreretarra. Idazlea eta politikaria. Alternatiba alderdiko kidea.

3 pentsamendu “Iraultza sozialistari buruzko zenbait burutazio (I)”-ri buruz

  • Galdera bat, gehienentzat mixeria eta sufrimendua sortarazten omen duena kapitalismoa izanik, zeintzuk dira kapitalismotik at dauden eta emaitza obeak eman dituen sistema?

  • Zure galderari erantzuteko, iker, lehenik jakin beharko genuke ea zer adierazi nahi duzun “emaitza hobeak” diozunean

  • Artikuloak aipatzen duen mixeria eta hondamendia adibidez.