Marmota

Marmota –
Marmota

Orain hilabete batzuk, Hertzainak musika taldearen azken kontzertuan egoteko parada izan nuen. Aukera aparta, bestela. Ostiral hartan, milaka lagun bildu ginen BECen Gasteiztarren akorde errebeldeei gorazarre egiteko asmoz, gure bizitzetako oroitzapen desberdinak berrelikatzeko, edota, besterik gabe, asteko errutina soiletik irteteko. Esan liteke, vox populi, taldearen abestirik ezagunenetarikoa Aitormena dugula, eta hala, gau hartan, Gari eta konpainiari betiko fideltasuna aitortu genien entzuleok.

Rutinaren morroiak bihurtu gara… zioen abestiak, bai. Baina zer jotzen dugu errutinatzat? Noiztik itotzen gaitu, hizki xehez idatzi arren, gure gizartean hain esangura larria duen hitz horrek? Horri buruz hausnartzeko denbora askorik ez dudan arren, gure aitona-amonen “leinu kideak” datozkit burura, halabeharrez. Iratzarri edo esnatu –egunero esnetan joateko–, soloa orraztu, egurretan joan, gaztainak bildu, hamaika eta bat pertsonentzat bazka prestatu, erratzari adartxoak konpondu, beheko suko galdarak txartatu… Euren bizitzak, gure arbasoenak, ohi bezalakoak ziren, rutinarias; zereginez beteak, llenas de rutinas, alegia. Bada, egunerokotasuna amonak maisuki maneiatzen zuen goruaren jira-biren erritmoari lotuta zegoen, ezinbestean.

Bai, bai, Elizak ondotxo ezartzen zuen moduan, igandeetan eginbeharreko guztiak baztertu eta atseden hartu beharra zegoen, gaurdaino, behintzat; gaur egun, ez dakit hain serioski betetzen dugun arau hori, ordea. Emakumeek mezatik irten eta etxera bidean, zorte apur batekin, auzokoekin hitz egiteko parada izango zuten, edota bazkal ostean ontza bat txokolate jateko lizentzia; errutina dei ziezaioketen horretatik piti bat aldetzeko, akaso. Emakumeen kasuan, peccata minuta, baina bekatua, halere. Gizonezkoak, ordea, sofistikatuagoak ziren: tabernara joan, eta txikito eta pattar artean errutinak ezarritako zamak apaldu edo ahantzarazi.

Eskerrak garaiak aldatu diren. Gaur egun, gure bizitzak ardazten dituen beharretik irten orduko, “zorionekook” hamaika aukera maneiatzeko kapazak gara, betiere errutinaren morroi ez izateko; Gariren esaldiari aurre egiteko. Crossfit, body-pump, macrame, pilates, eskalada, yoga, txinatarrera ikasi, umeak parkera eraman eta haiekin aisialdiaz gozatu (ahal duenak, behintzat), etxean patxadaz irakurri edo Netflix ikusi…

Errutinari iskin egiten ahalegintzen gara, baina uste dut hainbeste tematu ondoren, paradoxikoki, “iraultza” horren esklabo bihurtu garela. Gaur bertan, lanetik irten eta jarraian (bazkaldu gabe joan naiz eta) eskalatzera nindoala, zubi baten azpitik pasatu naiz, eta hara! Grafiti arrunt xelebrea ikusi dut: Marmota bat horman margotua kartel bat esku artean duelarik. Ba al dakizue zer zioen kartelak? Marmota esnatu! Nik, bestela, –neure baitan– koma bat jarri nuen lehenengo hitzaren ostean: Marmota, esnatu!

Marmota