Collins Elhuyar euskara-ingelesa hiztegia online

Collins Elhuyar euskara-ingelesa hiztegia online –

  • Elhuyarrek ingelesa zubi-hizkuntzarik gabe ikasteko baliabide berri bat jarri du gizartearen eskura, doan.
  • Collins Elhuyar English Basque Dictionary euskara-ingelesa hiztegia gaurtik aurrera online kontsultatu daiteke.
  • Gailu mugikorretan eta ordenagailuan instalatzeko aukera.

Elhuyarrek baliabide berri bat jarri du gizartearen eskura, doan, ingelesa zubi-hizkuntzarik gabe ikasteko. Gaurtik aurrera, Collins Elhuyar euskara-ingelesa hiztegia online kontsultatu daiteke hiztegiak.elhuyar.eus atarian. Baliabide honi esker, ingelesa ikasten ari diren euskaldunek ez dute ingelesa-gaztelania edo ingelesa-frantsesa hiztegien beharrik izango. Hiztegiak 65.100 sarrera ditu guztira, bi ataletan banatuta: euskara-ingelesa atalean, 31.700; ingelesa-euskara atalean, 33.400.

Hiztegi honen lehen bertsioa paperean kaleratu zen, 2016an. Orduan, ingelesa-euskara atala osatzeko, Collins Concise Spanish Dictionary hiztegia hartu zen oinarri, eta Euskaltzaindiaren Hiztegia ezinbesteko erreferentzia izan zen, Ehuyarren euskara-gaztelania hiztegiarekin batera. Collins argitaletxea bera ere harro agertu da horrelako proiektu batean Elhuyarrekin elkarlanean aritu izanaz, behar-beharrezkoa baita ingelesa-euskara hiztegia egiteko.

Papereko lehen argitalpen hartatik, hainbat eguneratze izan ditu hiztegiak, eta bertsiorik berriena dago kontsultagai Elhuyarren hiztegi orokorren webgunean, euskara-gaztelania eta euskara-frantsesa hiztegiekin batera.

Hiztegi hau, Elhuyarren beste hiztegiak bezala, dinamikoa eta bizia da, eta etengabe eguneratuko da aurrerantzean ere. Baliagarria izango da eguneroko lanerako hainbat erabiltzailerentzat. Besteak beste, ezinbesteko tresna izango da itzultzaile, ikasle, irakasle eta, oro har, hizkuntzarekiko interesa duen edonorentzat.

Elhuyarrek ingelesa zubi-hizkuntzarik gabe ikasteko jarri du Collins Elhuyar English Basque Dictionary hiztegia gizartearen eskura, doan, une oro kontsultatzeko moduan. Webgunean bakarrik ez, gailu mugikorretarako aplikazioan ere kontsultatu daiteke (Android eta iOS), eta norberaren ordenagailuko mahaigainean instalatu ere bai, edozein programatatik zuzenean kontsultatu ahal izateko.

Collins Elhuyar euskara-ingelesa hiztegia online

Elhuyar 1972an jaio zen zientzia eta euskara uztartzeko asmoz. Elhuyarrek Kultur Elkarte bezala egin zituen lehen urratsak eta 2002an Fundazio bihurtu zen. Ordutik, Elhuyar Fundazioak etengabe dihardu lanean zientzia eta teknologia gizarteratzeko eta euskararen garapena bultzatzeko. Elhuyar Fundazioa irabazi asmorik gabeko erakundea da eta hainbat diru-iturriri esker dirau lanean: bazkideen ekarpenak, diru-laguntza publikoak eta Elhuyarrek ekoizten dituen produktuetatik lortutako mozkina. Elhuyarren xedea hauxe da: Euskara zientzian, teknologian eta gizartean sendotzen eta harentzako arlo berriak eraikitzen egiten dugu lan, euskal komunitate aktiboa eta kritikoa helburu.