Iraultza sozialistari buruzko zenbait burutazio (II)

Iraultza sozialistari buruzko zenbait burutazio (II) –

Iraultza sozialistari buruzko zenbait burutazio (I)

Kapitalismoa kontzienteki  borrokatu

Izan ere, aipatu dugu, kapitalismoak ez duela sortzen (sozialdemokraziak uste izan zuen bezala) modu endogenoan bere gainditzea. Hau da, berez ez dela hilko, ezta kontraesanean itoko. Pertsonen eta klaseen borondateak, esplotatuek eta zapalduek beren interes-komunitatearen kontzientzia garatzeko eta alternatiba bat sortzeko duten gaitasunak bakarrik eragin ditzake haustura historikoak, esplotaziorik eta zapalkuntzarik gabeko gizartea ezartzea ahalbidetuko dutenak, Iraultza, arrakasta izan dezan, estrategikoki pentsatu eta politikoki gauzatzeko gai bada .

Frogatu da, ez dagoela historiaren automatismo sasi-objektibistan sinisterik baina gauza okerragorik. Hori sinistu nahi zuen sozialdemokraziak eta Iraultza hori automatikoki etorriko zelakoan beraiek erreformak egitera mugatuko ziren. Azkenean, kapitalismoa gainditu baino kapitalismoak irentsi zituen. Gaur egungo sozialdemokrazia sistemaren partea da. Dena den, egia da ere, azken 50urteetan iraultzaileok (salbuespen kasuetan izan ezik) ez dugula lortu emaitza handirik eta iraunkorrak, ez ordea borrokatu ez genuelako edo sineskerian erori ginelako, baizik konbate gogorrean bentzutuak izan ginelako (ez menderatuak, ordea). Eta horrek, egindako erru eta akatsen inguruko autokritikaz gain, irakurketa estrategiko bat eskatzen du: indar harremanen bilakaerak, erabilitako estrategiak: iraultza iraunkorra edo etapetan, aliantzak zeinekin eta zeinen hegemonia pean, borroka politikoa militarra, armagintza berriak zer eragina duen talka garaietan, estatua nola borrokatu, eta bar. Beraz betiko gakoak egoera berri batean txertatuak.

Abiapuntua beti borrokarako konbentzimentuan datza. Izan ere, menderakuntzak errebolta sortzen du eta iraultza egiteko aukera ireki naiz eta irabazteko bermerik ez egon[1]. Hortik ikasi beharra dugu. XX. mendean, klase menderatzaileek mendeko klaseekiko zuten nagusitasuna krisian sartu zenean (gertatu zen eta gertatutako da berriro, hori ziurtzat eman dezakegun, ez ordea ondo aterako zaigunik) eta azken horiek gizarte osoko kontraesanen bihotzean esku hartu zutenean, beste legitimitate batek bere boterea inposatzea ahalbidetu zuen, klase nagusikoa boteretik kenduz,eta iraultzak gauzatuz (naiz eta ondoren porrot egin zuten, horren inguruan eztabaida gogor bat izanik boltxebikeak aurreregi joan omen zirela etapa demokratiko burgesa modu okerrean gaindituz) Nik uste, Iraultza ustez demokratiko burgesa izango zena, iraultza proletarioa sozialista bihurtzeak ez zen akats estrategikoa izan. Geroko gertakizunak abiapuntu askoz konplexuak izan zituen oinarrian. Gerra zibila, iraultzaren isolamendu internazionala, inguruko iraultzen porrotak (batez ere Alemaniakoa, eta abar). Halaz ere zenbait neurri, gerra-komunismoaren inguruan, Industrializazio txikitzaile, nekazaritza intentsiboa, hiperzentralismoa, demokrazia eza, errepresioa barne disidentziari eta etsia menderatzeko erabilitako zenbait erabaki partidu komunista eta iraultza bera kaltetu zuten degenerazioari bide emanez.

Esperientzi horietatik asko ikas daitezke. Ahatik, Daniel Bansaïdek, proposatzen zuen izandako iraultzetik (irabazle edo galtzaile) dena ezin dela baztertu edo alboratu. Erditik berriro hastea proposatzen zuen, jakinik mugimendu sindikalak eta indar politikoak egun berreraikitzen ari garela, baita politikak birdefinitzen ere, birfundazio estrategikoa proposatuz.

Iraultza sozialistari buruzko zenbait burutazio (II)

 

Zer nolako sozialismoa

1989ko inguruan izandako krisi ekologikoen eraginarekin eta mundializazio neoliberalaren ondorioekin duen lotura neurtu behar dugu. Kapitala ezin da existitu, ekoizpen-tresnak eta, beraz, ekoizpen-harremanak etengabe irauliz baizik, eta horrekin batera gizarte-harreman guztiak, Marxek eta Engelsek 1848an Alderdi Komunistaren Manifestuan idatzi zuten bezala, 1980ko hamarkadaz geroztik goitik behera eraldatu du gizartea, eta, beraz, emantzipazioaren alde borrokatzeko baldintzak.

Ekoizpen kapitalistaren ondorioz ingurumenaren suntsiketa azkartu izanak, kapitalozenoan sartu izanak, ehunka milioi edo milaka milioi gizaki, batez ere pobreenak, arriskuan jar ditzaketen eraldaketa kualitatiboen aurrean jartzen gaitu, krisi sozialen eztandarekin, klase borrokaren baldintzak sakon aldatuz. Naomi Kleinek dioen bezala, horrek dena aldatzen du.

Krisi ekologikoa dela eta, Aldarrikatu behar dugu energia gutxiago kontsumitzea, alferrikako garraio gutxiago, auto gutxiago, haragi gutxiago jaten, zaharkitze programatuari amaiera ematen eta, industrian eta nekazaritzan, ekoizten dena zein ekoizteko modua aldatzen dituen gizarte bat eraikitzea ezartzen digute. Eta horrek historikoko sozialistatzat ematen ziren programak aldatzea suposatzen du. ( Esan nahi baita, Sobiet Batasunean sozialismo orekatu batekin zer ikusterik ez zuen garapen industrial ero batek izugarrizko hondamen ekologikoa sortu zuen. Aral itsasoaren lehortzea, Chernobilko istripua, armagintza lasterketa, eta bar. Eredu hori ez zaigu balio, aitzitik kontrakoa zaigu). Baita, etikoki hain goraipatua izan den Marxen aldarria, ni neuk oso gogoko nuena:Bakoitzak bere ahalmenaren arabera, bakoitzari bere beharren arabera[2] etorkizunerako balio zaigu? Ez gizakiaren behar hori birdefinitzen ez bada. Hegoamerikar indigenenek aldarrikatzen duten : sotiltasunez asmaturiko ongi bizitzearen zentzu berria Ama lurrarekin adiskidetuta. Eta baita, lurra eta natura modu kolektiboan lantzeko aukera.

Hau da, proposatzen da, funtsezko aldaketa XX. mendeko proiektu sozialistarekin lotuta. Ohiko sozialismoak pentsatzen zuen kapitalaren desjabetzearen bidez mugarik gabeko ugaritasuna banatzean zetzala justizia soziala eta sozialismoa. Ez da aski. Izan ere, ikuspegi sozial, politiko, tekniko, intelektual eta moral batetik, ekosozialismoa beste zibilizazio bat da, kapitalaren desjabetzean eta gizakiak planetan duen lekuaren, naturarekin eta beste izaki bizidunekin dituen harremanen beste ikuspegi batean oinarritzen dena. Soiltasun zoriontsu bat martxan jartzea, bizitza sorkuntzan, trukaketan eta ez kontsumoan barneratuz, mundua aldatzeko borondatearekin egin behar dena, eta , ez estatu arautzaile eta/edo errepresibo batek ezarritako betebeharraren pean, nahiz eta langilea (edo bere izenean)izan.

Hor sartzen da desazkundearen zentzua, gaur egun trantsizio ekologikoari lotuta eta biharkoan gizarte eko-sozialistarekin bat egiten duena.

Zer nolako misioa

Oztopo nagusiak gaurko Kapitalismoa eta Estatu neoliberala ditugu (eta okerrera egin dezaka eskuin muturraren eraginpean); hauen indarrak eta konplexutasunak konparaziorik ez dutela XX. mendean iraultzak arrakasta izan zuen herrialdeetako estatuekin.

Alde batetik, merkatuaren diktadura errespetarazteko, neoliberalismoak estatu indartsu eta errepresiboak sortu ditu elite baten inguruan; baita nazioz gaindiko erakundeetan oinarritutako  era guztietako instituzioak .

Bestetik, burokrazia askoz handiagoa eta garatuagoa dute; beren funtzio erreal eta errepresiboetarako ehunka mila koadrotan oinarrituta; hezkuntzaren, osasunaren, armadaren eta abarren funtzionamenduaz ez hitz egiteagatik. Eta burokrazia hori, ezkutuan edo bigarren mailan egonik ere, oso legitimatua dago. Nola egin dezakegu, orainean eta etorkizunean, ertz askoko aparatu hori neutralizatzeko (instituzio politiko alorrean), aldatzeko (hezkuntzan, judikaturan) edo birrintzeko (armadaren gaitasun errepresiboa).

Oztopo horiek gainditzeko behar den Iraultza proiektu heroikoa da, baina ezinbestekoa. Sozialismoa ala basakeria! Oihukatu zuen Rosak. Hola da, baina basakeriari aurre egitea baino haratago joan behar dugu, gizarte eta zibilizazio berri bat  Eraikiz.  Ezkortasunari baikortasunarekin erantzunez.

Hegemonia ideologiko-kulturalaren garrantzia

Iraultza sozialistari buruzko zenbait burutazio (II)Azpimarratu beharra dago Gramscik langileen mugimenduari egindako ekarpenik garrantzitsuena hegemoniaren teoria dela; hau da, klase kapitalistak denbora gehienean, indarrez baino, kultur hegemoniaren bitartez botereari eusten diola deskribatzen duena, behar dutenean makila erabiliz, baina, normalean, azenarioa eta ideologia edo kulturaz baliatuz. Margaret Thatcher horren jabe zen, jipoitzeaz gain, langilearen arima bereganatu behar zutela aldarrikatu zuenean.

Bada ez bada, ezin ahaztu ere, Estatu neoliberala gizon armatuen talde batera mugatzen ez bada ere, hori ere badela. Burgesia boteretik kentzea ezinezkoa izango da, hegemonia disputatzeaz gain,  horrek sortuko duen liskarrik gabe, indarkeriarik gabe; ez baitu utziko boterea  indarrari eutsi gabe.

Indarren erabileraz zer?

Txilen, Allenderen Gobernuari, edo Espainiako II. Errepublikari  euren armadek Estatu kolpeak eman zizkieten. Egun, Estatu burges handien indar errepresibo eta militarrak, abiazioa eta bonbardaketa masiboak, misilak, droneak eta biztanleriaren kontrolerako inoiz baino bitarteko gehiago existitzen direnetik, nabarmen handitu du masa-mugimenduaren balizko gaitasun militarrekiko aldea. Gaitasun galera.

Gai horri heltzeko beharra baztertzea, aukera iraultzaileak serioski pentsatzeari uko egitea da. Botere burgesak, bere indarra erabiltzeko baliabide politikoak eta giza baliabideak gorde ditzakeen unetik, handia bihurtzen da gu zapaltzeko arriskua. Gehiengoaren babesa duen mugimendu iraultzaile batek, irabazi nahi badu, baldintza politikoak sortu behar ditu, zalantzazko botereak indar hori erabiltzeko aukerarik izan ez dezan. Arlo militarra garrantzitsua izango da,  batez ere, bere erakunde militarretan demokraziaren aldeko jarrerak bultzatzeko eta burgesiaren erantzuna barrutik neutralizatzeko (eskuin muturrak arlo horretan abantaila handia hartu digu), baina garaipena ezin da erreakzionarioak neutralizatzera mugatu, baizik eta botere zaharra desegituratzeko gaitasuna izatea lortu: politikak du azken hitza! Baina botereak badu zer ikusterik fusilarekin (Mao dixit)

Hauteskundeak eta instituzio burgesen gakoa

Gaur egunera itzuliz, eta gauzak asko okertu diren arren; prozesu honetan,  XX. mendeko Errusiar inperioarekin edo Txinatar gizarte kolonialarekin alderatuta, askatasun demokratikoak duela mende bat baino gehiagotik existitzen diren eta biztanlerian errotuta dauden herrialde batean, zer leku hartzen dute hauteskunde eta erakunde demokratiko burgesek ? Handia, ezbairik gabe!

Nahiz eta, berez, hauteskundeek ezin dioten boterea kendu burgesiari (eta hori uste duenak jai du), botere hori beste zutabe eta eremu desberdinetan banatua dagoelako (ekonomikoa, soziala eta militarra), pentsaezina da prozesu iraultzaile bat gai-zerrendan jartzen duen indar-harremana ez itzultzea modu batera edo bestera hauteskundeen aurrera egin gabe. Gai horrekin zerikusirik badu hegemonia kulturalaren kontua. Hau da, hain salagarria den parlamentar kretinismoa (Lenin dixit) bezain arriskutsua dugu bataila horri iskin egitea, alteritatean kokaturik.[3]

Erakunde liberal burgesetan printzipio sozialistekin leial, zintzo eta fermuki ez aritzeko beldurrak ( jarduera instituzionalak usteldu eta integratu egiten duelako), bataila horretatik kanpo jartzeak ez du demostratzen konfiantza handirik dagoela partidu batetiko sendotasunarekin eta jatortasunarekin. Jarrera abstentzionista horrek indar akumulazioaren estrategia zapuzteaz gain, etorkizunaz ahul ikusten du bere tinkotasun iraultzailea. Izan ere, ustezko balizko garaipen batean, aldez aurretik zaildu gabeko partidu hori (burgesiaren losintxa eta sirena kantutik ihes eginez) nola erantzungo lioke usteltzearen aldetik askoz arriskutsuagoa izango den egoera bati? Erakunde burgesetan aritzea arriskutsua baldin bada (eta  da); askoz arriskutsua da behin  boterea bere eskuan duela horrek sortzen dituen pribilegioak beren onerako erabiltzeko eta degeneratzeko benetako arriskua[4]. Sobiet Batasunean eta orain Txinan gertatutakoa dugu lekuko.

Iraultzaren aldeko mugimendu batek gai izan behar du kapitalismoaren instituzioetan  sendo eta firme eusteko bere printzipioei; behin sozialismora helduta, printzipio bertsuekin jarraitzeko, degeneratu edo usteldu gabe. Bi egoeretan arriskuak daudela ezin uka, eta hori oso kontuan izan beharko dugu, baina bai batean zein bestean, gakoa da leial mantentzea eta arriskuaz ohartuta egotea. Beste kontua da, uste bada, boterearen esparruan eta boterearen aurka borrokatzeak azkenen beti usteltzen dela (anarkistak edo autonomoak dioten bezala) erakundea edo pertsona. Hala balitz, erreforma garaietan zintzo eta ondratu eta iraultza ondoren sano eustea, ezinezkoa dela sinistea litzateke. Gizakiak, egiten duena egiten duela, ez duela atarramentu onik, beti usteltzen dela.

Siniste horrek gutxi du  iraultzailetik eta gehiegi derrotismotik. Gauza bera egoerari aurre egiteko modua. Hondamendi eta katastrofe baten aurrean gaudela ukatzeak inkontzientziara garamatza.

Bietan, derrotismo edo etsipenean, murgiltzea gure akabera suposatuko litzateke. Berriro Gransci gurera ekarriz, arrazonamenduaren ezkortasunari (egoera latza baita eta hori ezin da ezkutatu) borondatearen baikortasunarekin erantzun behar zaio. Baina borondateak kontuan izan behar du ze baldintzetan borrokatzen dugun.

Antidotoak garatu

Hori bai, gaurko egoera burgesean zein iraultzailean, garrantzia duena da: gertatutako degeneraziotik (sozial demokraziarena edo estalinismoarena) ikastea, gaurtik pribilegioei aurre eginez, [5]langileriaren, herritarren eta mugimendu sozialen independentzia eta autoantolaketa bultzatuz. Hori baita, barne demokraziarekin batera ez usteltzeko antidotorik hoberena.

Dena den, hauteskundeek borroka politikoan duten lekua dela eta, aipaturiko zuzeneko demokraziako proiekturik ezingo da txertatu gizartean, zehazki lau urtetik behin hauteskundeak egitea baino eraginkorragoa dela beste moduetan aritzea frogatzen ez badu. Eta arlo horretan ezkerreko partidu gehienak hankamotz dabiltza (gabiltza). Ekintza komuna eta maila guztietako (enpresetan, auzoetan, kaletan…) antolaketa kolektiboa jardueraren eguneroko jardueratik hasi eta botere bikoitzeraino, funtsezkoak dira esperientziak bultzatzea. Alegia, posible dela gizartearen zati bat funtzionaraztea, maila mugatuetan ere, auto-antolaketaren bidez.

Azken urteetako herri-altxamenduek behetik antolatzeko gaitasuna erakusten dute, sare sozialei eta milaka aktibistaren ekimenari esker, egungo gizartean mantendutako botere-delegazioa bere egiten ez dutelako. Beste pertsona trebeagoek hobeto egin dezaketelako ideiari aurre egiten dion guztiak erakusten du, beheko ekintza komunean, lantokietan eta auzoetan, zapalduen taldeetan, kooperatibetan, kontsumoan, kirol-jardueratan, bizitza edo aisialdia antolatzen dituzten elkarteetan, bizitza antolatzeko irtenbide hobeak aurkitzen direla, aukera handiak ematen dituela. Oraindik ez dira aurkitu mobilizazio eta ekintza-modalitate berri horiek kontuan hartzen dituzten zentralizazio eta ordezkaritza-moduak. Partiduek lagundu dezakete zer egin horietan, ez ordea, ordezkatu eta suplantatu eta gutxiago, transmisio uhalak bihurtu.[6]

XX. mendeko iraultzetan, klase subordinatuen aliantzaren gai nagusia, batez ere, proletarioen eta nekazarien (igitaia eta mailua)arteko aliantzan zentratu zen. Gaur egun, gure herrialdeetan, kontua oso bestelakoa da: lan-tresnaren jabe ez direnen klaseak, lan-indarra saltzen dutenen klaseak, lana galtzen dutenen klaseak, lanean mendeko posizioa dutenen klaseak, biztanleriaren gehien-gehienak dira, hiru laurdenak ziurrenik. Baina klase hori ez dago bateratuta, kapitalak egituratutako barne-zatiketek, zapalkuntza anitzek (emakumeen zapalkuntza, arrazakeria, menderatze nazionala, etab.) zeharkatzen dute. Horrek eskatzen du erpin askoko estrategia. Klase subordinatuetako bat bera ere ez da gaur egun etorkizun hobea ahalbidetuko duena.

Izan ere, proletariotza ez da ezaugarri soziologiko eta estatistiko objektiboek definitzen duten gizarte-entitate soil bat, baizik eta eraikuntza politiko bat: gizarte-indar gisa eratzen den neurrian baino politikoki existitzen ez dena, gizartea aldatzeko borrokan emantzipazio-proiektu baten eramaile den subjektu iraultzaile gisa. Funtsezko kontua da, beraz, iraultzaileek indar itzel hori politikoki bateratzeko nola joka dezaketen jakitea, indar hori ez baita bere buruaz hain kontziente, jakinda esplotazio-harremana egituratzailea dela produkzioaren eta erreprodukzio sozialaren dimentsio guztietan ulertzen den unetik.

Horren erakusle garbia da, inoiz baino beharrezkoa den iraultza ekosozialistaren premia; eta behar horrek oraingoz hain predikamentu gutxi izatea.

Lortuko dugu egoera honi buelta ematea? Hala bedi!

IN MEMORIAN
Mikel Martin Conde
Adiskide eta burkide iraultzailea

[1] Historia zehar, ez beti baina gehienetan izan dira menderatuak zapalduen altxamenduak, halaz ere ziklikoki berpizten dira toki eta egoera desberdinetan.

[2] Gothako Programa

[3] Garai baten Kontsejuzaleek defendatzen zuten eta gaur egun  GKSkoak. “Langile klaseak politikan parte hartu behar du, baina ez politika instituzionalean, hortik kanpo baizik. Erakunde propioak eraikitzearen alde egiten dugu, etsaien aurrean botere kuotak eskuratu ahal izateko, betiere estatu sozialistaren norabidean. (Berriaren elkarrizketa). Iritzi hau legitimoa da eta beste garaietan predikamentu handia izan muturreko komunismoaren baita. Bina nire usten ez da egokia Europako kapitalismoan”

[4] Burgesiaren presioari aurre egiteko gai ez den alderdi iraultzailea gutxiago aguantatuko du irabazle denean, eta azkar degeneratuko da. VI.Lenin ultraezkerrekoekin eztabaidan

[5] Politikan ari direnen soldatak mugatuz, beren jarduera arlo instituzional desberdinetan (izan alderdi edo sindikatuen zuzendaritzako liberatuak, zein parlamentuetan) urte jakin batzuetara mugatuz, beren iraupena edo aldaketa afiliatuen edo herritarren ustearen baitan jarriz…eta aldian aldiro mugimendu sozialetan birziklatuz.

[6] Adibidez, ez zitzaidan ondo iruditu EHBildu eta LAB prentsaurreko berberan batera azaltzea Hezkuntza auziaren inguruan. Elkarrekiko sintonia ona izatea eta proposamenetan adostasuna onuragarria da baldin eta menpekotasunik ez badago.

Iraultza sozialistari buruzko zenbait burutazio (I)

Iraultza sozialistari buruzko zenbait burutazio (II)  Iraultza sozialistari buruzko zenbait burutazio (II)  Iraultza sozialistari buruzko zenbait burutazio (II)  Iraultza sozialistari buruzko zenbait burutazio (II)

Oreretarra. Idazlea eta politikaria. Alternatiba alderdiko kidea.