Turismoa

Turismoa –

Eduardo Arriolabengoa Abasolok Alea agerkarian.

Argazkia: Pixnio.

Badirudi aurten turismoak errekor guztiak apurtuko dituela, jendeak atzean utzi nahi duela pandemia, beldurrak ahaztu, eta azken bi urte hauetan aurreztutakoa alaitasunez xahutu; nahiz eta erregaiaren prezioa inoiz baino garestiago izan. Irailaren aldapa gogorra datorrela dirudien arren, ulergarria da, pasatutakoa pasatuta, jendearen jarrera axolagabea. Gero gerokoak.

Masen fenomenoa bihurtu da turismoa, kontsumorako xede, uztailaren edo abuztuaren hasieretan tren eta autobus geltokietan, aireportuetan, eta, batez ere, errepidetan biltzen den jendetza izugarriak adierazten duenez. Batzuk herrian duten etxera, hondartzara askok, herrialde ezezagunetara besteek. Mugitu, bidaiatu, atzean utzi eguneroko errutina. Egunerokotasuna apurtu, aire berriak arnastu, bizitza estresatua duenak lasaitasuna aurkitu, ohikeriaren aurka abentura bidaiaren bat egin, parrandarako eta disfrutatzeko aukera, herri eta kultura berriak ezagutu, norberaren zerumugak zabaldu… Asko izan daitezke bidaiatzeko aukerak eta arrazoiak, turismoa egiteko aitzakiak, oporrak igarotzeko formak.

Ematen du, ezinbestez , oporrak disfrutatzeko etxetik urrun joan beharra dagoela, bidaiatzea derrigorrezkoa dela, norberaren herritik edo hiritik alde egitea premiazkoa bihurtu dela. Ez gara konturatzen asko badira ere oporretan kanpora doazenak, gehiago direla bere etxean geratzen direnak, batzuk horrela erabaki dutelako, eta, askok ez dutelako baliabiderik oporrak etxetik kanpo igarotzeko. Behin baino gehiagotan gertatu zait, oporretatik bueltan lantokian urteroko nora joan zara edo non egon zara galderei emandako erantzun lasaia: inora ez.

XIX. mendearen bidaiari erromantikoen garaia miresten dut. Bidai luzeak, leku batetik bestera joateko zalgurdiz egindako legoak, oinez egindako kilometroak, pasatzen ziren herrietako bizimodua, ohiturak, lanak, festak, paisaiak, monumentuak edo hizkuntzak ezagutzen, lasaitasunez, eta baita batzuetan arriskuak ekiditen ere. Protagonista ez zen bidaiaria, bidaian aurkitutakoa baizik; ez zuten argazkiak egiteko aukerarik izan, baina bai, aldiz, izugarrizko bidai-liburuak idazteko edo ikusitakoaren isla marrazkien bidez erregistratzeko. Gaurko bidai labur eta trinkoetan monumentu edo paisai asko ikusteko aukera dugu baina ez gara ezagutzera heltzen, azalean geratzen gara, pasatzen gara, ez gara egoten. Egipton egon garela baino, Egiptotik pasatu garela esan beharko genuke. Gu gara protagonista, gu azaltzen gara monumentuaren aurrean ateratako argazkian, handik igaro garela jakinarazteko filmatutako bideoan paisaiaren aurrean gu agertzen baikara.

Asko hitz egin da turismoak duen eraginaz hiri turistikoetan, gentrizazio fenomenoaz, etxebizitzen alokairuan izan dituen ondorio kaltegarriez, Airbnb plataformaren fenomenoaz. Airbnb akronimoa duen plataformak – Air bed and breakfast ingelesez, hau da lastaira eta gosaria- Californian 2008. urtean sortu zen eta gaur egun mundu osoko 100.000 hirietan 6 milioi oporretarako ostatu plazak eskaintzen ditu, hotel klasikoen zerbitzuaren konpetentzia indartsua bihurtuz. Gauza bera gertatu da etxebizitza turistikoekin eta, hainbat hirik, Bartzelona edo Donostia kasu, arautu behar izan dute fenomeno honek hirigintzan duen eragin kaltegarriengatik. Badirudi, urte osoan hirian bizi direnentzako baino turismoa erakartzeko antolatzen dela udal politika, hiria mapan jartze aldera ekintzak antolatuz. Hala azaldu zen Aburto alkatea Parisen datorren urteko Tour hasiera Euskadin izango dela jakinarazi zigunean harro eta irribarretsu.

Turismoak Espainian duen eragin ekonomikoa pisu handikoa da: pandemiaren aurreko urtetan Barne Produktu Gordinaren %12,4 izan zen, %5,5 era jaitsi zen 2020. urtean eta aurten pandemiaren aurreko mailara helduko dela espero da. Baina, ekologiaren aldetik jasangarria al da jarduera turistikoa? koherentea trantsizio energetikoarekin? errespetagarria klimaren aldaketarekin? Argi dago ezetz. Pairatzen ari garen lehortea beste abisu bat da, daramagun bide okerraren aurkako beste ohartarazpen nabari bat. Ama Lurra, Gaia, menperatu dugula uste genuen; baina Ama Lurrak, Gaia-k, menperatu egin gaitu.

Turismoa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.