Aureliano

Aureliano –

«Urte asko geroago, fusilamendu-pelotoiaren aurrean, Aureliano Buendia koronelak bere aitak izotza ezagutzera eraman zuen arratsalde urrun hura gogoratu beharko zuen». Hala ekin zion Gabriel Garcia Marquezek errealismo magikoaren eleberri ezagunenari.

Aureliano
Bolivarren ezpata. Arg: Wilfredor

Urte asko geroago, beste Aureliano batek —hori baitzen Gustavo Petrok M-19 gerrillan zerabilen goitizena— Bogotako Simon Bolivar plazan bildutako ehun mila lagunon aurrean, kide izan zuen gerrilla berak ia 50 urte atzera ostu zuen Bolivarren ezpata du gogoan.

1974an ebatsi zuten ekintza sinboliko batean eta ez zuten itzuli gobernuarekin bake negoziazioak izan eta armak utzi arte. Justuki, prozesu horretan Aureliano gerrillariaren komandante izan eta bide politikoari ekin berritan presidentegai zela hil zuten Carlos Pizarroren alabak, Maria Jose Pizarro senatariak, jantzi dio banda presidentziala. Luze gabe heldu da Kolonbiaren historiako aurreneko presidente ezkertiarraren lehen agindua: ekarri Bolivarren ezpata!. Eromena harmailetan. Herria zutik eta Borboia jarrita. Hori bai, Bolivarren euskal sustraiez harrotzen denak ez ditzala Uriberenak uka.

Ekitaldian aurrera, eta Aureliano orok behar duelako Ursula bat, Francia Marquezek zin egin du presidenteorde kargua.

Baliteke ez izatea tandem iraultzaileena, ekonomia ministroa cepalino bat izatea, bake akordioak betetzetik urrun egotea eta «ehun urteko bakardadera kondenatutako leinuek ez zutelako bigarren aukerarik» esanaz amaitzea Gabok —dagoeneko konfiantza dago— Macondoren historia. Baina Kolonbiaren azken ehun urteak kontuan hartuta, bigarren aukera baino, lehenengoa dute. Ea uzten dieten bakean.

BERRIArentzat egindako kolaborazioa

Aureliano

Denboragintzan lizentziatua/ barra ertzeko psiko-anarista / @manex_mu