Hemen dena da “euskal”, aisuec!

Hemen dena da “euskal”, aisuec! – 

Hemen dena da "euskal", aisuec!
Euskal sukaldaritzaK milaka aurpegi. Biba anístasuna!

Kultura sailburuorde ohiak, Joxean Muñozek, Berrian egindako adierazpenak irakurtzetik nator. Jaurlaritzaren hizkuntz politikaz eta kultur politikaz argi mintzatu da, konplexurik gabe. Bagenekiena berretsi du patxadaz: ez dago euskal kulturaren aldeko politika berariazkorik. Ez dut nik esaten, berak baizik:

“Azken urteetan egin diren politiketan ez dago beren-beregi lan ildo bat euskarazko kulturaren inguruan”

Bistakoa da, bai, eta emaitzak ere agerikoak dira. Euskal kultura gero eta ikusezinagoa da erdal kulturek itota, Jaurlaritzaren laguntzarekin, portzierto.

Pantailak euskaraz
Elkarrizketan zehar aipu mamitsuak aurki daitezke. Honako hau, berbarako:
“Erabilera ez da arauekin neurtzen, borondatea da. Lortu da Netflixek zati bat euskaraz egitea. Baina nork ikusiko du gero?”
Arduradun politiko batek jakin behar luke erabilera ez dela borondate kontua soilik. Euskara ez da orain baino gehiago erabiliko erabilera-baldintzak hobetzen ez badira. Besteak beste, Netflix bezalako streaming plataformetan eta pantailetan oro har (Eitb, mugikorrak, etab) euskarazko eskaintza kalitatezkoa eta nahikoa eskaintzen ez bada. Etsigarria da ikustea Pantailak euskaraz bezalako ekimen ezinbesteko batek ez duela Jaurlariotzaren laguntzarik oraindik ere, eta herritar euskaltzaleon babesaren eta bultzadaren baitan egingo duela aurrera, ez bestela.

Euskal Herrian egiten den guztia omen da “euskal”
“Hemen erdaraz idazten, antzezten, kantatzen… dutenak ere gure kulturaren parte dira”, dio Muñozek. Arrakasta handiko adagioa da hori, baina galdera asko eragiten dizkit, neuri behintzat.
Hala, katalanez, españolez, ingelesez, frantsesez, japonieraz, arabieraz, portugesez… jardun arren, EHn sortzen dena, “euskal kultura” da guztia?
Mikel Erenchunek eta Sara Zozaiak euskal musika egiten dute biek ala biek? “Los cinco bilbaínos” eta “Puro relajo” taldeek?
Fernando Aramburu “patriotak” literatura alemaniarra ekoizten du, han bizi denez gero?
Tapachula jatetxe “mexikarra” euskal sukaldaritzaren parte da?
Tokyoko ehunka flamenkozaleek kultura japoniarra sustatzen dihardute?
Idahoko bertsolariak kultura iparamerrikarraren enbaxadore dira?
Gaztelera eta frantsesa euskal hizkuntzak dira?
Euskal Herrian “lan” eginagatik, guardia zibila “euskal segurtasun indarren” parte da?

Hemen dena da “euskal”, aisuec!

Oinezkoa

17 pentsamendu “Hemen dena da “euskal”, aisuec!”-ri buruz

  • Oso esanguratsua da, eta Eusko Jaurlaritzaren hizkuntza politikaren adibide tristea, Kultura eta Hizkuntza Politikarako sailburuordetzak sail beraren (Kultura eta HPolitikarako Saila) bi hankak izanik, bata besteari bizkarra emanda jardutea erabat.
    Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak ez badu bere sailburuordetza bikian eragiten, zer eragin behar du bere gainetik dauden beste sailetan?

  • Hemen inork ez omen daki zer diren eta zer adierazten eta zer ezaugarritzen duten “euskal” eta “euskaldun” terminoek. Eta are gutxiago agintari politikoek, horien neurgailuak eta irizpideak beti taxutzen baitira botu espektatiben arabera.
    Pentsatu beharko ote dut akaso Austrian bizi izan nintzen bitartean euskaraz idatzi nituen guztiekin alemaniar literatura areagotzen ari nintzela????
    Eskertuko nuke arazo latz hori argitzea, laster hartu beharko dudan erretiroa ikaragarri abesrastuko bailitzateke

  • Agintari hauekin, euskara bidegurutzean baino, gurutzebide betean behar du. Zer maila eskasa eta zer epelkeria. Doazela etxera!

  • Euskal kultura euskaraz sortzen den kultura da, gazteleraz sortzen dena kultura hispanoa den moduan. Horrek ez du esan nahi hemen gazteleraz sortu ez daitekeenik, baina gazteleraz sortzen dena kultura hispanoaren parte da, gauzak argi!

    Nola izango da ba euskal kultura euskaldun guztiok ulertzen ez dugun zerbait?

  • Kultura sailburuorde ohiak dixit:
    “Azken urteetan egin diren politiketan ez dago beren-beregi lan ildo bat euskarazko kulturaren inguruan”
    Oso larria da, eta egia da. Ez da inondik ageri euskal kulturaren aldeko politikarik. Hortaz, EAEn ere sustatzen diren kulturak espainiarra eta ingelesa dira. Horretarako ez dugu Eusko Jaurlaritzarik edo Nafar gobernurik behar. Iparraldean bezala, dena Paristik zuzendu, eta kitto.
    Iruzurra esaten zaio horri nire herrian. Eta lotsa gutxi izatea.

  • Eta ez da ezer gertatzen.
    Euskalgintzaren ordez, ostrukarenagintza nagusi.

  • Gertatu, gertatzen da bai… hondamendia.
    Oraintxe bertan, ETB-1en “meza santua” euskaraz.
    ETB-2n “vascos por el mundo”, españolez.
    Hori da euskaldunoi ematen diguten bazka: meza santua, txistulariak, mariachiak…
    Jaurlaritzako arduradunak… eta enparauak, “seko harrituta” egongo dira jendeak ez duelako ETB1 ikusten.

  • Beñat Castorene 2022-08-21 11:45

    Bada kultura eta kultura, Jonjo zure kultura ez dateke sailburu horrena
    Kulturaren zure kontzepzioa ez da harena. eta kito!
    Ez naiz adituEAEkopolitikan eta politikarien jatorri eta ibilbideak ez ditut ezagutzen baina suposatzen dut administrazio kargu altuak boterean den koalizioa barruan banatu dituztela. Eta beharbada kultura sail ordetza espaniar sentsibilitatea daukan bati eileitu zaio eta behar bada sailburua euskalzaleago bati. Ala erratzen naiz?

  • Aupa Beñat!
    Ez dut uste kasua hori denik, Kultura saila EAJren eskuetan baitago. Hala ere, PSEren eta EAJren politikak gero eta antzekoagoak direla esango nuke, baita hizkuntz politikaren eremuan ere.

  • Beñat Castorene 2022-08-21 14:19

    Zer pena! Alta denboran ezagtu nuen EAko erakasle pila bat, baita sailorde bat ere, euskarazko heziketa teknikoaren defendatzaile irmoak zirenak.! Egia da zaharra naizela orai.

  • Portugesak ere hispanoak dira, eta bertze anitz herri. Zer problema dugu espainola esateko. Erdara edozein hizkuntza da. Baina gure atarian bizi den hori ez da hispanoa, espainola da, eta berak badaki.

  • Barka, baina EA zer da, Eusko Alkartasuna edo Sociedade horietakoren bat?

  • Kultura espainola erabiltzeak kanpoan utziko lituzke Kolonbia, Mexiko eta Hispanoamerikako beste herrialdeak, beraz, nahiago dut hain hedatuta dagoen hispano hitza erabiltzea haien kultura modu zabalean biltzeko (hispanoamerika, hispanismoa, hispanitate…).

    Portugesek eta portugesa erabiltzen duten herrialdeek “luso” erabiltzen dute (lusofonía, lusofono, lusoparlante, luso-brasileiro…).

  • Izatekotan Hegoamerikarrak dira. Penagarria da ustez euskaldunok garenak Ketxuak, Aimarak, Araukanoak eta Amerikako bertako herri guztiak kolonizatzaileek asmatutako hizkeraren arabera izendatzea. Agian ez zara ohartu, baina euskaldunak ere hispanoak omen gara. Zer ostia, beti mugagabean, da hau?

  • Hori babukeria erabatekoa. Hegoamerikako eliteek uste dute europarrak direla eta bertako benetakoak mezpretxatu eta gorroto dituzte, Chavez konparaziorako. Berez espainolak dira. Penagarria da ikustea geronen herria nola ia desagertu den azken Hogei urtean. Etorkizun latza dugu, gehienak espainol eta frantses bihurtuta.

  • Eta zer irizten diozu Angolakoei, Mozanbikekoei eta aberrekoei luso izendatzeari? Zuk ziurrenik emakume, gizon eta kristo guztien eskubideak defendatzen dituzu. Eta herri deitutako indigenenak? Hispania, tierra de conejos, kontzeptu geografikoa dugu, ez kulturala. Boa txabal.

  • Boa txabal, eta Hispanoamerikan non daude untxiak?
    Hispanitate eguna untxiki plateretaz gozatzeko eguna ote da? Boa txabal!

    https://es.wikipedia.org/wiki/Hispanos