Steve Jobs, ziber-gaizkileen amua
Ziber-delitugileek ez dituzte hildakoak ere errespetatzen. Steve Jobsen heriotza amu bezala erabiliz, Facebookeko erabiltzaileak engainatzen aritu dira gune maleziatsuetara eramanez. Hala ere, ez da delituak egiteko sona handiko pertsonen izenak erabiltzen duten lehen aldia, Bin Ladenen heriotzak ere ziber-gaizkileei ateak ireki zizkien.
Malewarearen hedapena gero eta ohikoagoa da eta Facebook plataforma ezin hobea bihurtu da horretarako, 800 milioi erabiltzaile baititu eta internauta askoren eguneroko bizitzako ezinbesteko pieza bihurtu baita. Hori dela eta, eta Appleko zuzendariaren heriotzak izan duen mundu mailako oihartzuna eta eragina direla medio, ziber-delitugileek aukera bikainarekin egin dute topo, PandaLabsek, Panda Securityren malwarearen kontrako laborategiak, aurkitu duenez.
“Steve Jobsten heriotzaren berri izan bezain pronto, horrekin zerikusia zuen malwarearen bila hasi gienen”, dio PandaLabseko zuzendari teknikoak.
Steve Jobsen heriotzaren berria hedatu eta gutxira, Facebooken “R.I.P Steve Jobs” izeneko orrialdea agertu zen, non ziber-gaizkileek URL maleziatsu bat argitaratu zuten, URL laburtzaile bat erabiliz benetako tokiaren izena ezkutatzeko. URLaren alboan, Applek Steve Jobsen oroimenez 50 iPad oparituko zituela jartzen zuen.
Estekan klik egiten duten erabiltzaileek garesti ordainduko dute iPad bat doan eskuratu nahi izana. SMS ugari jasoko dituzte spam modura eta mezu horietako bakoitzagatik kobratu egingo diete. Gainera, erabiltzaileek jasoko dituzten mezuak tokian tokiko hizkuntzan egongo dira, aplikazioak geokokapen sistema baitauka. 8 ordutan 20.000 erabiltzailetik gora sartu dira webgune maleziatsuan.
Dena dela, sarean, bizitzan bezala, zuhurtziaz jokatzen ikasi behar dugu eta argi eta garbi izan inork ez digula ezertxo ere oparituko. Eta benetan hala bada, ziur ondoren garesti ordainduko dugula. Amak txikitan esaten zigun bezala, “ez ezazue ezezagunen goxokirik onartu”.