Arte[faktua] 159: ‘Karena’ amatasunaren itzalen erakusleihoa
Arte[faktua] 159: Alaine Agirre, ‘Karena’ amatasunaren itzalen erakusleihoa –
Alaine Agirre izango da aste honetako elkarrizketatu nagusia. Karena (Elkar) idatzi du Agirrek, eta baita 2021eko Irun Hiria Kutxa Literatura saria jaso ere, euskarazko eleberria modalitatean. Amatasunaren ezkutuko alderdiak argitara ateratzeko asmoz, idazlea esperientzia pertsonaletik abiatu da amatasun eta ez-amatasunaren inguruan hausnartzeko. Sara protagonista bere neska-lagun Adrirekin ama izatea erabaki, eta oztopoz beteriko bidea egin beharko du. Yolanda Mendiolarekin Donostiako Miramar jauregian elkartuta, Agirrek eleberriak berarekin dakartzan kontuei buruzko gogoeta egingo du.
Oihana Iguaran idazle eta bertsolaria gonbidatuko du Agirrek elkarrizketara. Ikus-entzunezko komunikazioan lizentziaduna, Bertsozale Elkarteko Transmisio Saileko arduradun eta zuzendaritzako partaidea da, besteak beste. 2021ean, Hormak (Elkar) eleberria publikatu zuen, eta egun, bertsolaritza, dantza eta antzerkia elkarlotzen dituen ‘Amaraun’ ikuskizuna prestatzen dabil.
Bestalde, Manu Muniategiandikoetxea eskultoreak Donostiako Altxerri galerian duen azken erakusketara hurbilduko gara. Apalategian gordetzen dituen liburu eta kontuak lehen eskutik jasotzeko asmoz, galdera batzuk egingo dizkiogu Muniategiandikoetxeari.
Patxi de Vicente irakurle iruindarraren eskutik iritsiko da aste honetako literatura gomendioa; Saša Stanišic egilearen Los Orígenes (Alianza editorial) eleberria aukeratuko du horretarako.
Emankizunaren amaiera gisa, Euskal Idazleen Elkarteak egindako Zipriztinak bideo sortaren aleetako bat emango dugu; Amets Arzallus idazle eta bertsolari lapurtarrari egindakoa, alegia.
Guztia, saioa osatzen duten beste atalekin batera, larunbatean, 10:55ean, ETB1en.
Arte[faktua] 159: Alaine Agirre, ‘Karena’ amatasunaren itzalen erakusleihoa