Irakasleon egonkortzea bai, ziurgabetasun juridikoa ez

Irakasleon egonkortzea bai, ziurgabetasun juridikoa ez –

Joan den martxoaren 10ean, Nafarroako Hezkuntza Departamentuak hezkuntza publikoko sindikatuoi komunikatu zigun oposaketetan parte hartzeko ingeleseko titulazioa derrigorrezkoa izan dadin foru lege bat prestatzen ari dela.

Irakasleon egonkortzea bai, ziurgabetasun juridikoa ez

Irakasleen Batzordetik lege honen zirriborroa erregistroz zein Mahai Sektorialean eskatu dugu, eta ez dugu erantzunik jaso. Oso deigarria iruditzen zaigu Carlos Gimeno Gurpegui kontseilariak berak adierazi zuenez idatzita dagoen lege bat irakasleon ordezkariei ez ematea, negoziatzeko legitimatuta daudenak izanik.

Lege honen asmoa da Nafarroan irakasle talde propio bat sortzea (foru funtzionariak), atzerriko hizkuntzan titulazioa baldintza edukiko lukeena eta Nafarroako Administrazio Publikoaren menpe egonen liratekeena, gainontzeko funtzionari guztiak estatukoak direnean. Ondorioz, bi irakasle talde mota ezberdin sortuko dira, lan baldintza ezberdinekin, lan berbera egiten.

Hau, azken hogei urteotan Nafarroako Administrazioak, eta zehazki Hezkuntza Departamentuak eraman duen planifikazio ankerraren emaitza da. Hortaz, “ad hoc” prestatuako LEP baten saiakeraren aurrean aurkitzen gara, irakasleen kidegoetara sartzeko eta espezialitate berriak eskuratzeko araudia onartzen duen otsailaren 23ko 276/2007 Errege Dekretuarekin aurrez aurre talka egiten duena.

Izugarri kezkatzen gaitu erabat diskriminatzailea den foru lege berri honen bidez egonkortze plaza horietara iristen diren funtzionarioek izan dezaketen segurtasun juridiko faltak; izan ere, baldintza gisa, konstituzioaren aurkako zantzu argiekin, Nafarroako hizkuntza ofizialen gainetik dagoen atzerriko hizkuntzaren titulazioa eskatzen ari dira.

Sindikatu garen aldetik, urte asko daramatzagu Hezkuntza Departamentuari eskatzen egiturazko plaza guztiak egonkortzeko eta Europako Zuzentaraua betetzeko, interinitatea % 8tik beherakoa izan dadin, hori baita Nafarroako irakaskuntza publikoari benetako kalitatea emateko modua. Hala ere, uste dugu egonkortze hori ezin dela edozein modutan gauzatu, gainerako irakasle-funtzionarioak arautzen dituen legediareb gainetik pasatuz eta, gainera, langileen egonkortzea zailtzen duten baldintzak erantsiz.

Horregatik, sindikatu sinatzaileok benetako negoziazioa eskatu nahi diogu Hezkuntza Departamentuari, hezkuntza publikoko irakasle guztiak egonkortzeko.

LAB – STEILAS – CCOO – ELA – UGT

Irakasleon egonkortzea bai, ziurgabetasun juridikoa ez

LAB Nafarroa, Lanbide Heziketa