Baigurako libertimendua, euskal nortasunaren sugarra
Baigurako libertimendua –
Jadanik izurritearen hirugarren urtean sartuak gara, eta tuneleko argia ikusten dugun arren, oraino ez gara irteerara iritsi. Herriak bizi nahi du, osasunez, alaitasunez eta bizimodu normala eginez. Horren froga argienak momenturik txarrenetan ere, herrietan izan diren ekitaldi eta besta girokoak. Aurtengo agenda bete-betea etorri zaigu Iparralde miresgarri honetan. Barkoxek bere maskarada bukatu orduko, Atharratze-Alozeko gazteek hartu dute lekukoa eta hor dabiltza asteburu oroz Xiberoko bazterrak pizten. Lapurdin kaskarotak, hartzak, kotilungorriak, zirtzilak… herriz herri eta etxez etxe dabiltza, eta laster sorgin gau eta Zanpantzarren tenorea iritsiko zaigu. Baxenabarren, berriz, santibateak pasa ondoren, libertimenduen ordua iritsi zaigu. Eta a zer nolako indarraz, gainera!
Otsailaren 6an jokatu zuten aurtengo lehena Bidarrain, Baigurako Libertimendua deitu dutena, Baigura mendi zoragarriaren itzalpeko Lekorne, Makea, Luhuso, Bidarrai, Arrosa, Ortzaize, Irisarri eta Suhuskuneko gazteek antolatua eta jokatua izan baita. Baina ez da aurtengo bakarra, ez, inolaz ere, segida ederra baitago zain. Otsailaren 13an Amikuzeko libertimendua izanen da, Amikuzen, 27an Iruñean eta Donibane Garazin (azken hau, Leire Hiribarne musikariaren heriotza tragikoaren ondorioz, bertan behera utzi dutena), martxoaren 5ean Baigorrin, martxoaren 12an Hazparnen eta martxoaren 13an Oztibarren. Badugu, bada, zer ikusi eta zertaz goza!
Nafarroa Beherean bada indarra, bada kemena, bada euskaldun izaten jarraitu nahi duen gazteria, eta urte oroz erakusten dute herrialdeko herrietan antolatzen dituzten era guztietako kontzertu, dantza saio, kultur ekimen… kabalkada-tobera eta libertimenduekin. Kabalkada-tobera indarrez pizten jakin zuten, eta urtero bizpahiru egiten dira, Baxenabarren eta baita Lapurdiko hainbat herritan ere. Eta orain, gauza bera gertatzen ari da santibate eta libertimenduekin. Jadanik, azken bospasei urte hauetan, sare moduko bat antolatzen ari da baxenafar herrietan, gero eta zabalagoa eta aberatsagoa den sarea. Azken urteetan Iruñea hiri buruzagi ederrean ere egiten dituzte eta arrakasta handiz, gainera. Zer dute nafarrek odolean halako pizkundeak sortzeko? Miresgarria, benetan!
Ni, hainbat adiskiderekin batera, Bidarraira hurbildu naiz aurten. Hotz handia bazen ere, herria jendez mukuru zen, zahar, gazte zein haur, bazter guztietan pozik eta alegera. Musuko edo maska gutti, kanpoan bat ere ez, eta ostatuetan esku baten eriez kontatzeko modukoak. Jendeak bizi nahi du, izurritea gibelean utzi nahi du, eta bihotz-gogoak bizi-grinez piztu. Eta hori nabari zen Bidarrain. Bizitzaren itzulera zela iduritu zitzaidan niri.
Hasteko hitzordua goizeko 10,30etan finkatua zen, eta horrela hasi zen. Baigura mendi magaleko bide batetik jaitsi ziren herrira, zapurrak buruan, makilaria, bolantak, andere xuriak, zirtzilak, bertsolariak eta musikariak haien gibeletik. Lagun talde eder, alai eta airosa zen. Ohiko ahaireak urruneko belarrietaraino iritsi ziren. Anartean, pilota-plaza zabal eta ederra jendez mukuru zen, eta libertimenduko arizaleak erdi gunera sartzen hasi ziren, pittaka-pittaka, lehen dantzak eskainiz.
Gero gerokoa, dantzak, kantak, antzezpenak… Ikusliarrek lorioski jarraitu zuten gazteen libertimendu-jokoa. Baiguratik eta inguruko mendietatik haize hotz-hotza zetorren arren, zirtzilek, erdi biluzik, eta oinutsik ainitzetan, haien joko alaia erakutsi zuten, karkaila handiak sortaraziz. Odol gaztea beti garaile! Hiru oreneko ekitaldia izan arren, fite pasatu zen dena, hotzak akabatzen zen publikoarentzat. Gorputzak hotz baina bihotzak bero! Hunkigarria izan zen Leire Hiribarne Lasako neska gaztearen omenez eta oroigarriz, dantzatu zuten aurresku solemnea eta baita Patxi Hiriart eta Maddi Sarasua bertsolariek eskaini bertso sentikorrak.
Baxenafar ihautearen lehen zatian, hau da, santibatetan, neguko indar ezkorrak izaten dira nagusi, eta hori idurikatzen dute dantzetan, zirtzilek bolantak uxatzen baitituzte. Libertimenduan, berriz, alderantziz da, bukaera aldean egiten duten dantza baten bidez, udaberriko indarren garaipena islatzen baitute, eta bolantak zirtzilei gailentzen zaizkie. Hori izan zen Bidarrain gertatu zena. Zirtzilek aitzin egin zieten bolantei, baina azkenean bolantak ziren nagusitu. Udaberriaren etorreraren iragarpena izan zen, aurten lehena, baina herriz herri, libertimendu guztietan aldiro agertuko digutena. Libertimenduak badu teorika bat, Antton Lukuk “Libertitzeaz” liburu zoragarriarekin ikertu eta zabaldu zuena. Lukuk badu merezimendu handia, bera izan baita libertimenduaren berpizkundean sustatzaile eta zabaltzaile sutsuenetako bat.
Pilota-plazako jokoa bukatu ondoren, jendea herriko ostatuetara hurbildu zen eta hor izan zen giro polita, baita ordubietan hasi zen herri bazkarian ere. Aurten, Baigura itzalpeko gazteek bidea ideki dute jadanik, eta laster amikuztarrek segida emanen diote. Nafarroa Beherean libertimenduaren sua piztuta dago eta udaberriari deika ari zaizkio. Bedatse berria goxo eta osasuntsu etor bekigu!
Urruñan, 2022ko otsailaren 8an