Orain artekoa ez da aski
Orain artekoa ez da aski –
Joan den mendeko 60ko hamarkadatik aurrera euskaldunok luzaroan gordetako amorrua auzolan bihurtu genuen hezkuntza sistema euskaldun bat eraikitzeko.
Gure urrezko aroa izan zen, desadostasun askoren gainetik, ezina zirudiena aurrera ateratzeko. Atzera begiratu eta non egon zen arrakastaren giltza? Barrenean premia hori sentitzen genuela eta egin zitekeela erabaki zela. Zenbat aldiz pentsatu genuen: gure aitona-amonei lehenago, gure aita-amei gero eta orain guri mespretxuz eta indarrez kendu zigutena berreskuratu eta hemendik aurrera gure haurrek euskaran murgilduta bizitzeko aukera baldin badute, duintasun handiagoz biziko dira.
Halere, ametsak ez dira nahi genuen neurrian gauzatu. Ibilbide horretan zerbaitek huts egin du. Eta ez da batzuk berez baikorrak eta besteak pesimistak garela. Datuak hor daude. Azken belaunaldietan agerian geratzen ari da euskaldunon artean elebidunak asko direla, sekula baino gehiago, baina euskaraz murgilduta bizitzeko aukerarik gabe jarraitzen dugula, erbestean.
Eta, zoritxarrez, gure arduradun politikoak ez dira nonbait horretaz jabetu. Eta euskaldunoi «segi holaxe aurrera» animoak emateko asmoz okerreko arrazoiak eman dizkigute sarri. Izan ere, zenbaki on horietan euskararen ezagutza adierazten duten datuak eman dizkigute eta hizkuntza baten osasun adierazleak beste batzuk dira: euskararen erabilera. Oso akats larria gure arduradun politikoena.
Zurrunbilo hau guztia sentitu nuen nire barnean, joan den urtarrilaren 3ko GARAn egindako elkarrizketa batean Paulo Iztuetak zioena irakurrita. Orduan ohartu nintzen gure ibilbidean egindako akatsa non zegoen, non euskararen gabeziak, zergatik halako ahuleria, azken hirurogei urteotan horrenbeste milaka elebidun sortu arren. Uste genuen haurrek txikitan kantu eta kanta erraz ikasten zuten euskara erabiliz gizartea euskaldun bilakatuko zela bere kabuz.
Eta ez, ez da horrela suertatu. Haur horiei bizitzan aurrera zihoazen neurrian ez diegu elikadura egoki eta nahikoa eman. Gaurko gizartean Lehen Hezkuntza garrantzitsua da, baina erronka handienak gero datoz; pentsamendua lantzen jarraitzen da. Joan ziren lehengo lanbide zaharrak.
«Kultur produkzioa neurri handi batean pentsamendua lantzera emana dago. Hor garrantzitsua da zer produkzio kultural bideratu den eta zer ez, zeri eman zaion garrantzia, kulturgintza horretan fikzioari eta ez-fikzioari eskaintzen zaiona. Euskal Herrian, zoritxarrez, fikzioari garrantzi handiagoa ematen zaio», dio elkarrizketan Iztuetak.
Eta fikziozkoan sartzen du gure kultur produkzioaren parterik handiena: «bere ekarpena testu ez-unibertsitarioetan eta haur eta gazteentzako sailetan metatzen baita. Hor nabari da nola pentsamendu akademikoaren ahulezia dagoen euskara bezalako hizkuntza minorizatuetan».
Jakina, ez dator fikzio sailean egiten den kultur produkzioa salatzera; adierazi nahi dena, ongi ulertu badiot, beste hau da: harro ematen ditugu gure kultur produkzioaren datuak, baina ez-fikziozkoa, zeinean datozen pentsamendua, testu zailagoak, ekonomia, historia eta abar, oso antzu daukagu: «Pentsamendua elikatu egiten da, eskolatu, eta herri batzuk aurreratuago daude beste batzuk baino». Eta hori egiteko orduan «emigratu» egin behar izaten dugu.
Bai, eta Pentsamendua garatu behar den garaian euskaldunok eremu arrotzetan bazkatu behar izaten dugu, «herri emigratu bat izan gara intelektualki», Iztuetak dioen bezala.
Nondik datorkigu «emigratu behar hori?». Argi azpimarratzen du «nola estatu baten babesa duten hizkuntzek zaintzen duten ekoizpen zientifiko-akademikoaren esparru zabala osatzen duen ez-fikzioaren saila».
Euskal Herrian gaur atzematen dugun kultur ekosistema egoki baten faltak historia luzea du. Hemengo eliteak «Salamancan, Valladoliden edo Zaragozan» eskolatuak dira eta ez dute euskal pentsamendurik garatu. Hemen bakarrik izan dugu «Deustu eta Nafarroako Unibertsitatea». Eta joan-etorri horietan euskal Pentsamendu baten ordez beste Pentsamendu bat garatu duen herria bilakatu gara.
Gaur egun hor dugu EHU. Alde handiarekin gehiago dira han ikasten dutenak Deustun edo Nafarroako Unibertsitatean baino. «Halere, eragin handiago dute gizarte mailan, sare zabal horretan, zeinetan dauden enpresak, azpitik eragiten duten horiek. Hor zabaltzen da elitismoa», diosku Iztuetak. Eta elite horiek egituratzen dute gizartea.
Euskaldunoi kultur ekosistema egoki bat falta zaigula esanez hasi ditugu lerrook. Eta aipatutako elkarrizketa horretan horren arrazoi batzuk eman dizkigu Paulo Iztuetak. Ez du bazterrean uzten beste puntu oso larri bat: «Lanbide Hezkuntzako ikasle gehienek gaztelaniaz burutzen dituztela beren ikasketa urteak, %18 baino ez baita D ereduan eskolatzen». Gure eredu ekonomikoan pisu handia duen eremua.
Baina, gehiago luzatu gabe, uste dut GARAko elkarrizketa horretan jaulkitzen dituen datuak eta hausnarketak oso serioski hartzekoak direla dagokionaren aldetik. Hori ezin da egin ikastolak eraikitzen jardun zuen jendearekin. Haiek lan handia eta ezinbestekoa egin zuten. Beste honek, aitzitik, bitarteko oso ezberdinak behar ditu eta gure arduradun politikoek dute hor zer esana.
Ulertzekoa da euskaldunok lortu dugunaz harro egotea, baina lortzeko daukaguna ahanztea barkaezina izango litzateke.
…
NAIZ-en argitaratutako artikulua
Itxaropena beti haurrengan jartzen dugu, haientzat denetarik prest dugu: D eredua haur eskoletan (EAE-n), ipuinak, kantak, pailazoak, ikuskizunak, antzezlanak, abesbatzak, telebista kate oso bat (etengabe eduki berberak errepikatzen dituena, baina tira) eta abarrak. Baina haurra izateari berehala uzten diote, guraso euskaldun militanteen aterpetik irteteko gogoa oso goiz agertzen da, eta horra, ongi etorri euskarazko basamortura eta erdarazko oasira: ikus-entzunezko eduki guzti guztiak erdaraz bikoiztuta, goi mailako kirol emanaldi guztiak (pilota izan ezik) erdara hutsean, DBH-tik aurrera eduki sakonetan murgiltzeko iturriak eta lan handiak ere erdaraz, literatura-klasikoak (Moby Dick, Tom Sawyer, eta abar) euskaraz aurkitzeko hamaika zailtasun…
Egoera honen ardura partekatua da: batetik, jaurlaritzen jarduna oso eskasa eta protokolarioa da; bestetik, guraso eta heldu euskaldun militanteen kopura eta militantzia-maila gero eta eskasagoa da, eta atzetik ere gazte gutxiago datoz (demografia-bilakaeraren ondorioz) lekukoa hartzeko. Adin-ertainekoen artean nekeza, etsipena edota axolagabekeria. Gazteen artean motibaziorik eza eta helduon lehentasunak zalantzan jartzeko grina. Politikari, agintari eta gobernuen artean axolagabekeri galanta eta hauteskunde-kalkulu hutsa (erdaldunak gehiengoa dira, eta gehiegi ez hauspotzea komeni da).
Geratzen zaigun bide bakarra: militanteok tinko eta irmo jarraitzea, inguruko ume eta gazteen artean sugarra piztuta mantentzen saiatzea, astunkerietan sartu gabe, hori gaztetxoek berehala nabaritzen dute eta ihes egiteko instintu naturalak mugiaraziko ditu, eta politikariei, erakundeei, euskalgintzako buruei, alderdiei eta auzko elkarteei ere matraka ematea euskaldunok bertan gaudela nabaritu eta ez garela espaloitik jaitsiko jakin dezaten.
horixe dok, Mikel
kultur ekosistema egokiaren falta.
eta horrek daragien kultur kolonizazio bortitza.
“zer egin”- zioen Leninek-. “Antolatu”, erantzuten zuen beti.
Espaloian mantentzeaz gain, ANTOLA GAITEZEN KOLONIZAZIOARI AURRE EGITEKO?
Nola? Ez dira nahiko goi-mailako itunak (nahiz beharrezko izanen diren, etengabe datorkigun erasoari aurre egiteko (epaitegietatik eta abar).
Beraz, ez da aski Euskal Kontseiluak osatu berri duen fronte defentsiboa. Hori EZ DA ASKI, nahiz eta espektakulu hutsean bihurtu ez (horren arrisku larria baitakusat, horixe gertatzen baita maiz Goi Mailetako eta goitik beherako muntaietan.
Hori ez dok aski, Paul Bilbao eta Kike Amunarriz jaun saiatuok.
Zerbait gehiago oldoz ezazue, faborez.
Adibidez, 2022-Kulturgintza ekimena, herri mugimenduetan oinarritu gura duena, herri-kultura euskalduna herrira eramateko modu zuzenean.
“Ez dok merkeena, baina bai ónena!”
Milsker Zuzeuren ekipari Mikel Arginaren eta Paulo Iztuetaren artikuluak ezagutarazi izanagatik.
Lanbide Hezkuntzako ikasle gehienek gaztelaniaz burutzen dituzte beren ikasketa urteak: %18 baino ez da D ereduan eskolatzen… eta azken urteetan, gainera, behera egin du D ereduko matrikulazioak, JAURLARITZAK EZ DUELAKO BERE HAZKUNDEA AHALBIDETZEN .
Irakasle euskaldunak badaude (ia %70), eta familien D ereduaren aldeko eskaria ere bai. Borondate politikoa eta ardura falta dira. Ez da txikikeria, Jaurlaritzako Lanbide Heziketako arduradun gorena erdaldun elebakarra izatea ere. Hortik hasita…
ETB1en ikusleriak ez du %2ko langa gainditzen aspaldiko urteetan, baina EiTBko arduradunei gauzak ondo daudela iruditzen zaie. Erdal Telebistaren datu onekin pozik daude. Bost axola euskal kateak.
Pantailak euskaraz izan beharrean, españolez edo frantsesez (eta ingelesez…) dauzkagu Euskal Herrian ia guztiak. Agintariak ez daude oso kezkatuta baina, “normala” omen da.
Eremu erdaldunduetan (Baiona-Angelu-Miarritze, Bilbo Handia, Gasteiz, Iruñerria-Sakana-Ultzama eta abar, eta abar), D ereduko ikastetxeetan haur etxetik euskaldunak sakabanatu egiten dituzte sistematikoki , hilabete gutxitan erdalduntzen dituztelarik. Berriro diot, D ereduan.
Hutsune larrien zerrenda luzea egin daiteke.
Horratx arduradun politikoen ardura zein den.
Politikari profesionalen zain egon ordez (beste lehentasun batrzuk dituzte), beste zerbaitetan pentsatu behar genuke, beranduegi baino lehen.
“Beste honek, aitzitik, bitarteko oso ezberdinak behar ditu eta gure arduradun politikoek dute hor zer esana.”
Hor dago gakoa “gure arduradun politikoek”. Gure arduradun? Nireak ez. Eta haien ekintzek erakusten dutenez, gureak ere ez. Ez duzue uste?
bada, “gure arduradun politikoek ardurarik ez baldin badute, eta bistan dago hala dela, ez gaitzen gera salto-matxinoek inbaditu arte.
Has gaitezen 2022ko KULTURGINTZAN behe-behetik. Mikel eta ni neu ere, dugun adinagatik, ez gaituk belaunaldi bertikalekoak. Lubakietan hasteko prest, Goikoei itxaron gabe!
Baina behar dena da, hain justu, goikoek aldaketa estrukturalak abiaraztea. Behekook aski egiten dugu geu eta geure seme-alabak zirkunstantzia hauetan euskaldun mantentzen saiatzearekin.
hori bai Aitor, baina bestea ere bai: hau da, baten batzuek astean hiru-lau ordu ematea 2022-KULTURGINTZA aitzinasmoa gauza dadin, Goikoen ezeri itxaron gabe.
Ez-fikziozko gaietan, beraz hausnartzean, euskara ez erabilia izanak edo sobera guti kalte itzela egin dio euskararen funtzionalitateari baita euskal kontzientziari ere. Nik, gehi eta deitora nezake batez ere euskaraen presentzia eskasa erabakigarria den hausnarketa filosofikoan.
Denok badakigu nun den jatorrizko arrazoia eta nortzuk diren errudun nausiak.
Egoera tamalgarri horren kontrako borroka izango da euskaldunen borroka existentzialaren eta politikoaren garaikide ezinezkoa, hil ala bizikoa.
Baina Naizeko bi artikuluen autoreek iradokitzen duten bezala ezin eiki da esperoa jartzen ahal gaurko elita politikoaren balizko konbertsio baten gainean. Salbuespenak salbu, hau ezinezkoa da.
Harritzen nau hain pertsona argiek eta euskaldun suharrek amets hori iegin ahal izana. Ameskeria ez ote da justu filosofiaren oinarrian dagoen egiaren bilaketaren ahuleziaren agerraldi bat?