Naroa Jauregizuria: “Euskararen mundutik jasotzen dituzten erreferentziak arrotz zaizkie periferiako gazteei”

 

Naroa Jauregizuria –

Miel Anjel Elustondok ARGIAn.


NAROA JAUREGIZURIA LOPATEGI, AHIZE-AEK-KO KIDEA

 

Eta zertan da euskararen eta euskal kulturaren transmisioa gurean? Zertan da haien birrartikulazioa periferian diren gazteengan? Are, zertan dira transmisioa eta birrartikulazioa periferia geografikoan gabe, euskararen periferian bizi diren 12 eta 18 urte bitarteko gazteengan?

Naroa Jauregizuria
Arg: Zaldi Ero

Galderok formulatzen hasi zen Naroa Jauregizuria Lopategi Mondragon Unibertsitatearen Euskal Kulturgintzaren Transmisioa aditu tituluaren amaierako proiektuan. Hortik, berriz, abenduaren 2an Barakaldon burututako Igo Bolumena! jardunaldia heldu zen, Ahize-AEK-k antolaturik. Halaber, #Damolat unitate didaktikoa aurkeztu zuten bertan. Naroa Jauregizuriari berari joan gatzaizkio galdezka.

Euskararen eta euskal kulturaren transmisioa eta birrartikulazioa periferian aztertu zenuen  Euskal Kulturgintzaren Transmisioa aditu tituluaz jabetzeko proiektuan. Nondik abiatu zinen?

Gaurkotasun handiko afera da. Euskal kulturaren periferiako herri eta hirietako gazteek ikastetxeen testuinguruan garatzen dute euskarazko munduarekin duten harremana. Maila horretan, transmisio sareek garrantzi handia daukate. Umeen kasuan, baita ingurune erdaldunetako haurren kasuan ere, indarrez jasotzen dituzte zenbait eduki: Irrien Lagunak, EiTBko marrazki biziak, Ene Kantak, Goazen telesaila, Olentzero eta Mari Domingi, eta besteren batzuk. Baina, jakina, erreferentzia horiek zentzua galtzen dute nerabezaroan, eta bestalde, euskararen mundutik jasotzen dituzten erreferentziak arrotz zaizkie. Are gehiago, batzuetan, ikusezin; bestetzuetan, deseroso ere bai.

Ikusezin eta deseroso ere bai?

Bai. Hala ere, gazte gehienak euskal komunitateko parte sentitzen dira, eta hizkuntzarekiko eta kulturarekiko lotura emozionalari eusten diote. Hortik abiatu nintzen gogoetan. Gaur egungo testuinguruan –politiko, ekonomiko, kultural eta soziala– kokatu nuen proiektua, Bilbo Handian, ezagutza gero eta handiagoa den, baina erabilera %10 izatera ez den Leioan, eta eskola giroan. Eta, batez ere, euskal kulturaren eta euskararen transmisioan eta birrartikulazioan modu eraginkorrean eragiteko praktika zehatzak ere eskaini nahi nituen.

Leioan abiatu zenuen ikerketa, arestian esan duzunez.

Bai, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Ahize-AEK-k egindako elkarlanerako hitzarmenaren bidez, hurbilketa teorikoa errealitatearekin alderatzeko lau interbentzio egin nituen: Leioako Jose Migel Barandiaran Ikastetxean, Betiko Ikastolan eta Mercedarias Ikastetxean. Horren ostean Bilbo Handira egin genuen salto, Getxora, Portugaletera eta Txurdinagara, hain zuzen ere, eta une honetan azken saioak egiten ari gara Barakaldon. Guztien jarrera positiboa azpimarratuko nuke: irakasleek interes handia zuten, eta ikasleek, berriz, modu aktiboan parte hartu dute ekintza guztietan.

Zer harreman dute gazteek euskal kulturgintzarekin, esaterako?

Gutxi ezagutzen dute, baina hori ez da gazteen kontua bakarrik. Siadecok Elkar Fundazioarentzat egindako ikerketaren arabera, euskaldunen erdiak ez du euskarazko kulturarik kontsumitzen. Kontuan hartu, bestalde, euskal herritarren %26 dela euskalduna. Gainerako %73 horri guztiz arrotza zaio euskal mundua. Gazteek erakutsi didate euskal literatura eta erreferenteak ezagutzen dituztela, euskal musikak ere lekua daukala euren egunerokoan –baina diskoak gabe, kantak entzuten dituzte, batez ere–, erdal munduko produktuak kontsumitzen dituzte, baina euskal taldeen kontzertuetara joaten dira. Badira euskal kulturarekiko atxikimendu handia duten gazteak, kontzientzia politikotik egiten dute lotura hori. Bestalde, bertsolaritza ere euskal munduan murgiltzeko bide garrantzitsua dute eta dantza taldeen papera ere azpimarratzekoa da, haur eta gazteak komunitateko parte sentiarazten baititu. Oro har, gazteek jai giroan eta ikastetxean gauzatzen dute euskal kultura eta euskararekiko harremana.

Zer ikuspegi dute euskal kulturaz?

Ikuspegi teorikoa dute, horrela esan baliteke, behintzat. Gramatikaren ezagutzarekin lotzen dute euskara, gaitasun tituluarekin. Euskara ez da funtzionala, euskaraz jakin gabe lasai bizi daitezke. Loturarik izatekotan, eremu afektiboan dute, aurreko belaunaldietatik jaso eta zaindu beharreko altxortzat dute. Nik esaten dut gazteentzat euskara aitaitaren eta amamaren antzekoa dela: oso maiteak, baina joandako garai batekoak. Eta ikastetxeak bakarrik ezin du, ez dago burbuila batean sartuta. Gizarteak ez badio euskarari eta euskal kulturari balio sozialik ematen –hedabideetan, lan munduan, kirolean, erakundeetan…–, gazteek ere ez diote baliorik emango, eta gaztelaniaren aldeko hautua egingo dute, hizkuntza horretan funtzio sozial guzti-guztiak garatu ditzakete-eta. Euskaraz, aldiz, ez.

“Euskal kulturarekiko atxikimendu handia duten gazteek kontzientzia politikotik egiten dute lotura hori”

Eta, orduan, nondik jo behar da gazte horiei gaur egungo euskara eta euskal kultura transmititzeko eta birrartikulatzeko?

Euskararen egoera diglosikoa aldatzen ez den bitartean, ikastetxeak dira gune erdaldunetan euskara eta kultura transmititzeko eta artikulatzeko gunerik garrantzizkoenak. Eusko Jaurlaritzaren 2016ko VI. Inkesta Soziolinguistikoaren arabera, 16-24 urte bitarteko euskaldunen artean erdia baino gehiago hiztun berriak dira, eskolan jaso dute euskara. Hizkuntza normalizaziorako politikan eta estrategian oso kontuan hartu behar da datu hori. Hiztun berri horiek hiztun aktibo bihurtzea da erronka. Hemendik urte batzuetara, lanean hasiko dira, familia sortuko dute, aisialdian ere ariko dira… eta, hortaz, gazteei euskara irakatsi ez ezik, euskaraz bizitzeko baliabideak ere eskaini behar dizkiegu. Horregatik 18 urte inguruko gazteengan eragin behar dela uste dugu.

Zergatik, justuki, adin horretako gazteengan?

Euskarak gazte hauen parte izateko duen gaitasunaren arabera jarraituko duelako aurrera. Edo haien parte bihurtzen da edo museoko pieza bihurtuko da. Nahitaezkoa da adin tarte horretan diren gazteekin lan egitea ikastetxean. Adin horretan eratzen  ohi da identitatea, adin horretan garatzen ohi dira kultur ohiturak ere. Gaur egun, euskarak esanahia galtzen du adin horretan. Umetako Argitxo, Pirritx eta Porrotx edota Goazen, ez dira baliagarri, balioa galtzen dute nerabezaroan. Haurtzaroko erreferentziek ez dute balio, familiak ere pisua galtzen du… euren erreferentzia propioen bila abiatzen dira gazteak: era jakin batera jantziko dira, era jakin bateko telefonoa izango dute… kultur kontsumo jakin batera joko dute.

Sare sozialen bete-beteko eraginpean, inondik ere.

Adin tarte horretako gazteak teknologia berriekin harremanetan dira jaio zirenez geroztik. Gero eta lehenago egiten dute bat helduen munduarekin; edukiak kudeatzeko heldutasunik gabe, ordea. 1995az gero jaiotakoak belaunaldi sozial moduan definitzen ditu IABk [Interactive Advertising Bureau]. Bulego horren arabera, gazte horiek aldi berean bospasei sare sozial kudeatzen dituzte eta ordu 1 eta 24 minutu ematen dituzte bertan. Instagram, Snapchat, Tumblr, 21 Buttons, Twitch eta Musically erabiltzen dituzte, batez ere. %92k, influencer-en bat jarraitzen du, Instagramen eta Youtuben, bereziki. Telefono mugikorra daukate, jakina, eta egunerokoa dute Internet. Horiexek dira oraingo gazteak. Distantzia fisikorik ere ez dago kasik, mundua eskura dago: hegazkinak hor direlako beti, eta supermerkatuan, berriz, kasik mundu osoko produktuak dituztelako aukeran. Gazteek gero eta izaera translokalagoa daukate.

Testuinguru zinez konplikatua euskara eta euskal kultura gazteen identitatearen parte izan dadin…

Bai. Eta, bestalde, Euskal Herria zahartze prozesuan murgilduta dago, eta horrek transmisioa are gehiago zailtzen du. Transmisioak eta artikulazioak egoera berrietara moldatzea eskatzen du. Hor bada bestelako arazorik. Herrialdea desegiratuta dago: estatu egiturarik ez, nazioa ordezkatuko duen erakunderik ez, desadostasun handiak izenari eta izanari dagokionez, hiru administrazio-egitura, 7 herrialde… Horrek estrategia berezituak aplikatu behar direla esan nahi du. Periferiako gazteengan jarri dut arreta nire lanean, baina, bestetik, erdigunea ere hor da, eta erdiguneak egin dezakeena periferiari laguntzeko.

Naroa Jauregizuria
Arg: Zaldi Ero

Zer da erdigunea? Non da euskararen eta euskal kulturaren erdigunea?

Euskaldun kontzentraziorik handiena Bilbo Handian da, baina hori ez dator bat euskararen erabilerarekin. Euskaldun kopururik handiena hor, eta erdaldun kopururik handiena ere bertan. Euskaldunak %30 dira, erdaldunak, berriz, %100. Euskaraz hainbatek dakite, baina erabiltzeko aukerak eta erraztasunak askoz gutxiago dira. Hortaz, ezagutza eta erabilera kontuan hartuta,  zentroa Gipuzkoan da. UEMA, sortzaile gehienak, kontsumo handiena, hausnarketa, Martin Ugalde Parkea, Elkar… hau da, Gipuzkoa.

Gipuzkoa erdigune…

Bai, baina dena ez dago, zorionez, espazioaren arabera leku bakarrean kontzentratuta. Euskararen arnasgune eta erdigune funtzioak betetzen dituzte hango eta hemengo entitateek, Baionako Kalostrapetik edo Zizpatik hasi eta Gasteizko Euskal Filologia fakultateraino, Ortuellako Gaztetxea, Bilboko Kafe Antzokia, Bira, jai batzordeak, musika taldeak, bertso eskolak eta ikastolak edo Garaziko Gaztetxetik barrena. Modernitate garai honetan, online eremua ere bada: Euskadi Gaztea, Berria, ARGIA, Musika Zuzenean webgunea, txiolari komunitatea… Ekintzek ere zentroak sortzen dituzte: Maskaradak, EH Zuzenean, Korrika, Durangoko Azoka, Baztango (H)ilbeltza, Bertsolari Txapelketak…

Bada arnasgune nahiz erdigune funtzioa betetzen duenik!

Bai, baina kontua da periferiatik oso baxu entzuten direla, eta  euskarazko bizi munduaren inguruan sortutako diskurtso eta iruditeriak askotan ez daudela egungo bizimodu eta pentsamoldeetara egokituta. Alde batetik, euskararen mundutik kanpo, euskara eta euskal mundua estereotipoz betetako landa eremuaren erreferentzia karikaturizatuarekin lotzen dira. Eta, beste aldetik, euskalgintzak, maiz, duela 30 urte erabili ohi zituen argudio eta eredu berak maneiatzen ditu,  mezuak konbentzituta daudenengan pentsatuta sortzen ditu. Erreferentzia sinboliko hauek 2000. urtetik aurrera jaio diren egungo gazteentzat urrunak eta, hein batean, ez erakargarriak dira.

Zein dira zure lanaren ondorio nagusiak?

Periferiako gazteak euskal kulturaren zentrotik urrun daude, eta beraz, sortzaileak eta produkzioa ez dituzte behar bezala edo behar beste ezagutzen. Euskal kulturaren erreferentziak estereotipatuta ikusten dituzte, eta arrotzak zaizkie. Ondorioz, euskal kultura jasotzeko eta euren bizitzan artikulatzeko zailtasun handiak dituzte eta, aldi berean, baita euskal kulturan eragiteko mugak ere. Periferiako gazteek ikastetxearen bidez –eta hein handi batean jaien bitartez–, egiten dute euskara eta euskal kulturarekiko harremana, eta ikusi da D ereduak ez duela helburu dugun transmisio eta artikulazioa bermatzen… Hainbat ondorio.

Honenbestez, nola eragin gazte horiengan?

Arazoa egiturazkoa da eta euskarak eta euskal kulturak jendartean duten pisuarekin eta posizioarekin lotuta dago, beraz, kokapen hori aldatu ezean oso zaila da egoera iraultzea, eta euskara eta euskal kultura gazteentzako erabilgarria, baliagarria eta garrantzitsua bihurtzea.  Gu bi ekarpen xume egiten saiatu gara: alde batetik, fokua periferian jarri eta horren inguruko hausnarketa sustatzeko jardunaldia antolatu dugu; bestetik, ikastetxeei laguntzeko jarraibide gida eta #Damolat ikas unitatea sortu ditugu.

Ikastetxeek ahalmen mugatua dute, hala ere.

Bai, baina, egun, gazte askorentzat euskararen munduarekin lotura-hari bakarrenetakoak dira. Aipatu hari horiek sendotzeak eta edukiz betetzeak berebiziko garrantzia dauka, hizkuntza irakatsi eta kultur sorkuntza transmititzearekin batera, beste eremu eta erdigune batzuetarako konexioak eraikitzen lagundu baitezakete. Ildo horretatik, ikas unitatean, euskara bera bultzatzeko ekintzak baino, euskararen mundua ezagutzeko eta bizitzeko ekimenak eta dinamikak jaso ditugu, oso zaila baita –ia ezinezkoa– ezagutzen ez denarekiko interesa izatea, eta are zailagoa diglosiaren ondorioz euskararen mundua gutxietsi eta topikoz betetzen denean.


Bilbo Handitik Euskal Herrira

“Bilbo Handian garatu dugu proiektua, baina ondorioak euskara eta euskal kulturaren periferian kokatuta dauden hiri eta herrietara estrapolatzeko modukoak direla uste dut. Proiektuan parte hartu duten gazteak euskal komunitatearen partaide jotzen dituzte euren buruak, eta baserriarekin, euskararekin, folklorearekin lotzen dute komunitate hori. Baina hori ez dator bat euren egunerokoarekin. Eten hori gainditzea da erronka nagusia, eta horretarako, lehen-lehenik, jarraibide eta proposamen gida egin dugu, egina dagoen diagnostikoaren arabera. Bestalde, praktika onen katalogoa ere egin dugu eta abenduaren 2an Ikastolen Elkartearekin batera sortutako #Damolat ikas unitatea aurkeztu genuen”.

Naroa Jauregizuria  Naroa Jauregizuria  Naroa Jauregizuria  Naroa Jauregizuria  Naroa Jauregizuria 

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.