Joxe Azurmendiri buruzko liburu posible bat (eta 2)

Joxe Azurmendiri buruzko liburu posible bat (eta 2) –

Joxe Azurmendiri buruzko liburu posible bat (1)

Joxe Azurmendiri buruzko liburu posible bat (eta 2)Susmagarriak bazaizkio ere Joxe Azurmendiri adostasun zabalegiak, ezin ukatu zabala dela zegamarra inoizko euskal pentsalaririk garrantzitsuenetakoa dela aldarrikatzen duen kontsentsua, ez bada garrantzitsuena. Eta ez da normala halako adostasuna biltzen duen pentsalariaren obra hain ezezaguna izatea. Aspalditik daude deskatalogatuta haren liburu franko, eta artikulu eta liburu-atal ugari barreiatua, baztertua, eskuraezin, galduta eta ahaztuta. Paperari dagokionez, halaxe jarraitzen du arazoak. Zorionez, Jakin.eus webgunean, berriki, Azurmendiren obra osoa bildu, digitalizatu eta edonoren esku jarri dute. Dudarik gabe, horrek Azurmendiren gogoetari buruzko ikerlanak bizkortu eta biderkatuko ditu.

Guztiarekin ere, Azurmendiren pentsamenduaren zati txiki bat baino ez da irakurleengana igaro: Euskal Herriaren eta Espainia eta Frantziaren arteko harremanei dagokiona, eta horren adierazpen askotarikoak: euskararen bizi nahi eta ezina, ETA, biolentzia kondenatzeko obligazioa, eta abar. Puskaz ere zabalagoa da, ordea, Azurmendiren pentsamendua. Betiko gai filosofikoei egin die aurre: izatea, denbora, erlijioa, ezagutza eta hezkuntza, aurrerapen teknikoaren aukerak eta arriskuak, hominizazioa eta humanizazioa, erlatibismo linguistikoa, edertasun artistikoa, historia, balio etikoak, elkarbizitza, legea, enpresa… Gai horiei buruzko gogoetak hainbat liburu, liburu-atal zein artikulutan ditu Azurmendik sakabanaturik. Lan ederra litzateke pasarte horiek bildu, antolatu eta azaltzea, eta kapituluka sistematizatu eta eskaintzea, Joxe Azurmendi eta giza aberea izeneko liburu batean:

1-Sarrera

2-Filosofia

3-Ontologia eta Metafisika

4-Epistemologia

5-Zientzia eta Teknika

6-Antropologia

7-Hizkuntza

8-Estetika

9-Historia

10-Etika

11-Politika

12-Zuzenbidea

13-Kooperazioa

14-Ondorioak

Horrelako liburu bati esker, alde batetik, Joxe Azurmendirena bezalako pentsamendu erabakigarri batean barneratzeko giltza batzuk jarriko lirateke euskal irakurleen eskuetan. Neurri handi batean ezezaguna den Azurmendirena bezalako obra baterako sarbideak eskainiko litzaizkioke euskal irakurleari.

Bestetik, eta bide batez, Filosofiaren gai nagusietako batzuk ere aztertuko lirateke Azurmendiren eskutik, haren gogoetan barneratu ahala. Filosofiako gai garrantzitsuenetako batzuk jorratuko lirateke, Azurmendi lagun, eta zegamarrak berak gai horiei buruz zein jarrera hartzen duen aztertuko. Liburuak Filosofia, Azurmendiren eskutik izenburua ere eduki lezake.

Joxe Azurmendiri buruzko liburu posible bat (eta 2)