Euskal elitearen eraketa
Euskal elitearen eraketa –
Azaroan Hego Euskal Herriko Eliteak: boterearen azterketa ikerketa lana aurkeztu zen. Ikerketa, talde lana izan da eta EHUko Jon Diaz Egurrolak zuzendu du, Paulo Iztuetaren laguntzarekin. Halaber, ikerketa eta argitalpena Ipar Hegoa eta Manu Robles Arangiz fundazioek finantzatu dute. Horregatik, harro sentitzen gara bi euskal sindikatu nagusiak ados jarri ditugulako horrelako proiektu bat burutzeko.
Ikerketak atal ugari ditu eta nagusiki elitearen alde teorikoak eta geure erakunde publiko eta pribatuetan jokatzen duen protagonismoa aztertzen dira. Izan ere, lehenbizi jakin behar da zer ulertzen den eliteaz eta gero elite horren formakuntza ikusten da. Laburbilduta, elitea jendarteko erakundeetako goi karguek osatzen dute, zeinek ospe handi eta lansari bikainak eskuratuko dituzten. Bestalde, elitea osatzen duten kideek, gehienek, unibertsitate ikasketak dituzte, Hego Euskal Herriko bost unibertsitatetan burutuak: hiru pribatu eta bi publiko. Horrez gain, kide batzuek kanpoan eskuratu zuten unibertsitate titulua.
Unibertsitate publikoei dagokienez euskaldunok defizit esanguratsua genuen, zaila egiten baitzen ulertzea gurea bezalako herrialde garatu batek bakarra ere ez izatea. Bitartean, Deustun jesuitek bere unibertsitate pribatua zeukaten (1886) non euskal agintari askok ikasketak burutzen zituzten. Geroago, Iruñean Opus Deik berea sortu zuen (1952). EHU, teorian, 1980an legeztatu zen, EAEri atxikita, baina urte ugari zeramatzan Espainiako Estatuko zenbait unibertsitateren pean tituluak eskaintzen eta euskal elitea elikatzen: Bilboko “Escuela de Comercio” (1818), gaur egun Ekonomia Fakultatera txertatuta; Ingeniaritza Eskola (1897); eta Ekonomia Fakultatea (1953), Sarrikoko Fakultatea 1964ean ireki bazen ere. Euskal elitea eratze aldera hiru fakultate hauek ere bere protagonismoa izan dute.
Euskal elitearen eratze prozesu horretan unibertsitate publikoaren pribatizatze prozesua azpimarratu behar dugu.
80ko hamarkadan unibertsitate ikasketak gauzatzeko aukerak izugarri zabaldu ziren. Edozein maila ekonomikotako seme-alabek unibertsitate ikasketak burutzeko aukera berdinak izango zituzten, baita “jendarte eskaileran” igotzeko parada paregabea ere. Baina, mende berri honen hasieran, Europako Batasunak markatuta, “bikaintasuna” helburu bilakatu zitzaigun. Ondorioz, ikerketa zentro pribatu-publiko aunitz sortu dira EHUren babesean eta baliabide publiko andana bideratu zaie: irakasle-ikertzaileak eta finantza baliabideak. Horrela, EBren “bikaintasun” eskaera etorkizuneko euskal elitera heltzeko galbahe gehigarri bat izango da.
Osasungintzan ere antzeko fenomenoa gertatzen ari zaigu. Izan ere, Osakidetza osasun zerbitzu publikoa eskaintzen duen erakunde publikoa da, baina atzean dauden zerbitzu andana, hala nola analisirako laborategiak, kontsultaklinika pribatuak, tratamendu bereziak eta abar, enpresa pribatuek gauzatzen dituzte. Eliteko sendagileek haien profesioa enpresa hauetan ere burutuko dute, Osakidetzako ospitaletan egikaritzen duten lanaz gain.
Euskal enpresa handienetako aginte postuetan dauden kargudunek, enpresen jabetza publikoa zein pribatua izan, euskal elitearen parte garrantzitsua osatzen dute. Hauen artean, gehienak gizonezkoak dira eta euskara gutxi batzuek ezagutzen dute. Bestalde, talde boteretsu honetako gehiengoaren formakuntza unibertsitate pribatu garestietan burutu da.
Oso interesgarria. Ez dakit zergatik ez zaion lekurik eskaintzen medioetan lan horri. Biba zuek ere izan daiteke lan hori zabaltzeko leku aproposa. Pena litzateke lan hori gelditzea egileen inguruan, zabaldu egin behar da, sozializatu. Izan ere, aldaketetarako hortxe dago giltzarria. Elitea. Osakidetzan, adibidez, eguna joan eta eguna etorri, murrizketez ari gara, baina inork gutxik heltzen dio legala izan arren, etikatik gutxi duen praktika bati: mediku espezialista askok pribatuan du kontsulta. Publikoan gainezka? eta gero arratsaldez lan hori egiteko gogoa/indarra geratzen zaie lotsabako horiei? Elitea. Ukitu ezina. Behar dugu elitea, baina elite lapurra eta iluna. Elite horrek mugitzen ditu ezkutuan hari guztiak. Eta, gu, bitartean, txikikeriekin denpora-pasa. Osakidetzan: medikuek aukeratu dezatela, publikoan ala pribatuan.
Ekonomia arloan profanoa nauk,
baina uste diat Elite horrek izanen duela zerikusia abian den RESETEOAREKIN eta 2030-AGENDAREKIN.
ala ez zeukak inolako zerikusirik, hemen Basque Countryko Oasian bizi garelako?