Langileen eskubideak, sintoma arinekin

Langileen eskubideak, sintoma arinekin –

Amaia Lekunberrik Argia aldizkariko Engranaje Artean blogean.

Langileen eskubideak, sintoma arinekin“Proba bat egin ostean, COVID-19an positibo eman dut. Ondo nago, sintoma arinekin. Hurrengo egunetarako aurreikusitako agenda publikoa atzeratu eta konfinamendutik lanean segituko dut”. Kendu agenda publikoaren zera hori erditik, eta edonorenak izan zitezkeen adierazpenok, ziurrenik azkenaldian hainbatetan entzungo edo adieraziko baikenuen gauza bera. Baina kontua da oraingoan ez dituela edozeinek esan hitzok, baizik eta Yolanda Díaz Espainiako Lan ministroak.

Ezkertiartzat aurkezten zaigun Lan ministro baten partetik gisako mezuak zabaltzeak ez dirudi, ez, egokiena, arrazoi sinple eta argi batengatik: a priori langileen eskubideen defendatzaile eta eredu izan beharko litzateke. Eta kontrako norabidean, adierazpenon atzean askok antzeman du langileriarentzat mezu bat: gaixorik egonik ere, egon zaitezke lanerako moduan. Esandakoaren desegokitasunagatik bakarrik ez, jada agerikoa dena nabarmentzera datozelako ere badira esanguratsuak ministroaren hitzok; COVID-19aren aitzakian, gaixorik lan egitea normalizatzen ari garela, alegia. Ez ziren alferrik seinalatu telelanaren balizko arriskuak pandemiaren hastapenetan.

Eta egongo da esango duenik Díaz ez dagoela gaixorik, koronabirusaren sintoma arinak hotzeriaren gisako zerbait izatera datozela, eta horrela egoteak ez duela bat lanerako ezgaitzen. Puntu horretaraino bat nator irakurketarekin, baina ñabardura garrantzitsu bat uzten du kanpoan: hotzeriagatik inork ez dauka konfinatu eta bizitza normala egiteari utzi beharrik, koronabirusarekin ez bezala. Logikoa iruditu dakiguke, COVID-19aren nolakotasunak tarteko hartu beharreko salbuespen neurria, eta hargatik lanarekin uztargarria. Baina produzitzea ez ezik beste ia guztirako ezgaitzen gaituzten agertokiei atea irekitzeak, printzipioz, alerta eman beharko liguke. Kutsatutakoentzako eta kontaktu zuzenentzako baja eskubideak izango du izateko arrazoirik, ezta?

Díazen hitzei tiraka, bada kezkatzen nauen beste aspektu bat ere: sintomak izanik, kriterio pertsonalen arabera erabakitzeak lanerako gai edo ezgai gauden, ze berme ematen dio langileari? Kutsatuta lan egitea normalizatzen ari den testuinguruan, gehiengoarentzat lan esparruan nagusi diren ezegonkortasuna eta prekarietatea faktore erabakigarri izango dira bat lanerako dagoen ala ez erabakitzerako orduan. Inozoa litzateke kontrakoa pentsatzea. Erabat jota egon ezean nola ba hartu baja, pattal egonik ere lanean jarraitzen duten lankideak geroz eta gehiago badira? Nola jarri, bada, osasuna lanaren aurretik, ezaxolakeria keinu gisa uler badaiteke –eta ondorioz, ogibidea arriskatzea ekar badezake–?

COVIDaren agerpenaz geroztik herritarrok kutsatzaile potentzialak garen era berean, soldatapeko lana –eta hortaz, logika kapitalista– existitzen denetik langileok alper potentzialak gara. Bien arteko nahasketa, telelanarekin tarteko, koktel arriskutsua.

Langileen eskubideak, sintoma arinekin

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.