Urtearen gurpila euskaldun zaharren gogoan

Urtearen gurpila euskaldun zaharren gogoan –

Aro zaharretan gure arbasoek urtea bi zatitan banatu zuten: uda eta negua. Hainbat ikerlariren ustez, lehenak badu zer ikusirik urarekin eta bigarrena Paleolito Aroan gurtzen zuten Egu izeneko jainkoarekin. Mari lurraren pertsonifikazioa den bezala, Egu loturik zegoen zeruarekin.  Gaur egun, oraindik, hitz anitz erabiltzen dugu egu hitzaz osaturik direnak: eguraldi, eguena, eguaztena, egubakoitz, eguerdi, eguberri, eguzki, egun…

Bittor Kapanagaren irudikoz, negu behe egutik letorke, hau da, zeru iluna nagusi den garaia. Geroago uda hiru zatitan banatu zen: udaberria (uda etorri berria), uda goiena (eguzkiak zeru goia jotzen duen aldia)  eta uda azkena (udaren azken aldia). Urtea horrela banatzeko, Europa osoan zabaldurik zeuden euskaldun zaharrek, gaur protoeuskaldun deitzen duten horiek, solstizioak eta ekinozioak baliatu zituzten.

Urtearen gurpila euskaldun zaharren gogoan
Arg: Larry
Urtearen gurpila euskaldun zaharren gogoan
Negu = behe + egu ?

Neguburua dugu neguko aldirik gorena, hau da, neguko solstizioa ere deitzen duguna; eta udaburua udako aldirik gorena, udako solstizioa deitzen duguna.  Tartean ditugu udaberriko ekinozioa eta udazkenekoa.

Europa zaharreko mundu-ikuskeran, zeruan bazen jainkosa bat, Eguzki edo Eki deitua zena, berotasuna, bizitza, uztak…, gizakiari ekartzen zizkiona eta urtero, neguburuan sortzen edo jaiotzen zena. Hau oso zabalduta egon zen Europako herri zahar guztien artean, ez bakarrik euskaldunen artean, erromatarrek ere gauza bera erraiten zuten. Europako egutegi zaharretan, neguburua abenduaren 25ean zen eta udaburua ekaineko 24an. Neguburuan, eguzki berria sortzen zela pentsatzen zuten, eta euskaldunok Eguberri deitzen genion egun horri, hau da, eguzki berriaren eguna.

Abenduaren 25etik aitzina eguzkia indartzen eta handitzen hasten zen. Udaberria etortzean, lurra esnatzen zuen, eta harekin hartz mitikoa eta gizaki bera ere. Uda etorri berriaren garaia da, bedatsea ere deitua, hau da, belarraren lehen hatsa. Abenduko 25etik udaberriko solstiziora (martxoaren 21a) doan denbora negua zen, eta hartzaroa edo inautea hartza eta lurra iratzartzeko denboraldi luze, hits, ilun eta sakratua, erritoz betea zena; gaur zuberotarrek maskaradez betetzen duten denboraldi erritual berbera.

Udaburuan, gaurko ekainaren 21ean (garai zaharretan ekainaren 25ean), eguzkiak zeruko gaina edo goia jotzen zuen. Batzuren ustez ekaina hori izan daiteke, eki + gaina. Eguzkiak indar oroz argitzen zuen zeruan. Hortik aitzina eguzkia behera zihoan, Udazkeneko ekinoziora iristean, hau da, irailaren 22ra, aski indarge zegoen jadanik. Abenduaren 24an, eguzki zaharra hiltzen zen, eta 25ean beste eguzki berri bat pizten zen zeruan. Hori zen beste ziklo baten hastapena, euskaldun zaharren gogoan.

Urtearen gurpila euskaldun zaharren gogoan

Europa osoan barna zabaldu zen kristau erlijio berriak ezin izan zituen eguzkiaren zeru ibilaldiarekin loturiko errito jentil zaharrak ezabatu, eta horiek beren kultura bereganatu nahian, Julio II.a aita sainduak 354an ospatu zuen lehen aldiz Jesukristoren jaiotza, eguzkiaren sortze egun berean, hau da, garai hartan abenduaren 25ean erortzen zen neguburuan. Hortxe ezarri zuten Jesusen jaio eguna edo Natibitatea, historian inolako arrastorik ez duena. Horrela, Euskal Herrian, Eguberri eguzkiaren jaiotze eguna izatetik Jesusen jaiotze eguna izatera pasatu zen.

Udaburuarekin gauza bera gertatu zen. Udaburua abenduaren 24an erortzen zen aro zaharretan, eta hortxe asmatu eta ezarri zuten Jondoni Joane edo San Joan eguna. Horrela trikimailu horren bidez, Europako errito zahar guztiak kristau erlijiorako bereganatu zituzten.

Urtearen gurpila euskaldun zaharren gogoan

 

1528an Gregorio XIII.a aita sainduak egutegi berria egin zuen, gaur gregoriarra deitzen eta erabiltzen duguna. Egutegi berriaren egokitzapen eta ezarpenak hainbat eguneko aldea ekarri zuen. Horrela egutegi berrian neguburua abenduaren 21-22an gelditu zen eta udaburua, berriz, ekainaren 21-22an.  Baina jadanik, besta kristau bilakatuak ziren Eguberri eta San Joan data zaharretan gelditu ziren, hau da, abenduaren 25ean eta ekainaren 24an. Hauxe da, solstizio egunen eta Eguberri eta San Joanen artean, gaur ditugun hiru egun edo hiru egun eta erdiko aldearen arrazoia.

Neguburuan, Gipuzkoan eta Bizkaian san Tomasak ospatzen dituzte gaur, eta udaburuan, ez da deus berezirik ospatzen. Besta handiak orain, hiru egun berantago ospatzen ditugu, hau da Eguberri eta San Joan kristauetan.

Olentzero, neguburuaren pertsonifikazioa

Euskal sinesmen zaharretan, errito solstizialak loturik zeuden lurraren pertsonifikazioa den Mari jainkosarekin, eta alaba duen Eguzki edo Eki-rekin. Ekinozio jaietan, berriz, Mariren senarra zen Sugaar, Maddu edo Herensugerekin. Ekaitzetako garaia zen, eta tximistak eta trumoiak zeruetan ziren nagusi. Udaberriko ekinozioa inaute zaharra zen, eta hortxe kristauek garizumaren aurreko karnabala arautu eta finkatu zuten, inaute jentil zaharra ezabatuz edo bereganatuz.  Udazkeneko ekinozioaren inguruan, irailaren 29an, San Migelen kultua ezarri zuten, sugetzarra edo herensugea hil zuen saindua. Horrela ezabatu zuten euskal gogo zaharretik Sugaar edo Herensugeren oroitzapena.

Euskaldunok badugu beste pertsonaia bat, abenduaren 24an kokatzen duguna. Olentzero, Olentzaro, Orentzaro, Subilaro… deitzen duguna, eta gaur, tamalez, eraldaturik eta kontsumismoaren garretan amildurik, ospatzen duguna. Badirudi pertsonaia hau Eguberriaren iragarlea dela, hau da, Ekiren jaiotzaren iragarlea garai zaharretan, eta Jesusen jaiotze egunaren iragarlea aro berriagotan. Kantu zaharretan Jesus agertzen dela beti erran behar badugu ere, oroitu beharra daukagu Joxemiel Barandiaran apaiz etnografo handia izan zela euskaldun zaharrek Jesus baino lehenago Eki gurtzen zutela eta Olentzero ziur aski, hastapenetan Ekiren iragarlea izan zela garbiki aldarrikatu zuena. Gerora Jesusen jaiotze eguna iragartzera pasatu bazen ere.

Hauxe da, nire ustez, aipatu egunen erranahia. Neguburua neguko solstizioa da, garai zaharretan Eguberri ere deitu izan zena (abenduko 21a). Gaur Eguberri kristaua abenduaren 25ean ospatzen dugu, egutegi gregoriarrak ekarri zuen hiru eguneko atzerapenarekin. Eta Olentzero jentila zena, iragarle kristaua izatera pasatu zen.

Ederra da euskaldunok gure ohitura eta sinesmen zaharretan oraindik atxikitzen dugun altxorra. Luzaz hala bekigu!

Urtearen gurpila euskaldun zaharren gogoan  Urtearen gurpila euskaldun zaharren gogoan  Urtearen gurpila euskaldun zaharren gogoan 
Urtearen gurpila euskaldun zaharren gogoan  Urtearen gurpila euskaldun zaharren gogoan  Urtearen gurpila euskaldun zaharren gogoan

Euskaltzalea eta irakasle-ohia

2 pentsamendu “Urtearen gurpila euskaldun zaharren gogoan”-ri buruz

  • josu naberan 2022-01-30 16:46

    Benetan ederrak euskal mitoak…. eta, jakina, mito horiek ispilatzen dituzten aurretiazko ERREALITATEAK.

    Jakina, Elizak eta bere erlijioak (euskal paganoengatik, ez soilik ezberdina, baizik eta KONTRAJARRIA denak, daio kontrakulturalari ekin diote betidanik, eta gaur egun ere, bere ahaleran dagoen guztia SANTIFIKATZEN.

    Lehenik, zutarrien lekuan gurutze erraldoiak jarri zituzten.
    Mari Anderearen lekuetan Andra Mari kristauak; Mariren eta Sugaarren mendi eta bizilekuetan, San Migel, Suge-zapaltzaileak;
    eta leku-izenak oro santifikatu zutuzten:

    SAN MARTIN erribereta,
    SANTA MADALENA, la de la ladera,
    san roque, el de las rocas,
    San APOLONIO, lurburuetan…

    (gero jarraituko)

  • josu naberan 2022-01-30 19:09

    bakarrik eranstea ezen Elizaren SAIO KONTRAKULTURAL hori mundu mailan gertatu zela: hots,

    Miriam Ebanjelioetako pertsonaia apala “Ama Birjina” bihurtu zitzaiguna, eta Mari Andere euskal ordezko jarri, ez soilik euskal herrietan, baizik eta Mexikon (Guadalepeko Anderea ordeztuz), Kanarietan (Candelariako Ardere indigenoa)….etabar.

    Gero, Josebak maisuko azaltzen dituen gure kultura paganoko erritoak eta jaiak…

    eta zer esangura ote dute UDA//URTE//ELURTE
    EGU/NEGU”

    Hor hainbat hipotesia “jaurti” daitezke, bakoitzak zein harrikada duen.

    Hona hemen nire harrikada propioa:

    UR, URTE Josebak esan duena

    EGU, hortxe komeriak!
    Nire interpretazioaren arabera, GU//EGU alderaketatik datorke, hau da, EGU *ez-gu–>e-gu litzateke, hots “GU ez garen INGURUA”; “GUTAZ AT DAGOEN BESTE GUZTIA”

    Iberierak ere berdin funtzioatzen baitu: ingurunea (eusk), DARUN (iberieraz): “dagoenaren (*da-an-en) ingurua (une)”

    eta NEGU? Bada, nik esango nuke NEGU *en-egu “eguren (egu-en) hurrengoa (en)” dela, besterik gabe.