Euskarazko eredua orokortzearen aldeko adostasun historikoa

Euskarazko eredua orokortzearen aldeko adostasun historikoa  –

Eusko Legebiltzarrak 2021eko urriaren 14an egindako osoko bilkuran erabaki zuen Euskal Eskola Publikoari buruzko 1/1993 Legea aldatu eta hurrengo hamarkadetako hezkuntza-sistemaren oinarriak ezartzeko prozedura hastea. Ondorioz, Legebiltzarrak Hezkuntza Batzordearen esparruan ponentzia bat eratzeari ekin zion.

Gaur Gasteizko Europa Jauregian egindako prentsaurrekoan, hezkuntzako eragile nagusiek, euskalgintzak eta gehiengo sindikalak EAEko hezkuntza-hitzarmenari lotuta euskararen eremuan jaso beharrekoa zehazteko ekarpena egin nahi izan dute, eta euskarazko eredua orokortzearen aldeko adostasun historikoa bultzatu dute, Euskaraz hezi, berdintasunean hazi izeneko adierazpenean jasotakoa (sarrera honen bukaeran duzuena).

Euskarazko eredua orokortzearen aldeko adostasun historikoa
Bertan izan dira hezkuntzako eragile nagusietako ordezkariak: Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakaria, Lurdez ImazEHIGE gurasoen elkarteko koordinatzailea, Arantza Jaka Kristau Eskolako arduraduna eta Uxue Ugartemendia HikHasi-ko kidea. Gehiengo sindikala ordezkatuz, Uxue Mingo ELAko irakaskuntza arduraduna, Irati Tobar LAB Irakaskuntzako arduraduna eta Ainhoa Astigarraga STEILASeko kidea izan dira. EHIZE eskola publikoetako zuzendarien elkarteak ere adierazpenarekin bat egin du, nahiz eta, prentsaurrekoaren unean elkarteko Batzar Nagusia egiten zebiltzanez, ordezkaririk ez duten bidali. Azkenik, euskalgintza ordezkatuz, euskararen normalizazioaren aldeko eragileen bilgune nagusia den Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusi eta adostasunaren bultzatzaile Paul Bilbao izan da, eragile guztiek adostutako adierazpena irakurtzeaz arduratu dena.

Bilbaok “inflexio puntu” gisa definitu du gaurko agerraldia. “Hezkuntza-hitzarmenaren inguruko eztabaidan, euskarazko ereduaren aldekoa da adostasunik zabalena lortu duen gaia” adierazi du Kontseiluko eledunak.

Euskarazko eredua orokortzearen aldeko adostasun historikoa
Hezkuntza komunitateko eragile nagusiek, gehiengo sindikatuak eta euskalgintzak gaur eginiko agerraldi bateratua, Gasteizen.

.

Euskaraz hezi, berdintasunean hazi (adierazpena)

Eusko Legebiltzarrak 2021eko urriaren 14an egindako osoko bilkuran egun indarrean dagoen Euskal Eskola Publikoari buruzko Legea aldatzeko prozedura abiatu zuen. Hurrengo hamarkadetako hezkuntza-sistemaren oinarriak ezarriko dituen legearen eztabaidari zein onarpenari ekin zaio.

Hezkuntza ardatza da egoera gutxituan dagoen edozein hizkuntzaren berreskurapen- prozesuan, belaunaldi berriek hizkuntza gutxituaren gaitasun egokia bermatzen duelako, bai eta gizarte-kohesioa zein bizikidetza bermatzeko giltzarria ere badelako.

Azken hamarkadotan hezkuntza-sistemak egin duen ekarpenari aitortza egin behar zaio: milaka eta milaka herritar euskaldundu dira. Halere, oraindik ezagutzaren unibertsalizaziotik urrun gaude. Datuek erakusten dute egungo ereduen sistemak arrakalak dituela. Badakigu zein den eredurik arrakastatsuena eta zein den desegokiena, baina sistema bera berrikusi behar da. Gaur-gaurkoz ikasle askori ez baitzaio euskarazko gaitasun egokia eskuratzeko eskubidea bermatzen. Eta gogora dezagun, Euskararen Legean jasotzen den bezala, administrazioak gaitasun hori bermatzeko betebeharra duela, betetzen ari ez den betebeharra.

Horrek zuzenean eragiten die gizarte kohesioari, eta belaunaldi berrien aukera- berdintasunari. Izan ere, gizarte bizitzan zein garapen profesionalean aurrera egiteko oinarrizko baita hizkuntza-gaitasun egokia eskuratzea, euskaraz eroso aritzeko gaitasuna eskuratzea. Horregatik diogu, hori bermatzea ezinbestekoa dela gizarte kohesioan eta berdintasunean aurrera egiteko.

Berdintasun-printzipioari jarraiki, jatorriak, egoera sozioekonomikoak, egoera soziolinguistikoak edota bestelako irizpideek ezin dituzte baldintzatu ikasleek eskuratu beharreko gaitasunak -ez hizkuntzaren arloan, ez eta beste ezagutza arloetan ere-. Aitzitik, herritarren arteko bereizkeria handia litzateke jatorria, eremu soziolinguistikoa, egoera soziala edo bestelako irizpideren bat baliatzea ikasleei euskara-gaitasun egokia eskuratzea ukatzeko. Beste gai edo esparruetan bezala, kasu honetan ere berdintasuna bermatzeko oinarrizko bidea izan behar du gutxien duenari gehiago ematea. Horregatik diogu, oinarrizko euskara-gaitasuna belaunaldi berri guztiei bermatuko dien eredu berri orokortua ezartzea dela aukerarik justuena eta berdinzaleena.

Horregatik guztiarengatik, argi dugu orain dela aurrera egin eta ereduen sistema segregatzailetik, eredu orokortu inklusibora jauzia egiteko unea.

2021eko ekainaren 19an ehundik gora askotariko eragilek Batuz Aldatu adierazpena aurkeztu genuen Donostiako Kursa?al jauregian. Batuz Aldatu adierazpenak etorkizuneko hizkuntza-politiken norabidetzeak zehaztu zituen. Horrela, politikek bi ardatzi jarraitu beharra adostu genuen eragileok: ezagutzaren unibertsalizazioa eta euskararen erabilera

erosorako espazioak. Eta, horrekin batera hezkuntza-sistemak zein norabideri jarraitu beharko dion adostu genuen: Euskaraz eroso arituko diren ikasleak hezteko […] ikasteredu orokortua ezarri behar da. Inor bazterrean utziko ez duen eredua izan beharko du, eta gutxien duenari gehiago emango diona

Horrexegatik,

Hemen bildu garen eragileok eskatzen dugu hezkuntza-hitzarmenean berariaz jaso dadila hurrengo legeak ereduen sistema baztertzailea gainditu eta ikasle guztiei euskara gaitasun egokia bermatuko dien eredu orokortua ezarriko dela.

Eta horretarako, konpromisoa hartzen dugu:

Eskaera hori gure egiteko, eta hezkuntza legearen inguruan parte hartzen dugun foroetan edota egiten ditugun harremanetan eskaera hori defendatzeko.

 

Euskarazko eredua orokortzearen aldeko adostasun historikoa

Euskara, katalan eta galegozko ikus-entzunezkoaren alde fronte komuna Madrilen

Euskararen normalizazioa azkartzeko lan egiten duten erakundeen eta eragileen bilgunea da Euskalgintzaren Kontseilua. 30 talde baino gehiagok osatzen dute, eta, batasunaren indarraz baliatuz, euskararen normalizazioa azkartzeko hizkuntza-politiketan eragitea du xede. Kontseilua sinetsita baitago euskara dela gizarte kohesionatu, justu, demokratiko eta berdinzaleago bat eraikitzeko tresna. Helburu hori jomuga hartuta ari da lanean 1998. urteaz geroztik.

2 pentsamendu “Euskarazko eredua orokortzearen aldeko adostasun historikoa”-ri buruz

  • Hunkigarria benetan!
    Mugarria EHko historian!
    Baina norbaitek al daki zein den euskarazko eredu hori? Definitu gabekoaren inguruko adostasuna lortu dute. Hau da, betiko kk zaharra! Itxurakeria besterik ez

  • Hitz polit asko, eduki eskasa. Eszeneratzeak prestatzen maisuak, kobratutakoa justifikatu beharra dago.