Martin Goihetxe alegiagile urruñarra

Martin Goihetxe alegiagile urruñarra –

1.- Zer da alegia?

Alegia genero narratiboaren adarretako bat dugu. Irakurleari edota gizarteari argitasunez irakastea eta on egitea du helburu. Xede hori, beraz, didaktikoa da, balore etiko unibertsaletan sustraitzen dena. Alegiak hitz lauz zein bertsoz idatzi izan dira. Pertsonaiak giza ezaugarriz jantzirik aurkezten diren animaliak zein objektuak izan daitezke. Diruzalekeria, zuhurkeria eta bekaitza izaten dira ainitzetan pertsonaien alde txarrak. Alegietako gaiak, ontsalaz, giza bizioak izaten dira: harrokeria, gezurra, anbizioa… Horien inguruan ipuin modukoak harilkatzen dira, ironiaz aurkezten direnak eta pizten diren egoera berezi horien bukaeran irakaspen moral ematen dute.

Martin Goihetxe alegiagile urruñarra

2.- Alegiaren historia eta zabalkundea

Topatu ditugun lehen alegiak k.a. 2000. urte ingurukoak dira eta Mesopotamiako buztinezko taulatxoetan idatzirikoak dira. Grezia zaharrean ezagutu dugun lehen alegia Hesiodok k.a. VII. mendean idatzi zuen urretxindor edo erresiñolarena da. Baina ospetsuenak, zalantzarik gabe, “Exopodoren alegiak” izenaz dugun alegia-bilduma daukagu.  Greziatik alegia Erromara igaro zen eta Horazio, Fedro eta Flavio Avianorekin arrakasta handia zuten atzeman. Erdi Aroan izugarri zabaldu ziren Europa osoan zehar. XVII. eta XVIII. mendeetan, Frantzian zabalkunde handia ukan zuten, Jean de La Fontaine-rekin gailurrera iritsi zirelarik.

3.- Euskal alegiagileak

Euskarazko alegiagintza mogeldarrekin hasi zen XVIII. mendearen amaieran eta XIX. mendearen hasieran. Juan Antonio Mogelek bizkaieraz idatzi zituen eta Bizenta Mogelek gipuzkeraz. Hauekin batera, nabarmentzekoak dira Juan Mateo Zabala bilbotarra eta Agustin Paskual Iturriaga hernaniarra.

Iparraldean Jean Baptiste Arxu zuberotarra eta Martin Goihetxe eta Gratien Adema “Zaldubi” lapurtarrak izan genituen hastapenetako alegiagilerik handienak. Arxu Altzürükükoa zen eta lanbidez irakasle eta eskola-ikuskatzailea. La Fontaine-ren hainbat alegia zubererara itzuli zituen. Zaldubi itzultzaile baino gehiago moldatzailea izan zela erran behar dugu eta Goihetxe izan zen La Fontaineren alegiak lapurterara ekarri zituen lehena.

Martin Goihetxe alegiagile urruñarra

4.- Martin Goihetxe

Martin Goihetxe Urruñan sortu zen 1791ko irailaren 8an Hariztegia izeneko etxean. Jean Goihetxe sendagilearen eta Marie Braten semea zen. 1817ko abenduaren 20an apeztu zen. Bikario izan zen herrian 1818an eta geroago erretore 1831ko martxoaren lehenetik 1836ko uztailaren 19ra arte.  Ondoren, Aintzilan izan zen erretore urte bereko abenduaren 15a arte. Orduan utzi zuen bere kargua, berrogeita bost urte zituelarik. 1853. urtean Antton Abadiak antolatutako Lore Jokoetan parte hartu zuen Urruñan epaimahaikide gisa. Bi urteren buruan utzi behar izan zuen osasun arazoak zituela eta. Aintzilatik itzuliz geroztik, Urruñan bizi izan zen eta bertan hil zen 1859ko ekainaren 12an, pilota-plazatik hurbil den Puxant-Baita izeneko etxean. Hirurogeita zortzi urte zituen. Zehazkizun biografiko hauek guztiak Aurelia Arkotxak Kazeta.eus izeneko agerkari digitalean Martin Goihetxez plazaratutako bi artikulutatik jaso ditut.

1852. urtean “Fableak edo alegiak la Fontainetarik berexiz hartuak eta Goihetxe apezak frantsesetik euskarara bertsotan itzuliak” izeneko liburu mardula plazaratu zuen Baionan. Aitzin-solasean honela erraiten zuen:

“Duela zenbait denbora erakurtzearekin bi fable multzo, bata zuberotar jaun batek, bertzea Gipuzkoako jaun apez batek bertsotan publikatuak: etorri zitzaitan gutizia Lapurdiko hizkuntzan lan beraren egiteko; ez hek baino hobeki egin beharrez segurki; baina-bertzela, eta Lapurdiko mintzoaren arabera. Hala nola ezen, plat bera izan baidaiteke hirur kozinerez diferentki apaindua, eta gisa bakotxak baidituzke bere zaleak eta jaleak: hala orobat liburu berak hirur eskribatzaile diferentez landuak eta moldatuak; badituzke publikoan erakurtzaile gustu diferentetakoak. Agian honek ere baturen ditu bereak.”

Aipatu liburuan 216 alegia euskaratu eta bertsotan ezarriz ituen. Erabil izuen euskara Urruña inguruko lapurtera zen baina beste lekuetatik eta beste euskalkietatik hartutako hitzez osatua. Aditz aberatsa erabil izuen, trinkoen erabilera harrigarria eginez. Hitz eta aditz horiek guztiak liburuaren bukaeran ezarri zuen hiztegiñoan bildu zituen. Aurelia Arkotxa idazle eta ikertzaile baigorriarra dugu, zalantzarik gabe, Goihetxeren lana hobekien aztertu duena. Honen ustez, Martin Goihetxe dugu Euskal Herriak ukan duen alegiagilerik aberatsena eta oparoena. (Ikus Kazeta.eus-en Goihetxez plazaratu dituen bi artikulu mamitsuak)

Martin Goihetxe alegiagile urruñarra

Martin Hiribarren apez eta idazle azkaindarrak 1855ean Baionan plazaratu zuen “Eskaldunak” izeneko liburuan Lapurdiko herriak eta heien jendeak banan banan kantatu zituen. Urruña aipatu zuelarik honela erran zigun herriaz eta Goihetxez:

“Urruñan (Hiribarrenek Urriñan dio) ere bada merkatu tokia, ezbaitu nola plazak edertzen herria. Beharrik ez du hortik nahi irabazi, eta du bere landan aski biltzen hazi! Bihiz nagusi ahal da inguru guzian, lur onak ditu eta beti ongarrian; nagusi deitzen dituzte Senpere egurrez, Urruña arto bihiz eta Hazparne urrez. Urruñak badu haitza eta eskas harria, kisugai ala bideen antolagarria.

Eliza ere badu ederra osoki, aidean zenbeit etxe jarriak xuriki; nola panttupan baita sartze bidetarik. Harat heltzeak ez du hegiko parerik. Herri horri dohako kanpotar biltzea. Nihon ez ederrago hegi hedatzea, biltzar tokitzat ere iduriz lehena, euskaldun gutiziei arraiki dagona.

Jaunak ere baditu arras euskaldunak; iragan aiten premu ager ditezkenak; ikustekoak dire ohoren egiten, atzeko jendeari aisia ematen. Jende hoberena da hango populua, lumako ere badu seme bat hautua: Goihetxeren alegiek buru seinalatzen. Damurik ez direla perla hoiek preziatzen! Euskalduna ez balitz den bezen gibela, hetan den gatza luke bilduren bertzela.”

Badirudi, Goihetxerena dela ere, Baionan, 1956an plazaratutako “Maiatza edo Mariaren hilabetea egun guzietako kantikekin” izeneko liburua. Olerkiak egiteaz gain Florian alegiagile frantsesaren alegiak ere euskaratu zituen. Aurelia Arkotxak topatu zituen 2000ko urriaren 2oan Pariseko Liburutegi Nazionalean.

Buka dezadan artikulu hau Goihetxeren bigarren alegia, “Ttirritta eta xinaurria” izenekoa lerro hauetara ekarriz:

“Bigarren Fablia: Ttirritta eta xinaurria. Ttirritta zagon kantari udak ziraueino beti. Zenean negua etorri bazukeien penxa zeri, lau hil luze pasatzeko eta deusik ez jateko. Ez xixari, ez marmotxa; etxea zedukan hutsa; soilaruan ez bihirik, bankan ere ez laborerik.

Badoa bada auzora, xinaurria ahizpa baitara gosetea kantatzera. Agur, ahizpa, banatorzu! Zertan naizen ikus zazu. Nauzun, otoi, urrikari. Prest indazu zerbait bihi! Hitz dautzut, duda ez zaitela, (zuhork badakizu berdin, gurekin hitza dela zin). Bihurtuko dautzudala etorri deneko uztaila, interesekin kapitala.

Xinaurria baita guti prestatzaile, gutiago ere emaile. Badiotzo ttirrittari: Oro zaite elkar iduri, hartzean handi promesak, nasai zinak eta hitzak. Ondoan hil epekoa nihoiz ez agertzekoa.

Fabliak: Karitazteko legea ez da alferrak bazkatzea. Nekez ditugunak uztatu, nekez guk uzten ditugu eta zuk uda zenean zertan bada ziñaraman? Kantuz nindagoen beti, zatorkidakeen nornahi. Ez bekizu gaitz hori. Ai! Ai! Gure zelebrea! Biba horrelako umorea! Kantuz uda ziñaraman? Emazu bada orain dantzan. Banoa nire lanera! Bazoazke kantatzera!

Fabletto hau zertarako? Ororer irakasterako? Adin gaztean dena alfer eta nagi. Zaharrean maiz dela gose eta egarri. Eta uzkur dagonak denean lanbide. Badukela ondoan zer jan gabe janbide. Finean gaizki dena ohitu gaztean, zaharrean bihoa zakua soinean.”

Martin Goihetxe alegiagile urruñarra Martin Goihetxe alegiagile urruñarra Martin Goihetxe alegiagile urruñarra Martin Goihetxe alegiagile urruñarra Martin Goihetxe alegiagile urruñarra Martin Goihetxe alegiagile urruñarra Martin Goihetxe alegiagile urruñarra Martin Goihetxe alegiagile urruñarra Martin Goihetxe alegiagile urruñarra Martin Goihetxe alegiagile urruñarra Martin Goihetxe alegiagile urruñarra

Euskaltzalea eta irakasle-ohia