Bi Euskal Herriak

Bi Euskal Herriak –

Mikel Garciak Argia aldizkariko Jendartean blogean.

Euskal Herri bat da Durangoko Azoka, Korrika, Herri Urrats… aintzat dituena; bestea, errealitate horiei bizkar emanda bizi dena, existitzen direla ere jakin gabe. Kontraesana behar lukeen arren, Euskal Herrian euskararik eta euskal kulturarik batere gabe bizi delako jende asko, hain gaude kolonizatuta.

Bi Euskal Herriak
Arg: Dani Blanco

Asteburuan gertatu zaidana sare sozialetan kontatu dut eta izan dituen erreakzioek berretsi didate mundu paralelotan bizi garela, herri hau euskaraz eta euskaratik bizi dugunok batetik, eta euskal kulturarekiko itsu eta gor mantentzen direnak bestetik. “Ezagun bat aurkitu eta esan diot Durangoko Azokan izan naizela. ‘Ah, ya he visto que han puesto una feria o algo por allí, no?’. Txantxetan ari zela uste nuen. Ez zen txantxetan ari”.

Txio horri erantzunez, jendeak kontatu du Korrika zer den azaldu behar izan diola euskal herritar bati baino gehiagori, Herri Urrats “aurten non ospatzen den” galdetzen duela hainbatek, edo euskaltegiak zer diren ez dakienik ere badela gure artean. Kultur talkaren adierazgarri, Iñaki Sanz-Azkueren txioa: “Nire adineko donostiar batek Txirri, Mirri eta Txiribiton, izen horiek sekula ez zituela entzun esan zidan. Hau non bizi izan da, pentsatu nuen, eta hark, ziur asko, nigatik ere berdin”.

.

Euskara, kohesio-hizkuntza eta kosmobisio

Tristea da gero, euskara ez dakienak, euskal kulturarekiko interesik ez duenak, zenbat errealitate galtzen dituen inguruan. Kosmobisio oso bat galtzen da, kolonizazioaren atzaparretan. Euskal Herri berean, bi mundu. “Bi mundu gabe, gu beren munduan halabeharrez, eurek gureaz arrastorik ere ez”, dio Pakok.

Eta bikain laburbildu du Igotz Alkortak: “Bi mundu horiek ondo ezagutzen ditu euskaldunak, eurak bakarrean bizi dira baina mundukoak direla sinestuta”.

Bi Euskal Herriak

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.