Euskaldunak garelako euskaraz, ala euskaraz ari garelako euskaldun?

Euskaldunak garelako euskaraz, ala euskaraz ari garelako euskaldun? –

Euskaldunak garelako euskaraz, ala euskaraz ari garelako euskaldun?Vincent Partal katalan valentziarrari ostu diot izenburuko pentsamendu bikain hori. Berak vilawebeko editorial batean dio, gutxi gorabehera, bera katalanez entzun, mintzatu, irakurri eta idazten duen neurrian dela katalana eta komunitate bezala horixe baino ez dutela beste herrietatik berezirik munduari eskaintzeko, katalan bakoitzak bere aldetik munduari eskain diezaiokeenaz gainera, eta horrexegatik esan dezakeela katalan valentziarra dela. 

Hausnarketa hori bere barrutik azalera ekarrarazi diona berriki Kataluniako Auzitegi Nagusiak Kataluniako ikastetxeetarako hartu duen erabakia izan da, hots, gogoraraztea eta agintzea irakastorduen %25 gazteleraz ematera derrigortua dagoela Kataluniako Generalitatea, eta halaber kritikatzea oraindainokoan gutxieneko kopuru hori betetzeko neurririk hartu ez izana. 

Kataluniako Auzitegi Nagusia, EAEkoa edo Nafarroakoa bezala, Espainiako sistema judizialaren parte denez, badakigu Espainiako 78ko Konstituzioa betetzera eta betearaztera behartua dagoela; horrek ez gaitu batere harritzen; baina gertaera horrek beste galdera bat sorrarazten dit: nork jarri du salaketa auzitegian? Bada, kasu honetan Mariano Rajoyk, Espainiako gobernuburu zenean; hark salatu zuen Generalitateak ez zuela bermatzen gaztelaniaren erabilera komunikazio hizkuntza gisa, eta hortik etorri da epaia.

Espainiako gobernua kezkaturik bide dago Katalunian gaztelaniaren ezagutza eta erabilera bermatzen ez direla eta. Katalanak ere kezkaturik daude katalanaren erabilera behera doalako ikastetxeetan –batxilergoan, esaterako, irakasleen %47 gazteleraz mintzo omen zaizkie ikasleei–; politikariak baino gehiago Plataforma per la Llengua eta Omnium Cultural bezalako entitateak. Jakina denez, ERCk ikus-entzunezkoen legearen tramitazioan %6ko kuota sartzea lortu du estatuko hizkuntza koofizialentzat –gure ordezkariek ere babestu dute–. %6a hasteko zerbait bada; nahikoa inondik ere ez, eta gainera Netflix, HBOMax eta Amazon prime ez omen ditu barne hartuko, egoitza Espainiatik kanpo dutelako; soilik Filmin edo Movistar+ bezalakoak. Horrekin asebeteta gelditzen badira, zer eskerturik ez dugu izango.

Gurean, Eusko Jaurlaritza kezkaturik al dago haur eta gazteek euskara oso gutxi erabiltzen dutelako EAEko ikastetxeetan, azken azterlanen arabera? edota NFEkoetan, Nafarroako gobernua? Badakigu erantzuna ezezkoa dela.

Espainiako CISek (Ikerketa Soziologikoen Zentroa) hedabide batzuen irakurle eta entzule datuak bildu ditu, eta datu-bilketa irizpide bakartzat harturik, Eusko Jaurlaritzak 5.000.000 euro onartu berri ditu honako hedabide hauek pandemiak sortutako galerei aurre egin diezaieten: El Correo-k 1.608.716 euro, Diario Vasco-k 747.535, Deiak 558.126, SER-ek 520.244, Gara-k 305.580, eta Berria-k 290.427 euro jasoko dituzte. Erdarazkoek jasoko dituzte ia sos guztiak; hemen ez da mendeetako zapalkuntza eta asimilazio linguistikorik egon, eta  neoliberalismo linguistiko erabatekoa aplikatu beharra dago. Irakurleen edo entzuleen hizkuntza-ohiturak alda daitezkeen aztertzeko azterlanik ez; diskriminazio positiborik ez euskararen alderako.

Pandemiak instituzio eta gizarte zibil antolatutik datozen ekimen batzuk galarazi ditu, kasu, Euskaraldia. Borondatean eragitea dute helburu jarduera horiek guztiek. Borondate onenez, borondatean eragitea xede. Gizarte zibil antolatuari ahalegin eta meriturik ukatu gabe, nago instituzioak lasai gelditzeko eta lege aldetik aurrerapausorik ez emateko ere balio dutela, eta, autokonplazentziazko adierazpen harropuztuak egiteko. Ikusiko duzue abenduaren 3ko adierazpen instituzionaletan: arrazoia emango didazue.

Euskararen Nazioarteko Eguna gainean dugun honetan, Vincent Partalekin batera arreta pixka bat jar diezaiogun urregorrizko pentsamendu honi: ez dugu euskaraz entzuten, hitz egiten, irakurtzen edo idazten euskaldunak garelako baizik eta euskaraz aditzen, mintzatzen, leitzen eta izkiriatzen dugulako gara euskaldunak, eta horixe da besteetatik berezirik munduari eskain diezaiokeguna, euskaldun bakoitzak bere aldetik eskain diezaiokeenaz gainera. Denok ere horren arabera jokatuko bagenu, beste kuku batek joko liguke!

Euskarari 365 egun eta bisurteetan 366!

Euskaldunak garelako euskaraz, ala euskaraz ari garelako euskaldun?

Saiakera-idazlea

3 pentsamendu “Euskaldunak garelako euskaraz, ala euskaraz ari garelako euskaldun?”-ri buruz

  • josu naberan 2021-12-02 08:59

    Ados, Pako

    Horren adibide, iberierari buruzko taldea dugu.

    Katalanak, Aragoekoak, Levante eta Andaluziarrak eta Portugaldarrak dira, eta EUSKERA ikasten dabiltza jo eta su, soilik euskeraren bidez dezifra daitekeelako iberiera.

    R.M. Azkueren Hiztegia higatu-higatuta daukate erabiliaren erabiliaz.

    Beharbada haien eredutik abiatu beharko genuke euskaldunon kontzientzia-zioa.

  • Josu, ni ez naiz iberiarra, ni euskalduna naiz, eta espainolak gorrotatzen ditut zapaltzaileak direlako

  • “Pandemiak instituzio eta gizarte zibil antolatutik datozen ekimen batzuk galarazi ditu, kasu, Euskaraldia. Borondatean eragitea dute helburu jarduera horiek guztiek. Borondate onenez, borondatean eragitea xede. Gizarte zibil antolatuari ahalegin eta meriturik ukatu gabe, nago instituzioak lasai gelditzeko eta lege aldetik aurrerapausorik ez emateko ere balio dutela…”
    Halaxe ikusten ditut nik ere, Pako.