Erraietatik

Erraietatik –

Gaurkoan partekatu nahi dugun hausnarketa azken aldian herri bezala hartu dugun norabidearen inguruko kezkatik heldu da. Ezker Abertzalearen legalizazioak eta ETAk borroka armatua alde batera uztearen erabakiak birkokatze prozesu bat eskatzen zuen, bai guretzat bai etsaiarentzat ere. Aldaketa askotan bezala, kezka eta zalantza asko sortu ziren hainbeste aipatzen zen ¨garai berri¨ horrek hartuko zuen norabidearekin. Hala ere, ohitura dugun moduan, aurrera!

Erraietatik

Ibilbide hau, ilegalizazio garaian egitea egokitu zitzaigun batzuei, beste hainbati instituzioetan urte luzez isildutako ahotsen ordezkaritzaren papera betetzea tokatu zitzaigun, eta beste batzuk horretan ari gara gaur egun. Ilusio eta indar guztiarekin hartu genuen erronka hori. Argi genuen instituzioetan egotea nazio askapenerako baliatu zitekeela, sekula helburu bezala planteatu gabe. Jakin badakigulako, instituzio horiek Estatu zapaltzaileek dituzten tresnarik eraginkorrenak direla herri hau zapaldu eta desagerrarazteko.

Testuinguru honetan, instituzioak herritarren esku jartzean dago gakoa, beren izaera patriarkala eta hierarkikoa salatzen dugun bitartean. Gardentasuna eta parte hartzea bultzatuz instituzio horiek eraldaketa sozialean laguntzeko eta boterea banatzeko erabiliz. Horrelako egitasmoak biderkatu zaizkigu Euskal Herriko txoko guztietan. Aitzitik, botere instituzional hori nazio eraikuntzaren oinarri diren herri mugimenduekin partekatu eta saretu dugunean emaitza eraginkorrak izan ditugu, Udalbiltza, UEU, edota UEMA batzuk aipatzearren.

Aldi berean, instituzioek badituzte beren arrisku eta tranpak. Botere eremu klasiko guztietan bezala, denborak eta inertziak erosotasunera eta sistemaren parametroetan funtzionatzera eramaten gaitu, erne ez bagabiltza behintzat. Hau bereziki kezkatzen gaituen errealitate bat da. Adibide bezala, hautetsi abertzale gehien ditugun garai honetan, aipatutako nazio eraikuntzarako sortutako tresnak sortu zirenean baino indar gutxiagorekin defendatzen ditugu, Gaindegiaren kasuan, desegin arte.

Gure ustez herri prozesua bizikleta baten metaforarekin parekatu daiteke, zeinetan bi gurpilak ezinbestekoak diren, instituzionala eta herri dinamikarena. Bizikletaren ardatz traktorea herri dinamikaren gurpilean legoke, bestea ibilarazi eta indarra emanez.

Eztabaida ez da instituzioak bai ala ez, baizik eta zertarako, nondik, nola, eta norekin. Gure hautetsiak Madrilek eta Parisek markatzen dituzten markoetan lan egin beharrean, Euskal Agenda propioa adosten, eraikitzen eta jorratzen behar ditugu. Alegia herri eta auzoetako batzarretan herriarekin batera ikasten eta aliantzak eraikitzen. Entzuten. Boterea oinarritik sortzen.

Ez da kasualitatea ere, esparru honetan ematen den genero eta adinaren arteko desoreka. Badirudi, legeak behartuta ez bada, instituzioetan eta partiduen egituretan zein batzarretan, adin batetik gorako gizonak direla nagusi: berehalakotasuna, emaitzak, arrazionaltasuna, ordena, hierarkiak, eta zaintza ezak ezaugarritzen duen eredu patriarkala erreproduzituz. Izate hau deseraikitzeko ezintasun horrek ezinezkoa bihurtzen digu sistemak bazterrean kokatzen gaituen identitate zein subjektuei (nazional zein kapitalismo-heteropatriarkalak zapaldurikoak) boterea lehiatzea. Euskal Herri feminista, sozialista eta euskalduna lortzeko, ezin ditugu instituzio hauek gure borrokaren ardatz bakartzat hartu. Euskal Herriaren eraikuntzaren arrakasta soilik esparru eta subjektu anitz horien elkarlan eta ahalduntzetik etorriko da.

Gure borrokaren oinarri izan behar duten herri mugimenduetan aldiz, azken hamarkadetan ikusi duguna eredugarria izan da. Mugimendu feministatik hasita, etxebizitza, hizkuntza edota lurraren defentsaren mugimenduetaraino militantziaren aniztasuna eta zaintza bermatzearen aldeko apustu sendoa egiten ari da. Eztabaida demokratikoa, iritzi kritikoa, desobedientzia, auzolana eta ekintza zuzena oinarritzat hartuz boterea, eta hark sortzen dituen harremanen lanketa sakona egiten gabiltza. Hortaz instituzioetan gauden militanteok, ezinbestekoa dugu herri dinamikaren indar traktorea eta iparra. Arrazionaltasunetik haratago, erraietatik eta gorputz kolektiboetatik hausnartuz, sentituz eta ekinez. LURRARI LOTUZ.

 

Garbiñe Elizegi

Expe Iriarte

Miren Legorburu

Xabier Isasi

Onintza Enbeitia

Xabier Alvarez de Arkaya

Aritz Azkona

Erraietatik Erraietatik Erraietatik

20 pentsamendu “Erraietatik”-ri buruz

  • josu naberan 2021-11-19 11:56

    Oso analisia bikaina, egungo egoerari buruz egiten duzuena!!
    Guztiz ados zuekin.

    Halere, ni “adin batetik gorako gizonezkoa” naizen aldetik, ez dut ulertzen “edadismoa” dirudien hori.

    Zein adinetako jendeak osatzen du “Pentsionisten Borroka eredugarria?
    60-70eko belaunaldikoak dira batik bat, beste batzuk balaunaldi bertikaleko kidez osasuta egongo da (ez dakit zein %tan). Eta belaunaldi gazteko nahiz “Next generation”-
    ekoak, non ote?
    Beraz, kontuz adin-ikuspegiekin.

  • Joxe pottotto 2021-11-19 13:43

    Nazio eraikuntzak uneko egoera guztien gainetik egon behar luke. Ulergarria da Ezker Abertzalea krisi egoeran eta noraezean egotea, aurreko estrategia alde batera utzi ondoren. Baina ez da aitzakia nazio eraikuntza alde batera uzteko.

  • Jon pittitti 2021-11-19 14:36

    Eta hor, Joxe, ongi baino hobekiago seinalatu duzu frakaso honen muina zein den: Divide et impera. Gure indar guztiak sakabanaturik daude, 20 mila fronte irekita, bakoitza momentuan momentuko adabaki txikiak jartzen saiatzen delarik, bakoitzak bere esparrutik lan egiten du. Nazioa? Egun ez dakigu hori zer den. Ez dago euskaldunontzako proiektu nazional seriorik. Jadanik globalizazio eta posnazionalismoan diluituak izan gara.

  • josu naberan 2021-11-19 14:40

    Arrazoi Pottoto

    nazio eraikuntza, ene iritziz ere, guztiaren airea (oxigeno) litzateke, arnasa hartzen jarraitzeko.

    Adin-ikuspegiari buruzkoan, egia esateko, pertsonalki ez zait komeni ere irizpide hori, 80 urte beteak baititut.

    Baina kontuz genero-ikuspegiaz ere.
    Har kontutan “EUSKERAREN egiturak ez duela generorik” (iberierak ere ez)
    Hau da, ez duela hartzen erreferentziatzat GENEROA, baizik eta LEINUA.
    Horrela, ABA/AMA ez da berez orain ulertzen dugun “ama”, baizik “Leinua bera”; eta AITA hitzak ez du genero-markarik, baizik eta “Leinuaren bermea” esan nahi du; eta ez GIZA, ezta GIZON hitzek ere EZ dute berez genero-markarik, baizik eta GIZ- “izaki bizidunaren gauzapen unea (-ON)” esan nahi du, besterik gabe.

    Genero-ikuspegia patriarkalismoak (Patriarkatuaren ideologiak) ekarri du gurera, Katolizismoaren eskutik.

    Beraz, generoeri buruzko ikuspegia mantentzea Patriarkalismoaren ikuspegia mantentzea da.
    Beharbada denbora modernoetara egokitzea beste erremediorik ez dugu izanen, baina ez dadila izan INKONSZIENTEKI.

  • Pentsakizun interesgarriak, ea zerbait positiboa lortzen duten Sortuko biltzarrean. Zaila izango dute. Oso gustura daude herrigaiakoak Espainiako gobernuaren jarduna baldintzatzen. Zertarako independentzia estatu osoko jendearen bizi baldintzak hobetzeko nahikoa den estatu egitura honetan?
    Zorte on halaere!

  • Egunero, pnv-ren moduko politika “pragmatikoa” egiten zaudete, ta orain diskurtso erradikal honekin etortzen zarete. Niretzat, idazki hau ez da sinesgarria. Ez bada, sektore kritikoak erakarri nahi izatea itxurakeriaren bitartez….
    Hitzak ari bira, dugun egina

  • josu naberan 2021-11-23 21:17

    Pragmatiko antzutik ezetxo, Txikitero

    Pragmatiko eraginkorretik, nahi duana; baina hori ez duk PNV-ren jokabidea, eztok?
    “Pragmatiko eurentzat”, bai, portzierto; baina “pragmatiko herriarentzat”….atzamar txikerrik ere ez.

  • Eraginkorrak? Agian polizia español foralen lan baldintzak hobetzen?
    Ta “Herria”… Zein herri? Española? Matute entzuteak argi adierazten du zein herria defendatzen duten….

  • josu naberan 2021-11-24 00:15

    Apur bat nahasturik dirudik, Txikitero.
    Lar hartuta edo?

  • Bueno ba Lurrari lotuz-ekoek galdu egin dute. Zerbait proposatuko dute? Edo Herrigaiakoek lortuko dute independentzia 2025erako eta lasai geratuko dira itxaroten?

  • Ezker abertzalearen barruan inoiz egon ez baina hark har dezakeen esparrutik oso urruti ibili ez garenontzat, hizketa-modua ere ez dugu inoiz berdina izan ezta berdintsua ere. Niri behintzat beti egin izan zait bitxia ezker abertzaleren mintzaera publikoa. Esanean eta esaeran aldeak hortaz, ziur aski bata beti doalako besteari lotuta, ezinbestean.
    Ezker abertzaleak, nolabaiteko egitura sendo batekin agertzen hasten denetik -80ko hamarkada hartatik- izan duen arazorik handiena herri mugimenduekin lanean elkarrekin, elkarren ondoan eta elkarren lagun aritzeko erakutsi duen ezintasun nabaria izan da. Egitura-modu bat eraiki zenetik ezker abertzalea aparatua izan da, gogorra gainera eta aparatu guztiek bezalaxe guztia kontrolpean eduki nahi zuena; portaera hori eta herri mugimenduaren berezko izaera, kontzeptualki, elkarren kontrako muturrak direla begi-bistan da.
    Beste alderdi politiko guztiak ere halakoxeak dira, baiki, baina ezker abertzaleari hasieratik jokaera hori edukitzeak ez dio inoiz izan beharko zukeena izaten utzi. Jatorrizko gaitza balu bezala agertzen da beti, eta okerrena Euskal herri independente bat eraikitzeko bidean ezker abertzaleak herri mugimenduarekin batera aritzeko erakutsi duen ezina oztopo ikaragarria izan da bide horretan aurrera egiteko.
    Beti harritu izan nau ezker abertzaleko kide beterano askotxori hasierako HB hura goraipatuz, herri mugimenduarekin zuen lotura estuaz aho betean aditzeak . Ez zen hori herri ia guztietan ikusten genuen eszena-tokia, “edo gurekin edo gure kontra” leloa nagusi zen garaian.
    Baina joanak joan eta denboran aurrera eginda badago ezker abertzalearen beste termino-leloa niri behintzat nahikoa bitxia egiten zaidana: “estrategiaren aldaketa” bide armatua uzteaz ari direla. Estrategia zer den edo zer ez aparte utzita, nik pena handiz ikusi dut armak desagertu eta Sortu sortzean galdu zen aukera bikaina gauzak bestela egiteko. Denboraren paseak erakutsi digu gauzek lehengo lepotik dutela burua: aparatua ez da desagertu. Aukera paregabea zen jendea, hamaika gauzetan inplikaturiko jendea, ikusten den eta ikusten ez den jendea, baina azkenean jendea, protagonista izateko. Baina ez. Aparatua burnizkoa dirudi, mugiezina. Aukera handia galdu zen hor tiro eta eztanda hotsak isilduta jendearen ahotsak aireratzeko, hitzak hedatzeko, eta herri honetan bazen zer entzun. Guretik guretzako -Ai gu demoniozko hau- alegia denontzako. Baina ez. Orduan ere ulertzeak lanak ematen dituen bidea hartu zen: Espainiako erregimen itxura-aldatuak ezarritako instituzioak elikatu, jendea berriz ere atzean uzteko.
    Jendearen errepublika euskalduna behar dugu, eta hori ez da, inondik ere, Espainiak Espainiaren batasunari eusteko propio ezarritako instituzioetatik pasatzen. Nori okurritu zitzaion Euskal Herri independente bat instituzio horien laguntzaz etor zitekeenik?
    Maite zaituztegu da beste lelo bat ezker abertzaleari ikasitakoa. Ez dut gustuko. Begi bistan denean soberan da, ez da esan behar. Behin esaten hasita aukeran hobe singularrez eta pertsona bakar bati esateko. Baina ni ere animalia kontraesankorra naiz eta zuen baimenarekin esan egingo dizuet maite zaituztedala. Itxura batean ematen ez badu ere, idatzi hau bera duzue horren froga, ondo leitzen baduzue.
    Eta azkenik zera eskatu nahi nioke ezker abertzaleari:
    Euskara hitza bere programa, bide-orri, proposamen, txosten politiko, taktiko eta estrategiko guztietatik kentzeko eta hasteko bere eguneroko bizitza guztia hala barruan nola kanpoan euskara hutsez egiten. Horrek munduko predikurik onenak baino askoz indar handiagoa du, inola ere. Euskal herria, hor hasten da, gu guztion eguneroko bizitzan.
    Duen komunikazio-bide ofiziala erdarazkoa izateak sinesgarritasun guztia kentzen dio ezker abertzaleari.

  • Eutsi goiari! 2021-11-26 00:50

    Oso iritzi interesgarria harrigarri!
    Ezker abertzalearen “egitura”-k zailtasun handiak ematen dizkio ezkertiar eta abertzaleak diren indarrak elkartzeko momentuan, gaur egun (kanpotik ikusita eta inongo militantzian egon gabe) esango nuke duen arazo larrienetakoa dela, ezkertiar eta abertzaleak diren mugimenduak antolatu eta lideratu beharrean,kontrolatu eta bere egiteko joera oso toxikoa du herri txikietatik hasi eta nazio mailara eraman arte, egia da benetazko aldaketa bat eman nahi bada antolatuta izan beharko dela eta “estruktura” bat beharrezkoa dela ,baina gaur egun ikusten ari garen gauza askok joera erabat desnaturalizatuak eta “gure” aurka doazenak dira.

    Egoera honi buelta eman ezean arazoak izan ditzazkete ez Euskal Herria independiente eta ezkertiar bat lortzeko, baizik eta orain arte lortutakoa mantentzeko.
    Gazte jendeak nahiz eta helburuak konpartitu,geroz eta alerjia gehiago dio ezker abertzale “ofizialari” eta bere erakundeei, zailtasunak dituzte, gazteen eta ez hain gazteen arazo eta beharrei erantzuteko eta egitazko alternatiba bat planteatu eta haiengana erakartzeko. Gazteria kritiko eta aktiborik gabe herri honek ez du etorkizunik izango. Gogorra da baina horrela da. Eta hau ez da Sorturen arazoa soilik,baizik eta EHn orokorrean ematen ari den arazoa. Gazteria orokorrean aurreko belaunaldiak baino alienatuago,despolitizatuago eta galduago dabil eta hau izan daiteke herri hau hiltzera ez, baina koma egoerara eraman dezakeen arrazoi nagusia, ez espainiaren eta frantziaren erasoak, baizik eta gure pasibotasuna eta arduragabekeria.

    (Iritzi honen helburua ez da inor iraindu edo mintzea,ezta bere lan eta ilusioak kakaztea, egoera kanpotik nola ikusten den erakustea da helburua eta ahalik eta konstruktiboen egiten saiatu naiz. Oraindik ez da berandu. Lor dezakegu!!)

  • Herri mugimenduak gainbaloratuta daude. Ez daukate benetako indarrik

  • Eutsi goiari! 2021-11-27 08:33

    Kaixo erramun, hori zure iritzia da. Esango nuke orain arte lortu ditugun aurrerapen gehienak herri mugimenduetatik datozela…

  • Herri mugimenduek ez dute ezer lortu. Dena dela Lurrari Lotuzekoen erronka omen zen herri mugimendu horiek proiektu abertzale-ezkertiar batekin uztartzea. Ez da ideia txarra, baina benetan lortzea … Funtzionarioz betetako gizarte honetan ez dut herri askorik ikusten

  • Ez gaude konforme Erramun.
    Hirurogeiko hamarkadatik hona modu batean edo bestean herritik ateratakoak dira garatu diren ekimen garrantzitsuenak eta hobe dugu ez imajinatzea haiengatik ez balitz, batez ere kulturalki eta sozialki, non geundeke orain. Arazoa da, hain justu ere, horri ez zaiola duen balioa eman itzal handiagoko erakundeei ez zaielako behin ere interesatu horri duen balioa ematea.
    78.urte alde hartan Espainiako instituzioak, partiduak eta egitura potolo horien makinariak martxan jartzen hasi zirenean mezu bat bidali zioten jendeari: “zuek segi etxera, hemen gaude gu-eta, denok nahi dugun euskadi (?) (euzkadi?) libre bat lortzeko”. Eta jendea sinetsi, antza.
    Herri mugimendua sendoa zegoen orduan hemen Europan ez zegoen adinakorik: Langileen mugimendua, AEK, UEU, Ikastolak, kooperatibak, gaztetxeak, irrati libreak, EHE, komunikabideak…
    Espainiaren batasunari eusteko helburuz Espainiak jarritako gure instituzio horiek, baina, oso ondo egin zuten bere lana: Esku batez Espainiaren helburu horietan inor baino zintzoago kolaboratzen zuten bitartean hemen herriaren aurrean itxurak egiteko “Goraeuskadiaskatuta-ka” aritzen ziren egun seinalatuetan, eta gauzak zer diren, itxurak horiek egiteko politiketan nondik eta herri mugimendu horietatik elikatzen ziren ederki: euskalduntze-alfabetatze mugimenduak egindako lan apartari zurrut hemendik eta kosk handik eraiki zuten HABE, ez euskaraz biziko den jendea sortzeko baizik eta tituludunak fabrikatzeko funtzionario ibilbideetan lagungarri; UEU guztiz baztertu eta euskal itxurako UPV hori eraiki zuten Espainiako hezkuntza sisteman ondo ahokatzeko; Ikastolek egindako lan eskerga oinarri hartuta saiatu dira halako (euskal?) curriculuma modu bat eraikitzen, Espainia ez haserretzeko modukoa betiere, eta A eta B eta D ereduen zirku hori antolatu ziguten. Orain ikusi dute zein emaitza ekarri duen D ereduak berak ere. Haiek nahi zuten emaitza, beste aldetik.
    Dirua bai, (gurea) baina beste gauza batzuetarako. Dirua bai, baina Madrilera bidaltzeko eta beraz ez Euskal errepublika eraikitzeko baizik eta Espainiako ejerzitoa, polizia (ertzaintza ere bai) eta AHT hornitzeko. Ezta osasun sistema sendo bat eraikitzeko orain pandemiarekin agerian gelditu den bezala -ez naiz bertako profesionalez ari-. Hori baino lehen Osakidetzako oposizioa iruzurle haietan ikusi genuen Osakidetza benetan zer den: Komentario orokorra zen profesionalen artean: “Hori hala izan de beti Osakidetzan”, eta mediku naparrek berriz “a ba hemen igual-igual izan da beti”.
    Berriz esango dugu: 78ko alde hartan instituzio hauek eta partidu-aparatu hauek antolatzen hasi zirenean helburuetako bat zen jendea etxera bidaltzea, herri mugimendua deuseztatu eta Espainiako batu handi haren babespeko itxurazko eszenatoki batean merkatua elikatzea eta elite batzuek negozio handiak egitea. Ezker abertzaleak ere bere egiturak sendotzea lehenetsi zuen herri ekimenak bazter utzita.
    Gero etorriko ziren Lemoiz, Leitzaran, Itoiz, Zubieta, Donostiako metroa, AHT, Lekarozko aroztegia… guztiok ere herri mugimenduak borrokatutakoak. Horra elite horiek nahi zuten demokrazia zer zen: herriak, baserriak, lur-soroak, basoak…suntsitzeko inolako eskrupulurik gabe, merkatua eta negozioa. Horregatik orain Ezker Abertzalea Madrilen eta politika bertsuak egiten protagonista bertsuekin eskuz esku ikusteak etsipen handia sortarazten du.
    Gauza batean gaude konforme, Erramun: funtzionarioz beteriko gizarte honetan ez da herririk ikusten. Horra hor emaitza apartak eman dituen sistemaren beste estrategia: Jendea funtzionario bihurtu herria deuseztatzeko.
    Garaiak baina aldatu dira, eta nik herri mugimendu kontzeptu horri beste zentzu edo esan nahia ere emango nioke: Norbanakoa, pertsona, jendea…agian talde batean antolatuta ez dagoena baina beren eguneroko bizi moduan eredu izan daitezkeenak mila gauzetan:
    hizkuntza, arazo sozialak, hezkuntzan, energiaren norberaren kudeaketan, lurraren defentsan, eguneroko ekarri pertsonaletan… Jendea. Katalunian garbi ikusi zen hori urriaren lehenaren bueltan. Han ez zegoen hain beste talde antolatu baina behar izan zenean eta behar den guztietan hor dago jendea tropelka edozertarako prest. Hemen hori faltan dugu: matrikularik, kolorerik edo karnetarik gabeko norbanakoa. Egunkarietan azaltzen ez direnak baina oso garbi daukatenak euskaraz biziko den herrialde bidezko eta justu bat nahi dutenak, honez gero bere egunerokoan, modu batean edo bestean, horrela bizi direnak. Katalunian deskonexio mentala aspaldian egina dute eta horregatik lortuko dute errepublika guk uste baino lehen. Hemen mentalki gero eta espainolagoak gara. EITBk edo pnvpsoek lan zoragarria egin dute horretan, “Zuek segi etxera” esan zigutenetik. Orain Ezker abertzalea ere horretan ikustea etsigarria da. Jendea da behar duguna.

  • Eutsi goiari! 2021-11-28 14:56

    Nahastua zabiltzala uste dut, herri honetan zeozer lortu bada herri mugimenduei esker izan da: lemoiz,mugimendu feminista,gaztetxeak, ikastolak… Egia da mugimendu hauek mugak dituztela, baina hortik ez dutela ezer lortu esatera salto handia dago, eskertuko nuke zure ideia gehiago azalduko bazenu.

  • Eutsi goiari! 2021-11-28 15:07

    Beste behin erabat ados harrigarrirekin!
    Nire iruzkina bidali ondoren irakurri dut zurea eta oso ongi azaldu duzu!
    Erabat ados azken puntuan egindako kritikarekin, etiketazio handiegia dago gure herrian eta hori da kondenatzen gaituena, herri oso heterogeneoa eta anitza gara 5 partidutan zatitzeko! Zorionez ez gara hain herri sinplea! Zuk esandako sujetu independientea berreskuratu behar da!

  • Mugimendu feminista erabat subentzionatuta dago, estatuaren babesean, multinazionalen eta bankuen laguntzarekin. Estatuaren egitura bat da. Lemoiz etzuen itxi herri mugimenduak. Herri mugimendu hori ez da gauza izan alternatiba energetiko bat sortzeko. Ikastolak berehala integratu ziren espainiar sisteman. Gaztetxeetan hipsterismo zikina da nagusi. Antifaxistak eta antikapitalistak ddira, ez abertzaleak.Itoizena izan daiteke “garaipen” bakarra? Ulertzen dut zuen etsipena . Baina Herrigaiakoen oportunismoa ere bai. Bestalde uste dut HBk ez zuela asmatu politika abertzalea egiten instituzioetan. Hau da alkate abertzaleek izan dituzten udaletan ez zen ezer.berezirik nabaritzen: funtzionario korrupto eta enpresen menpe zeuden erabat. Txantxulloren batzuk egiten abilak izan dira. Madrillen ere oso harro daude Espainiako jendearen bizitza”hobetzen”. Eta uste dut oraingo Sortu horretan ez daukazuela lekurik. Benetako herri mugimendu indartsu bat egon izan balitz egoera honetara ez ginen iritsiko. 50 urte eta gero LKIk ETA V menperatu egin du. Lurrari lotuzekoek kongresuaren emaitza onartu dute.Zer egin?

  • Eutsi goiari! 2021-11-28 23:55

    Argi dago ez garela adostasun batera iritsiko eta asko luza daitekeela eztabaida hau..
    Nire ustez erratua jarraitzen duzu herri mugimenduak gutxiestean, herri honen ADN bait dira eta emaitzak eman dituzte! , herri mugimendurik gabe ez dago EHrik.
    Mugak dituela? hasieratik esan dugu hori..