Milaka pertsona Bilbon Eskola Publikoaren alde

Milaka pertsona Bilbon Eskola Publikoaren alde –

Milaka pertsona Bilbon Eskola Publikoaren aldeJoan den azaroaren 6an, 10.000 pertsona elkartu ginen Bilbon Euskal Eskola Publikoaren alde egiteko eta hezkuntza pribatu-kontzertatuari mugak jartzeko garaia dela adierazteko, alegia, hezkuntzaren pribatizazioarekin amaitu behar dela esateko. Milaka pertsona horiek jai giroan, eta aldi berean ozen eta tinko, adierazi zuten EAEra politika pribatizatzaileak ekarri dituen hezkuntza-sistema publiko-pribatu dual hau diskriminatorioa eta segregazio-sortzailea dela. 

Egunak joan dira dagoeneko, eta  Euskal Eskola Publikoaz Harro Topagunetik, gogoeta hauek plazaratu nahi ditugu:

  1. Eskola Publikoaren alde parte hartu zuten guztiak zoriondu nahi ditugu. Garbi gelditu zen mezua: sare publikoari lehentasun osoa eman behar zaio, denon eskola delako, hezkuntzan dugun zerbitzu publikoa.
  1. Oihu ozen horren aurrean eta foro guztietan ikasleen bereizketa hizpide den momentu honetan, segregazioarekin bukatzeko Hezkuntza sailaren asmoak zeintzuk diren  jakin nahi dugu.
  1. Atean dugu 2021-2022 ikasturterako aurre-matrikula prozesua. Une hartan ematen da urtero eskola-segregazioaren lehenengo urratsa, ikasleak haien maila sozioekonomikoaren arabera sare batera zein bestera bideratzen direlako.  Ikastetxe pribatu-kontzertatuetan gertatzen diren prozesu ez gardenekin bukatu behar da. Jaiotze-tasa behera doan une honetan, gela publiko bat bera ere ez ixtea eskatu nahi dugu. Era berean, eskaintza publiko nahikoa dagoenean gelarik ez ituntzea exigitzen dugu. Ezin da jarri ikastetxea aukeratzeko eskubide indibiduala kohesio sozialaren eta eskubide kolektiboaren gainean. Aski da.
  1. 2022an, Hezkuntza Hitzarmen berria adosteko asmoa azaldu du EAEko Hezkuntza sailburuak. Denbora gutxi geratzen den arren, ez ditugu ezagutzen hitzarmen horren oinarriak eta gure susmoa da egungo egoera blindatzea baino nahi ez ote den.

Kohesioan oinarrituta egongo den eta ikasle guztiei aukera berdinak eskainiko dizkien gizartea eraiki nahi dugu. Hori lortzeko bidean, hezkuntza sisteman neurriak har daitezen eskatu genuen milaka eta milaka pertsonek azaroaren 6an, Bilbon. Helburu horrekin mobilizatzen jarraituko dugu. 

.

    EUSKAL ESKOLA PUBLIKOAZ HARRO TOPAGUNEA:

Gasteizko, Oiongo , Bilboko, Santurtziko, Oarsoaldeako, Astigarraga, Donostialdea,  Lasarte-Oriako plataformak ,  Ordiziako Euskal Eskola Publikoko Komunitateak.

EHIGE, HEIZE, GOIESKOLA, IKASLE SINDIKATUA,  IKASLE EKINTZA, GAZTE KOMUNISTAK, LAB, STEILAS, CCOO, ESK eta CNTM

Milaka pertsona Bilbon Eskola Publikoaren alde

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude