Euskararen normalkuntzarenak egin du
Euskararen normalkuntzarenak egin du –
Hitz eginaz errealitatea deskribatzen dugu, baina hizkuntzak errealitatea moldatzeko, gauzak egiteko, gaitasuna ere badu. Horrela esan zigun J. L. Austin filosofo ingelesak “How to Do things with Words” lanean (1962).
Ideia hori bete betean aplikatzen zaio botere egiturek erabiltzen duten hizkerari. Legeek gure bizitza moldatzen dute, zer gizarte motatan bizi behar dugun ezartzen digute, ebasten dute zer egin behar dugun eta zer ez, zer den zuzena edo okerra, zigorrik merezi dugun ala ez… Horren adibide, azken hamarkadetan EAEn elite politikoak euskaldunoi ezarri digun hizkuntza politikan daukagu, bera baldintzatu, mugatu, duen legedian. Legedi horretan «euskararen normalkuntza» jarri zen helburu modura. «Euskararen erabilera normalizatzeko oinarrizko Legea» izena jarri zioten legeari. Hautu hori ez zen inozoa izan. Hitz horrekin euskararen presentzia anomaliatzat jo zen, eta espainierarena edo frantsesarena normaltzat. Legeak egin behar zuena, beraz, euskara normalizatzea ei zen. Horrek oso egoera erosoan jarri zuen elite politikoa, baina menpekotasunera kondenatu gintuen euskaldunok. Normalizatzea neurtezina izanik, elite politikoa izango zen erabakitzen zituena eman behar ziren urratsak, balioesten zituena emaitzak, eta erabakitzen zuena zer den euskara normalizatua egotea eta zer ez. Horrela, euskara elite politikoaren atzamarretan geratu zen, eurendako erosoa izango zen legedi baten pean, oso egokia inori konturik eman beharra ez izateko, eta kontuak euskaldunoi eskatzeko, gu anomaliatzat jo eta gero. Espainiar konstituzioak mugak jarri bazizkion euskarari, normalkuntzarekin euskal politikariek, mugak zabaldu beharrean, estutu egin zituzten, Espainiatik murriztuta zetorrena etxekoek murriztuagoa utziz legedi hertsitzaile batekin.
Ez zitzaion euskarari lehentasunezko hizkuntza estatusa aitortu EAEan; ez zen helburutzat jarri euskaldunon presentzia unibertsalaren aitortza bermatzea egunerokotasunaren dimentsio guztietan, ezta ere euskararen gutxieneko ezagupen unibertsala segurtatzea, edo belaunaldi berrietan komunikazio lehen hizkuntza bihurtzea. Legediaren helburua ez zen herritar guztiengan eraspen sentimenduak iratzartea euskarekiko, edo euskara altzoa eta orea bihurtzea elkar aitortzan oinarritutako erkidego bizitza errepublikazale, harmoniatsu eta demokratiko batean.
Aitzitik, euskara talka gune batean jarri zen, gizartearen periferian, normalizatu beharra zuten herritar batzuen bizkarrean: arnasguneetan, eskoletan, komunikabide sistemaren bazterrean, eta ez gure euskal errepubliken bihotz eta zainetan.
Okerrena dena, euskaldungoak bereganatu egin du helburua, normalkuntza, eta mantra: euskara ez da politizatu behar, euskara ez da ezarri behar, euskara ez… Horrek elite politikoari bere burua zuritzeko bidea eman dio, eta gure artean errudun sentipena zabaldu du estalinismoaren errezetari jarraituz: «ez da politikarien errua, errua nirea da», «politikariek ez, nik egin behar dut gehiago», «ni gaiztoa naiz euskara ezarri nahi dudalako modu ez demokratiko batean», «politikariak, lider maitagarriak, onak dira, ni naiz petrala»… Euskara bahitu, eta errudunak gu garela sentiarazi nahi izan digute, eta horrek balio izan du ere euskaldunok desaktibatzeko, gure ametsak eta ilusioak zapuzteko. Berrogei urte joan dira, eta anormalak izaten jarraitzen dugu, ez da ezer aldatu alde horretatik; jarraitu behar dugu aldarrikatzen, mobilizatzen, eskubide batzuk erregutzen… eta zarata gutxi ateratzen. Gainera, euskarak prozedura demokratikoen galbahetik pasa behar du eten gabe, erdarek ez bezala. Legedi hertsitzaile horretatik irten nahi izatea demokraziaren aurka joatea litzateke, norbanakoaren (erdaldunaren) askatasunaren aurka, berdintasunaren aurka, emaitza ekonomiko batzuen aurka, eskubide sozial eta sindikalen aurka, migrazionismo ideologiko eta kulturaniztasun artifizialistaren aurka. Ba al dago hori dena baino gauza okerragorik?
Elite politikoak aitortu du emaitzak ez direla harro egoteko modukoak; ez da gutxi! Baina emaitzak kazkarrak direnean, neurri eraginkorrak eta ausartak hartu behar dira. Lehenik euskara ekarri behar da berriro jokaleku politikora, eta legedi berria mamitu behar da.
Legedi horren abiapuntuan euskarari lehentasunezko hizkuntza estatus politiko propioa aitortu behar zaio, erdarek estatus politiko predemokratikoa duten bezala.
Legedi horren helburua izango da euskara lehentasunezko komunikazio hizkuntza bihurtzea; bermatu behar du ezinbesteko eta gutxieneko euskararen ezagupen unibertsala, baita euskaldunon presentzia unibertsalaren aitortza ere. Beharrezkoa da ere euskararen erabilera legea, gure egunerokotasunean kontuan hartuko gaituena: lanean, aisialdian, jendarte hartu emanetan, komunikabide guztietan… Euskararen eta euskaldunon presentziaren aitortza, besteak beste, eragileen konpromisoaren eta betebeharraren magalean jesarriko da, eta ez subentzio huts sistema batean. Hirugarrenik, hezkuntza murgiltze eredu bakarreko sisteman oinarritu behar da, euskara lehentasunezko hizkuntzatzat joko duena.
“euskararen normalkuntza
euskararen presentzia
euskara normalizatzea
mugak jarri bazizkion euskarari
ez zitzaion euskarari lehentasunezko hizkuntza estatusa
euskara talka gune batean jarri
euskara ez da politizatu behar, euskara ez da ezarri behar, euskara ez…
euskara bahitu
euskarak prozedura demokratikoen galbahetik pasa behar du
euskara ekarri behar da berriro jokaleku politikora
euskararen eta euskaldunon presentziaren aitortza
horrela euskaldunok eta euskara ez gara eskuin-ezkerreko gure politikari liberalen menpe egongo”
Horiek denak aurkitu ditut artikuluan; beste batzuk ere badira, baina hizkuntzaz ari dira, hain zuzen ere. Batzutan euskaldunak ere aipatzen dira; izan ere, ekarri ditudan azkeneko bietan adierazten da gauza bat dela Euskara eta beste bat euskaldunak. Nik ezin ditut bereizi. Eta uste dut, sarritan esan izan dudan bezalaxe, Euskara jartzen duen tokian hitz hori kendu (orain berriz irakurri goiko aipua, Austinena, alegia) eta soilik “euskaldunak” jarri behar dugula. Errepasa itzazue orain goiko leloak eta jarri euskaldunak euskara hitzaren lekuan; ez al da errealagoa kontua?.
Uste dut testuan salatzen den eta deskribatzen den guztia, baina bai eta proposatzen den guztia ere, euskaldunoi dagokigula. Euskarari eratxekitzea hutsala da, eta are guztiz kaltegarria.
Aitortza behar dugunok; normalizatu beharrean gaudenok; eskubideak ditugunok; legediek helburu gaituztenok, euskaldunak gara, herritarrak oro har, euskara delakoa baino.
Joko horretan sartuta, non Euskara objektu bihurtua dugun, gutaz kanpoko zerbait, deklinabide aukera ia guztiak aplikatzen zaizkiona, galtzekotan gara.
Zuzeun bertan irakurria dut honakoa, orain hilabete batzu: “D eredu naturalak ezarri ezean, euskarak bere buruaz beste egingo du”. Non eognen gara euskaldunak orduan?
Pertsonifikazio horren atzean bizi gara, bitartean, eta bitartean, hortaz, ez gara inoiz ere normalak izanen.
Gainerakoan, ni ados nago esaten den ia guztiarekin, ñabardura batzu gorabehera.
Mikel hemen ere, dudarik gabe, bada deskribatzen duzun joera berau, alegia euskara defendatzeko euskaldunak defendatzeko baino.
Esplikazio ideologiko sakona izango du beharbada
Zure ustez nundik dator?
Kontu interesgarria Haranburuk dakarrena. Gertatzen da orain euskaldunok, lehen ez bezala, oso likidoak garela linguistikoki: orain euskaraz mintzo, orain erdaraz. Euskaldun batzuk, etiketa hori eramanda ere, bakan aritzen dira euskaraz. Euskara hitza, ordea, garbia eta unibokoa da. Euskara galduta ere, seguru nago batzuek jarraituko luketela beren buruari euskaldun esaten, egun hainbatek egiten duten bezala, euskara egunerokoan baztertu samar eguki arren.
Eskerrik asko zuen iruzkin, hausnarketa eta kritika interesgarriengatik. Ohartxo batzuk. Nire testutxoaren helburua euskaldunok menpean gaituen legedia auzitan jartzea izan da, baita legedi horrek eta elite politikoak euskarari atxikitzen dion estatus politikoa salatzea ere. Legediak, konstituzioek, hitz egiten dute euskarari buruz eta espainiera eta frantsesari buruz. Horrek behartzen nau termino eta kontzeptu horietan mugitzera.
Nabarmendu nahi izan dut legedi eta estatus horrek berarekin dakarrela euskal herritarron bazterketa, menpekotasun egoera, ia gatazka eragile esklusiboak bihurtu gaituela, eta horretan uste dut erakusten dudala Mikel Haranburuk eskatzen duen sentiberatasuna.
Dena dela, kasu batzuetan ezinezkoa da “euskara” erabiltzea: “euskararen gutxieneko ezagutza unibertsalaz” hitz egiten dudanean, edo euskararentzat “lehentasunezko komunikazio hizkuntza estatusa” eskatzen dudanean. Alderantzizkoa ere gertatzen da, “euskaldunon presentzia unibertsalaren aitortzaz” hitz egiten dudanean, adibidez.
“Euskara” hitza 26 aldiz agertzen da, gehien gehienetan legediari lotuta, normalkuntzaren kontzeptuari, edo hizkuntza politikoa salatzeko: “euskara ez da politizatu behar”… esaten digute politikariek.
Bestalde
“euskal”, “euskaldun”, 11 aldiz agertzen da.
“Ni” edo “Gu” (euskaldunon) izenorde modura 13 aldiz
“Herritar” euskaldunoi buruz hitz egiteko 2 aldiz
Eta badira paragrafoak esklusiboki euskaldunok hartzen gaituztena kontuan. Gauza bera gertatzen hainbat esaldiekin, modu eliptikoan bada ere.
Zoritxarrez euskaldunok babes gabe gaude. Politikariei, guztiei, traba egiten diegu. Euriaren modukoak gara; noizean behin agertzen gara eta aterkia ateratzen dute, eta agian klima aldaketa dela eta euriarekin gertatzen den bezala, gero eta gutxiago, noizbehinkago, agertuko gara. Hori ote euren helburua?
ados, Xabier, hik dioan hori duk “haien” helburua; hots, kanpotik zein BERTOTIK, kolonizatu nahi gaituzten, “haien eta hauen” aldetik.
Eta “gure” aldetik, gaur egun EUSKERAK hizkuntza gisa jasten duen egoera hau kontutan hartuz, ez du balio erresistentzia soilean oinarritutako plangintza batek.
Plangintza TRAUMATIKOA behar da, eta uste dut horixe esan nahi duela Xabierrek. Ez joan semantika adarretatik.
Nik uste dut egoerari aurre egiteko modu bakarra dela indarrak batzea euskararen defentsa politikoa egingo duen erakunde baten inguruan. Orain ez dago inor. Gure Esku Dago-ren modukoa, baina euskararen eta euskaldunon defentsa egingo duena, erronka egingo diena alderdi politikoei (EAJ eta BILDUri bereziki), eta legedi aldatzea eta hizkuntza politiken aplikazioa eta emaitzak jopuntuan izango dituena.
Xabier, zure artikulua aitzaki ona izan zitzaidan nireak agertzeko; ez nuen aurka egiteko asmorik. Esan nuenez, ia guztiarekin ados nago, ñabardurak gorabehera. Kontua da aspalditik pentsatzen dudala erabiltzen den diskurtsoa ez dela egokia, eta ez zuzena, eta gainera kaltegarria. Etxeparerengandik hasita, non hizkuntzari mintzo zitzaion zuzenki, zuka zein hika, sortua dugu pertsonaia bat, euskara delakoa, zeinek sufritzen duen, aurrera doan, atzera ere bai, presentzia duen edo ez, erasotzen zaion, lehentasuna ematen zaion… azkenean, bere buruaz beste egiteko ere gai den…!
Euskara aipatzen da beti, eta horren atzean ezkutaturik gaude askotan. Guk ez dugu sufritu nahi, ez dugu gaizki sentitu nahi, eta horretarako baliatzen dugu euskara. Zapalkuntza ikaragarria eratxekitzen diogu, eta salatu ohi dugu, baina guk gerizpean nahiago. Eta, zuk diozun bezalaxe, ez gara normalak, eta kontziente izan behar dugu horretaz, ala inoiz ere ez diogu ordezkapen dinamikari aurre eginen.
Xamarrek dioen bezala, Euskara bera, izan ere, gramatika bat eta hiztegi bat besterik ez da. Hortxe dugu hizkuntza salbatuta.
Hiztunak gara, ordea, hizkuntzaren bihotza, eta hizkuntza da komunitatearen bihotza.
Toki eta une orotan, Euskara aipatzeari uko eta “euskaldunak” jarriko bagenu, ikusiko genuke nolabai biluzik geratzen garela, eta orduantxe hartzen diogula gure hizkuntzari eta bere egoerari benetako tamaina. Baina orduantxe hasiko gara, ez Euskara inposatzen, baizik eta gu geu, geure euskal izaera, inposatzen. Hau da, orduan izanen gara errekonozimendua behar dugun subjektuak, eta administrazioari lege aldetik ere aitortza exijitzeko herritarrak, euskaradunak, ez soilik jakin “euskaraz dakigunak”, baizik eta kolektiboki hizkuntza honetakoak garenak (“Euskara jendea”, dio Xamarrek).
Zentzu horretan idatzi nuen nire iruzkina.
Bestalde, lege aldetik ere, erraz ikusten ahal dugu Euskara objektu bilakaturik dagoela: Euskara biziberritzeko plana (euskaldunak biziberritu gabe zaila), Bai Euskarari (nola ez diogu esango bai geure buruari), Euskara erakargarria egin (nolaz, gu erakargarri ez izanik?), Euskararen egoera (ez ote da geure egoera bera?)… hamaika adibide.
Garrantzitsua da oso zuk ekarritako legediaren aipamena; lege bakarrak ez ditu hiztun guztiak hartzen, egoerak, jarrerak eta jokabideak hain desberdinak izanki. Normalizazio legeak aspektu batzuk hartzen ahal ditu, baina konbentzituta nago hizkuntzek lege tratamendu zabalagoa behar dutela. Alde batetik, eskubideak, euskaldunak euskaldun aitortuak izan eta behar bezalako antolamendua egiteko. Beste aldetik, historian zehar eman den ordezkapen dinamikak ekarritako ondorioak itzularazteko. Iruditzen zait ezin direla bi alderdi horiek lege bakar batez bete, erabakiak edo ezarpenak behar bezala funtsatuak egonen badira. Ez dezagun ahantz bost administrazio dauzkagula gainean…
Gai hauek ere zure hitzetan ageri dira neurri batean, baina iruzkin bat baino askoz ere gehiago behar lukete ongi garatuak izatekotan.
Azkenik, esan dezadan Benatek egindako galderari ere erantzuten saiatu naizela hemen.
Mikel eskerrik asko erantzunik.
Hemen ere onargarriagoa da nausientzat eta politikoki gutiago arriskutsua guretzat hizkuntza aparte defendatzea ezen ez eta herria eta gure populua bere osoan.
Adeitasunez
Josuk esan duenarekin guztiz bat nator, %100. Artikuluak helburu eta muga zehatz eta garbiak ditu, eta zuek, Mikel, Benat, planteatzen duzuenak beste alor batzuetara garamatza, eta ez noa hor sartzera. Ez daukat ezer gehiago gaineratzeko.
Baietz, bada. Zurea niretzat aitzakia izan zen beste ideia horiek ateratzeko; bestela, ados nago artkuluan esaten duzunarekin, eta halakorik gehiago aterako balitz, eta bazenu, pozarren!
Euskeraren “kosifikazioak” ez du batere laguntzen, baina uste dut AUZIA beste leku batean dagoela, Xabierrek dioen bezala, INORK ez diola oratzen euskeraren eta euskaldunon egoera honi. Nire aldetik KULTURGINTZA.II-2022rako Plangintza herritar baten eske nenbilen, baina uste nuen Azpeitiko plataformak-eta, oratu ziotela gauzari, baina oraindik ez digute azaldu zertan diren.
Nire ustetan, Euskararen kosifikazioak, lagundu ez baino askoz gehiago egiten du: jende arrunt zein euskaltzale askori ematen dio aukera, esan nuen bezala, nolabait ezkutatzeko, erreibindikazio eta protesta antzutan erortzeko (urteak, hamarkadak daramatzagu horrela). Euskaldunon aurka dihardutenei aukera ematen die, behin eta berriz, inposizioaz mintzatzeko, euskaldunok geure hizkuntza gerezko afera ez baigenuan bezala. Gaztelania edo Frantsesa ez ditugu kosifikatuta: horiek oinarri bilakatu zaizkigu; xake taulan, berezko kolorea bat da, eta gainetik ezartzen ahal duguna Euskara. Euskarari buruz azterketak etengabe; “xx eta Euskara” gisakoak, zenbat erabiltzen den, non, nola. Beste hizkuntzei buruz, ezer ez.
Gaztelania, Frantsesa eta Euskara hizkuntzatzat joko bagenitu, hirurak maila eta kontzeptu berean (huraxe litzateke normalizazio bidea), hiru hizkuntzen egoeraz gogoeta egin beharko genuke, eta ez soilik Euskararenaz.
Euskara gu geu, eta ez besterik, ez garen bitartean, jai dugu. Aukerakoa izanen da, eskubidea, sustatu beharreko zerbait, baina aldizka sustatu gabe gera daitekeena. Auziak asko, ez da bakarra. Nork oratu behar dion afera honi? Zer esango dut bada? Niretzat Euskara gu garela aldarrikazten dudan unetik aitzina…
Alabaina, berriro diot, soilik horrela “biluzten” garenean konturatuko gara gu gabe, hiztunik gabe, Euskara, esan bezala, gramatika eta hiztegia, bi liburu besterik ez dela. Eta soilik “biluzik” gaudenean, administrazioek GU kontuan hartu beharko gaituzte, eta ez aukerako izan daitekeen jakintza huts bat, eskubide baino gehiago, gu geu garelako Euskara jendea.
Administrazioek ez gaituzte kontuan hartuko, horretaz ziur naiz, baldin eta geuk aurretik ez badugu herri-ekimen nabarmen bat jartzen abian.
Zein izan daiteke ekimen hori? Eragin bueltak buruari.
Josu, iruzkin labur horretan galdera handi samarra egin duzu…
Eta nire erantzuna bat-batekoa izanen da, baina, nire ikuspegitik, Euskara taldeetatik sortu behar zukeena da ekimen hori. Euskara taldeak ugaritu ziren udaberriko loreak bezalatsu, baina erabat zimelduta daude.
Ekimena… iruditzen zait Euskara taldeek quasi-administrazio paralelo bat sortu beharko zuketela, eta Administrazioek euskalduntzat kontuan hartzen ez gaituzten bitartean, halako egitura zibil bat, erreibindikatiboa ez baizik eta praktikoa, egunerokoan euskaldunon lagungarri eta norberaren hizkuntza-adskripzioa gauzatuko lukeena.
Josu eta Mikel, nik uste zintzotasuna mintzo dela zuen bien ahoetarik. Gure kasuan hobe ginuke prudentak egotea eta ez dugu konfiantxa arrazoinatua baizik eman behar administrazioei oraikoei eta gerokoei. Hauek, definizioz, boterean egoteko, beti kontuan hartu behar dute azaren eta ahuntzaren interesak eta desirak batera.
Egin litezkeen gauza batzuk era nahastu xamarrean, ea zeozer atera daitekeen hortik.
Nik uste dut lan asko dagoela egiteko, administrazioak egingo ez duena, elite politikoarentzat euskara traba delako.
Euskara taldeena ideia ona da, baina nire ustez lehenik egon behar da jarduteko planteamendu zehatz eta garbia, eurek, eta beste organismo batzuk, modu eraginkorrean lana egiteko, baina beharrezkoa da euskal gizarte zibila mobilizatzea euskararen inguruan. Deigarria da mobilizatzeko dagoen gaitasuna, eta euskararen aldeko mobilizazioa ahultzen dela. Alderdi politikoen kontrolpean, desaktibatuta dago, edo fagotizatuta-
Helburuak:
Politikoei exijitu behar zaie legedi eraginkorra, eta kanpotik kontrolatu behar da legedi horren aplikazioa.
Euskara lege bat, helburu garbiekin, definituekin, erabilira legedia eta hezkuntza legedia.
Erabilera legea: Euskararen erabilera sustatzeko hartu diren neurri eraginkor bakarrak, eta legeak, izan dira euskalduna administrazioarekin dituen hartu emanei zuzenduta, eta hor ere gaizki eginda. Eguneroko bizitzari begira ez da ezer egin, itxurakeria baino. Erabilera legeak inplikatu behar ditu gremioak, ostalaritza, merkataritza ganberak, kolegio profesionalak, sindikatuak, mugimendu sozialak, eskoletan guraso erakundeak, auzo taldeak, elkarteak… Auzolan erraldoia bihurtu beharko litzateke. Denen ardura izan behar da euskara bultzatzea, bakoitza bere sektorean, sektore ezberdinek euren plangintza izan behar dute, euskalduntzeko eta erabilera sustatzeko. Gure hiriburuetan ez dago ia tabernarik euren menuak, pintxo eskaintzak, euskaraz dituenik.
Komunikabideak derrigortu behar dira orrialdeen edo programazioaren %horrenbeste euskaraz eskaintzera diru laguntzarik gabe.
Ez litzaioke diru laguntzarik eman behar inolako eragile soziali, ez badu bere euskara plangintza aurkezten, ezagupena, erabilera, komunikazioa, kontratatutako langileak kontuan izango dituena.
HEZKUNTZA
Hezkuntzan garbi dago ezagupena eta erabilera sustatu behar dela
Ezagupena bermatu behar da, eta mobilizatu behar da hezkuntza legean euskarari dagokion lekua emateko.
Erabilera landu behar da, klase orduetan eta ordutatik kanpo.
Erabilera plangintzak egin behar dira ikastetxeko, eta neurtu erabilera; erabilera guneak, erabilera jarduerak… ez da ezer egiten.
Hor ere egitura burokratiko astuna eta antzua dago. Berritzeguneak euskararako traba modura jokatu dute askotan. Ikastetxeetan badira liberazio orduak “euskara normalizatzeko” ezertarako balio ez dutenak, ezagutu dudanagatik.
Ondokoa proposatzen nuen hezkuntza sistemarako hainbat neurrien artean:
Kanpoko jarraipen independentea ezarriko da euskararen ezagupenari buruz. Sortu behar da organismo independente bat, euskararen ezagupenean lorpenen eta hutsuneen jarraipena egingo duena, ikastetxeetako datuak eskura izango dituena. Erakunde horrek ikastetxez ikastetxeko jarraipena egiteko ardura izango du. Euskararen ezagupenean helburua ez betetzeko arriskua dagoenean, edo betetzen ez denean, jarraitu beharrekoak izango diren zuzenketak emango ditu dagokion ikastetxerako, euskararen presentzia indartuz eta jarraipen estua eginaz. Organismo horretan parte hartuko dute euskararekin konprometitutako hainbat erakunde edo herritar entzutetsuk. Organismo horretan ezingo dute parte hartu hezkuntzan interes gurutzatuak dituzten eragileek, hala nola berritzeguneek, sindikatuek, administrazioko ordezkariek edo alderdi politikoek. Kontuan izanda parte interesatua direla, ezin dira ebaluatzaile eta proposatzaile inpartzialak izan. Organismo horrek beharrezkoa den hornikuntza ekonomikoa izango du bere lana egiteko.
Guztiz bat nathor Xabier Arreguiren adiarazpen hauequin. Aspaldi aspalditic ez nuen ençuten/iracurcen holaco gauça ceharo berritzaileric eta intelligentic.
Anhitz esquer!
Xabierrek bota dituenak kontutan hartzeko modukoak dira, jakina. Gainera, ideia eta proposamen faltan gaude aspaldi. Hain zuzen, sarritan errepikatzen den “erakargarritasuna”, hizkuntzarena, euskaldunona, euskal kulturarena baino, egiten diren proposamenena behar luke… Alegia, norabide bat eta eginkizun erakargarria behar dugu, baina ez unekoa, baizik eta bihar-etzirako, etorkizunerako. Nork bere tokian aurrera begirako zeregin eta betekizun asebetegarria ikusi behar du, hizkuntza komunitatearen bizitza zabaltzeko eta areagotzeko lanetan parte hartuko badu.
Alabaina, eta alorrez alor egin daitezkeen proposamenen gainetik, uste dut erabaki kolektiboa falta zaigula. Motibazioa bai, baina deliberamendu kolektiboa da falta zaiguna… Izan dira azken hamarkadetako historian ekimenak, edonolakoak, ofizialak, mobilizatze kanpainak, ikastekoak, irakaskuntzakoak… baina ez dut ikusi engaiamendu orokor eta orohartzaile bat Europako hizkuntza hau komunitate bizi batean gorpuzteko, ordezkapen dinamika itzularazteko, mende batzutako desagerpen bilakaerari aurka egin eta kontrako norabidean ibiltzen hasteko. Baita munduko beste herriekin solastatzeko eta elkarren eredu bilakatzeko…
Txepetxek aldarrikatzen duen haustura tentsioa… ez baikara une horretara iritsi. Alferrik baita herri, estamentu, erakunde, giza multzo zehatz baina murritz batean horretara iristea; erabaki kolektiboa behar luke, eta konbentzimendu osoz hartzekoa. Pentsa, Nafarroako Erresuma euskaldunon erresuma oso baten gisa sortu bazen bere garaian, zenbateko erabakia hartu beharko genukeen orain , XXI. mendeko Europan, berriro ere komunitate linguistiko (politiko) bat berrosatzeko…
Hori guztia administrazioek ez dute eginen, eta eginen balute, alferrik, populuak bere egiten ez badu. Horregatik, uste dut Euskara Taldeen bultzada garrantzitsua dela. Baina, halaberean uste dut Euskara Talde horien norabidea ez dela inoiz argi definitu. Eta hemen kutsu politikoagatik, hor ahuldade logistikoagatik, eta han ideia faltagatik, taldeak elikagai faltan desagertuz joan dira.
https://www.plataforma-llengua.cat/
Zergatik da ezinezkoa gurean?
https://www.plataforma-llengua.cat/
Zergatik da ezinezkoa gurean? Interes politikoak badaude, behintzat, halakorik ez izateko.