Gure hezkuntza sistemaren etorkizunari begira
Gure hezkuntza sistemaren etorkizunari begira –
Urteak dira STEILASetik gure Hezkuntza sisteman egiturazkoak diren arazoak salatzen gatozela. Behin eta berriro esan dugu egun dugun sistema publiko-pribatu duala gure gizartearen estratifikaziorako eta segregaziorako tresna bat dela. Baina ez gara soilik gu izan Euskal Hezkuntza sistemetan dagoen eskola-segregazio honen berri eman dugunok, erakunde ezberdinetatik (EHU, Save The Children, Pisa, Euskadiko Eskola Kontseilukoa txostenek…) ere nabarmendu izan baita behin baino gehiagotan. Errealitate hau ukaezina da eta ondorioak nabarmenak dira, auzoz auzo eta herriz herri sarritan modu gatazkatsuan bizi direnak.
Irailean, ikastetxeetan ikasturte hasiera zailtasun askorekin hasi zen, gehienak Sailaren berrantolaketa eta hanka sartze ugarien ondorio. Horretaz gain, Negoziazio kolektiboa etenda dago sektore guztietan eta honek ondorio latzak izango ditu ikastetxeen etorkizun hurbilean. Baina bere ardura diren gai hauei jaramonik ez eta dirudienez premiazkoak ziren beste gaien inguruan egin zituen adierazpenak Hezkuntza Sailak.
Lehendakariak berak jakinarazi zuen 2022rako hezkuntza itun bat duela helburu eta horretarako bidelaguna topatu omen du, EHBilduk ere momentu berean Hezkuntza Akordioaren beharra baieztatu baitzuen aurkeztutako hezkuntzarako proposamenean. Bitxia bada ere, lehendakariaren hitzetan 2022an iritsiko dira akordiora, nahiz eta printzipioz gogoeta prozesua oraindik ez den abiarazi. Edonola, komunikabideen bitartez balizko akordio honen oinarriak izango direnaren hainbat zertzelada eman dituzte biek: deszentralizazioa, udalaren garrantzia, ikastetxeen autonomia eta bi sareen egungo titulartasunak (publiko eta pribatua) bere horretan mantentzea.
Gauzak horrela, STEILASetik oso arduratuta gaude, ez baitugu uste neurri horiek egun dugun egoera konpontzeko balioko dutenik, baizik eta ditugun arazoak betikotzeko eta arautzeko. Hezkuntza sistema egun dugun merkatu logiketatik aldentzen ez bada, ulergaitza da deszentralizazioan sakondu nahi izatea autonomiaren aitzakiarekin. Gaurko hezkuntza sistema dualaren status quoa iraultzen ez den bitartean deszentralizazioak desarautzea ekarriko du etorkizunean, eta horixe da hain zuzen ere, egun dugun arazo larrienetako bat; berdintasun eza bi hezkuntza sareen egiteko moduetan, ikasleen onarpen prozesuetan, ratioetan, azpiegituretan, eskaintzen diren hezkuntza zerbitzuetan, etab.
Hezkuntza zentroek gizartearekiko dituzten betebeharren eta eskaintzaren desberdintasun horiek ikastetxeen arteko hierarkizazioa sortzen dute eta horrek isla du euskal gizartean, esan bezala, modu gatazkatsuan bizi delarik bai jendartean baita komunikabideetan ere. Baina gatazkatik haratago konponbideak behar ditugu. Argi dago egun dugun hezkuntza sistema gizartean ongi errotuta dauden desberdintasun sozialak birsortzen dituela, eta hori konpondu nahi badugu denbora beharko dugu, ezin da hamarkada askoren erabaki politikoen ondorio den egoera egun batetik bestera konpondu. Beraz, lehendakariak NOIZ esan badu ere guri NOLA interesatzen zaigu.
Gure hezkuntzaren etorkizuna baldintzatuko duen akordio baterako bideari ekin behar badiogu, lehenik eta behin prozesu hori benetan parte hartzailea izan beharko da, eta alderdi politikoetatik haratago hezkuntza komunitatea ere barne izan beharko du. Prozesua presa eta interes politikoetatik aldendu beharko da parte-hartzea eta etekina erreala izan daitezen. Eta gaurko gatazka konpondu nahi badugu, dugun hezkuntza sistema publiko- pribatuarekin amaitu beharko da, hau da, ituntze politika unibertsalarekin amaitu beharko da.
STEILASetik argi dugu hezkuntza gizarte kohesiorako tresna izan dadin sare bakarrerantz abiatu behar dugula, zerbitzu publikorantz alegia. Beraz, urte luzez aldarrikatu dugun publifikazio progresibo baten aldeko apustua berresten dugu gaur hemen, eta hezkuntza komunitateari baita alderdi politikoei dei egiten diegu gurekin lan egin dezaten bide horretan.
Gure hezkuntza sistemaren etorkizunari begira